Pezetak bilduko dituzte  dementzia dutenei laguntzeko

Ataria 2020ko azaroaren 20a

Buru Bihotz elkarteak Dementzia Bizitzen proiektua diseinatu du dementzia duten pertsonen autonomia eta integrazioa garatzen laguntzeko, baita zaintzaile diren senitartekoak babesteko ere. Baina aurten ezingo dute martxan jarri, nahiko dirurik ez dutelako.

Hori dela eta, pezetak biltzeko kanpaina bat abiarazi dute. «Pentsatu dugu pezetek balioa galdu baino lehen, pezeta horiei aukera eman diezaiekegula elkartasuna lantzeko», esan dute elkarteko kideek. 

Pezetak abenduaren 27a bitarte utzi daitezke Tolosako Kopybat, Shuyana, Soronea eta Berezi dendetan, La Huerta eta Eko Tolosa fruta dendetan, Goikoetxea estankoan; Alegiako Maritxu janari dendan; Ibarrako Coviran eta To pa Ti dendetan; eta Vilalbonako Musturinea harategian.

Buru Bihotz elkarteak gogoratu du Tolosaldean 650 bat familiak egiten dituztela zaintzaile lanak eta laguntza behar dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!