«Egunean 160 kilo elikagai xahutzen dira, horietako asko, baldintza onetan»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 15a, 07:59

EAE mailan aitzindaria den ikerketa burutu du Onintza Rojas Olazabal donostiarrak. Gutxi barru aurkeztuko ditu eskualdeko hamahiru jantokietan egindako ikerketaren emaitzak, Tolosaldeko Lehen Hezkuntzako eskoletako jantokien egoeraren analisia, xahututako elikagaien estimazioa eta alternatiben azterketa memoria idatziarekin batera.

EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko gradu ikasketez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Ingurugiroaren Agrobiologian Unibertsitate Masterra du Onintza Rojasek (Donostia, 1991). Beti kezkatu izan dio hondakinen kudeaketaren gaiak; hori dela eta, elikagaien xahuketari buruz osatu du Master Amaierako Lana.

Zer dela-eta burutu duzu elikagaien xahuketari buruzko ikerketa eskualdeko eskola-jantokietan?

Unibertsitateko irakasle batek eskuartean proiektu bat zuela esan zidan. Kuantifikazio bat egin nahi zuten jantokietan, eta alternatibak proposatzea nahi zuten. Ni donostiarra naiz izatez, baina askotan ibiltzen nintzen Donostia-Iruñea bidea egiten, aurrera eta atzera. Kokapen aldetik egokia zen niretzat, eta aurretik ere ezagutzen nuen eremua. Tolosak, gainera, aukera handia eskaintzen du horrelako proiektu baterako, urteak direlako zaborren kudeaketan lan egiten ari direla. Hori dela-eta, baldintza ugari betetzen ziren, beste leku batzuetan ematen ez zirenak.

Zer moduzko esperientzia izan da?

COVID-19aren pandemia eta horrek eragindako guztia izan da arazo handiena. Une batetik aurrera zaila izan zen, eskolak itxi zituztelako. Berez praktikoagoa izango zen lana, baina azkenean plano teoriko batera eraman behar izan dugu. Baina, oro har, pozik nago, proiektu baten lehen fasea besterik ez delako, eta orain, ikerketarekin aurrera egiteko aukera dugulako.

Guztira, hamabost ikastetxetako hamahiru jantokitan izan zarete.

Bai, baina ez ziren guk aukeratutakoak izan. Guk gonbita zabaldu genien Lehen Hezkuntzako hemazortzi eskoletako jantokiei, azterketa guztietan egitea zelako helburua. Eurei proposamena bidali ondoren, horietako hamabi izan ziren parte hartu zutenak. Bestea, Lanbide Heziketako eskola-jantokia da. Tolosakoez gain, herri txikietako eskola-jantokiak ere aztertu dira.

Eta zerk harritu zaitu gehien?

Jantoki handiak dituztenek bertan dute sukaldea; eskola txiki gehienetan, berriz, kanpotik ekartzen dute janaria. Asko harritu nau eskola-jantokien eskaintzen diren menuen %85a kanpoko enpresa baten esku dagoela jakiteak. Eskola publikoen kasuan, adibidez, Ausolan enpresa da horietako jantokien arduraduna.

«Egunean 56 anoa botatzen dira zaborretara; beste pertsona batzuk elikatzeko erabili ahalko lirateke»


Zenbateko eragina du kanpoko enpresa baten esku-hartzeak gai honetan?

Elikagaiak kanpotik ekartzen dituzten enpresek lehenetsita izaten dituzte otorduetako anoak. Nabarmentzekoa da eskola gehienak geroz eta jan gutxiago eskatzen dietela, bataz beste, izango duten jankide kopurua baino bizpahiru anoa gutxiago. Hala ere, oso zaila da, esaterako, bizpahiru azkenburuko gutxiago ere iristen zaizkielako. Hori dela eta, interesgarria iruditzen zaigu kuantifikazioak egitea, bertan sukaldea duten jangelen eta jana kanpotik ekartzen dutenen artean ezberdintasun handiak dauden ala ez ikusteko. Egindako beste ikerketa batzuen arabera, badirudi sukaldea bertan duten jangelek aukera handiagoa eskaintzen dutela, zerbaitetan eskas geratuz gero, bertan duzulako. Horrez gain, kontuan izan behar da sukaldeko langileek urteetan lortutako esperientzia. Oso ondo ezagutzen dituzte haurrak, eta gutxi gorabehera badakite elikagai bakoitzetik zenbat anoa zerbitzatu behar dituzten.

