Altuna III.a finalerdietarako sailkatu da, Ezkurdiari partida gogor batean irabazita

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 16a, 09:21
Jokin Altuna, artxiboko irudi batean. ASPE

Promozio mailako buruz burukoan, Urretabizkaia II.enak ezin izan du Egiguren V.a gailendu.

Goi mailako partida jokatu zuten, atzo, Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak Eibarko Astelena frontoian. Txapela janzteko faboritoen artean zeuden bi pilotariak, eta kantxan erakutsi zuten horren arrazoia. Azkenean huts gutxien egin zuenak irabazi zuen: 18-22 gailendu zen Altuna.

Amezketarrak partida "ona baino gehiago gogorra" izan zela azaldu zuen ETBn egindako adierazpenetan: "Hasiera ikaragarri gogorra izan da. Zazpina jarri gara eta biok nekatuta geunden. Horregatik uste dut tanto batzuk ez ditugula ondo jokatu. Biok erritmoa jarri nahi genuen, eta oso erritmo eroan jokatzen aritu gara". Sakean ez zuela asmatu gaineratu zuen Altunak, eta piloteoan bere burua freskoago ikusten zuela. "Aurrean ez nuen asmatzen, baina horrelako erritmoan hasten zarenean pilotan zaila da hauspoa eta burua biak batera joatea, eta nik uste dut egin ditugun akatsak horregatik izan direla". Ezkurdiari irabaztea "handia" dela esan zuen amezketarrak: "Azken Lau eta Erdiko bi finaletan ezin izan dut irabazi, eta ederki dakit Josebari irabaztea beti oso zaila dela. Batzuetan bera hobetoxeago eta bestetan ni aritzen naiz, baina beti borrokatu egiten ditugu. Partidak ez dira behin ere erraz joaten, eta gaurkoa ere horrela izan da".

Finalerdietan Darioren aurka jokatuko du, errioxarrak egungo txapelduna, Irribarria, kanporatu ostean. "Merezimendu guztiz dago hor Dario, asko jokatzen ari da pilotan", esan du Altunak. "Poz handia ematen dit, benetan asko merezi duen pilotaria baita. Txikitatik batera ibili gara, lagun handia da, eta poza ematen dit. Beti egoten da laguntzako, ni saiatzen naiz berari laguntzen, eta niretzako polita da Darioren aurka finalerdia jokatzea". Partida horretan aurrean gehiago asmatu beharko duela uste du Altunak: "Saketik berak min ikaragarria egiten du, abiadura ikaragarria ematen dio, eta aste honetan prestatzea tokatuko da".

Finalerdietan lau  pilotariak Aspe enpresakoak izango dira: Altunak Dario izango du aurkari, eta Jakak Elezkano II.a.

Promoziokoan ez da finalerdian eskualdekorik izango

Ostiralean Erasunek bere partida galdu ondoren, atzokoan, Beñat Urretabizkaiak 17-22 galdu zuen Egiguren V.aren aurka, Promozioko Buruz Buruko Txapelketan, Eibarko Astelenan jokatutako partidan. Ez da, beraz, eskualdeko ordezkaririk izango finalerdietan. Ez zen batere gustura geratu ikaztegietarra egindako partidarekin, bere jokoa ezin izan zuelako partida osoan erakutsi, eta horrek azkenean norgehaigoka galtzera eraman zuen. Egiguren V.arentzat lehenengo partida izan zen modalitatean, eta buruz burukoarentzat dohainak dituela erakutsi zuen.

Hasiera berdindu batean ostean, Egiguren V.ak alde handia atera zuen, 4-14 jarriz markagailuan, eta bukaeran Urretabizkaia II.ak bere jokoa egiten gehiago asmatu bazuen ere, alde handiegia izan zen markagailuari buelta emateko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!