Talde nagusietan bakarrak izan du ligako jardunaldia

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 23a, 20:34
Laskorain taldeak ezin izan du ligako bere bigarren partida jokatu asteburu honetan.

Kirol talde nagusiak ahal duten moduan egiten ari dira aurre ezohiko denboraldiari. Asteburu honetan bost taldek zituzten ligako jardunaldiko partidak, baina bakarrak jokatu ahal izan du.

Tolosa CF-ko Hirugarren Mailako futbol taldea izan da hori. Somorrostroren aurka bere bigarren garaipena lortu du, 0-2koarekin. Taldeak sei jardunaldietatik bost jokatu ditu, eta sailkapeneko laugarren postuan dago, zortzi punturekin. Bi partida irabazi, bi berdindu eta bat galdu ditu.

Futbolarekin jarraituz, Tolosa CF-ko 1. Maila Nazionaleko taldeak ezin izan du jokatu asteburuan laugarren jardunaldiko partida. Aurreko astean jokalari batek eta ordezkari batek positibo eman zuten COVID-19aren testetan, eta talde guztia konfinatuta egon da. Beraz, Bizkerreren aurkako partida igande honetan jokatuko dute. Aurreko hiru partidak jokatu ahal izan dituzte, eta oraingoz puntu bakarra dute, partida bat berdindu eta beste biak galdu ondoren.

Areto futbolari dagokionez, Bigarren B Mailako bi taldeek ezin izan dute asteburuan partidarik jokatu. Lauburu Ibarrarentzat ez da samurra izan: aurreko astean aukera izan zuten lehenbiziko aldiz taldekide nafarrek entrenamenduetan parte hartzeko eta asteburu honetan lehen partida jokatzeko gogoz zegoen taldea. Baina antigeno testetan zalantzazko emaitza eman zuen jokalari batek, eta gero PCR testean positibo eman zuenez, bertan behera geratu zen partida. Laugarren jardunaldia izan da asteburukoa eta ibartarrek ez dute oraindik partidarik jokatu.

Laskorain taldekoak jokatzekoak ziren beren bigarren partida, Otxartabe taldearen etxean. Talde bizkaitarraren jokalari batek PCR testa egina zuen eta zain zeuden emaitza jakiteko, baina hori baino lehen Espainiako Federazioak bertan behera utzi zuen partida, inongo azalpenik eman gabe. Laskorainek oraingoz partida bakarra jokatu du eta hori galdu egin zuen.

Saskibaloian oraindik ez da berriro martxan jarri liga, ez gizonezkoen lehen mailan, ezta emakumezkoen senior mailan ere. Aste honetan jakingo dute TAKEko bi lehen taldeek datorren asteburuan hasiko diren berriro ere ligarekin. Bien bitartean, gizonekoen taldeak, Redline Mekanika TAKEk, asteburuan atzeratutako partida bat jokatu zuen Getxoren aurka. 65-58 galdu zuen, eta orain bere balantzea bi partida irabazi eta bat galdutakoa da. Emakumezkoen TAKE taldeak hiru partida ditu jokatuta, bat irabazi eta bi galduz.

Eskubaloian, Tolosa CF-k ezin izan zuen jokatu asteburuan, aurkari zuten Barakaldoko taldean positiboak izan zirelako. Oraingoz bost partida jokatu dituzte tolosarrek, eta horietatik hiru irabazi eta bi galdu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!