Urtean, 27 tona elikagai doaz galbidera. Zein irakurketa egiten duzue?

Guk estimazioak egin ditugu. Une honetan, eskola-jantokietan dituzten baldintzak ez dira ohikoak, bertako edukiera normalean baino baxuagoa delako. Hori dela-eta, behin martxan jartzen zirenean kuantifikazioak egitea zen gure asmoa, datu zehatzak eskuartean eduki ahal izateko. Kontuan izan behar da hamahiru jantokietan xahutzen direla 27 tona, hau da, jantoki gehiago aztertuz gero, zifrak handiagoak lirateke. Eskola-jantokiez gain, zahar-etxeak edo bestelako zentroak ere aztertuz gero, janari kantitate oso handiez ariko ginateke hizketan.

Egunean, 160 kilo xahutzen dira jantoki hauetan; horietatik hamalau kilo, plateretan geratzen direnak dira. Hain justu, jaki horiek interes berezia dute guretzat. Pentsa, gizaki heldu bakoitzak gutxi gorabehera 250-300 gramo jaten ditu otorduko. Hortaz, gutxi gorabehera 56 anoa botatzen dira zaborretara egunero. Modu egoki batean kudeatuz gero, beste pertsona batzuk elikatzeko erabili ahal izango lirateke, oraindik ere baldintza onetan daudelako.

«Ikasle askok, xahutzen diren elikagaiekin zer egin daitekeen aztertu dute, alternatibak bilatuz»


Ondorioz, larritasun bat dugu, hondakinen kudeaketarekin ingurumen arazo handi bat izateaz gain, zaborretara joaten diren elikagaiak ekoizteko bitarteko ugari xahutzen ari gara. Azken finean, ez gara ohartzen gugandik oso gertu, jateko iristen ez zaion jendea bizi dela. Etikoki eta moralki ere, arazo handia dakar honek guztiak.

Hala ere, ikastetxe guztiek erakutsi dute xahututako elikagaien inguruko ardura, ezta?

Oso berri pozgarria da hori. Bereizita jasotzen dituzte hondakinak, eta hori ez da ikastetxe guztietako jantokietan ikusten. Ikasle askok, gainera, zaborretara joaten diren elikagaiekin zer egin daitekeen aztertu dute. Oro har, ia denek zuten gogoa alternatibak bilatu eta gaia behar bezala lantzeko.

Eta zer egin beharko lukete orain?

Bereziki garrantzia handia dute sukaldeak jantokian bertan dituzten ikastetxeek, langileria finkoa dutelako, eta horiek ere izugarri lagundu dezaketelako. Hornikuntzari dagokionez, frekuentzia jaitsi beharko litzake, eta inguruko hornitzaileekin lan egin. Azkenik, ikasleekin sentsibilizazio-kanpainak egin behar dira, kontzientzia gehiago pizteko.


Zuek zenbait alternatiba ere proposatzen dituzue ikerketan, ezta?

Legezko azterketa bat egin dugu, xahututako elikagaiak modu ezberdinetan aprobetxatu ahal izateko, betiere, prebentzio-neurriak lehenetsiz. Izan ere, ahal den neurrian, soberan elikagairik geratu ez dadin saiatu behar gara. Konpostajearen aukera bideragarria izan daiteke ikastetxe askorentzat; horrek eskoletatik xahututako kilo bakar bat bera ere ez ateratzeko aukera emango luke. Bestetik, xahututako janariaren zati handi bat giza-elikadurarako edo animalienerako ere erabili daiteke. Noainen, adibidez, oilategi-konpostagailu bat dute. Oso aukera interesgarria iruditzen zait. Hala ere, deigarria iruditu zait aukera horietarako dagoen muga- eta traba-legal kopurua, oso handia baita. Hortaz, zaila da, baina ez ezinezkoa.

Erlazionatuak

Alferrik galdutako bazka

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 aza 15 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!