Alferrik galdutako bazka

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 15a, 07:58
Eskualdeko ikastetxe bateko jangela. O. ROJAS

Urtean, 27 tona elikagai xahutzen dira eskualdeko hamabost ikastetxetako hamahiru jangeletan; hori da hondakin organikoaren kudeaketari buruzko ikerketaren ondorioetako bat. Problematika horren inguruko analisi sakona egin dute Tolosaldea Garatzenek sustatutako proiektuan.

Badira urte batzuk eskualdeko Ekonomia Zirkularrerako bideari ekin ziola Tolosaldeak. Horren adierazle dira 2018an martxan jarritako Tolosaldea Saretzen 2018-2025 Plan Estrategikoa eta 2019an argitaratutako Ekonomia Zirkularreko Liburu Txuria. Azken honetan, eskualdean ekonomia zirkularraren eredua ezartzeko sei helburu estrategiko ezartzen dira, eta horien artean bigarrenak, hondakinen sorrera murrizteaz diharduenak, elikagaien xahuketa murrizteko ekintza-plana garatzea ezartzen du.

Helburu horiei jarraituz, Tolosaldea Garatzen garapen agentziak eskualdeko Lehen Hezkuntzako eskoletako jantokietan gertatzen den elikagaien xahuketaren diagnostiko bat egiteko ikerketa-proiektu bat jarri zuen martxan, iaz. Ikerketa aurrera eramateko, hondakinen kudeaketan espezializatutako Luar Ingurumena Ingurumen Aholkularitza enpresa kontratatu zuen eskualdeko garapen agentziak, eta bi eragileek elkarlanean egindako lanaren emaitza modura, gutxi barru argitaratuko den Tolosaldeko Lehen Hezkuntzako eskoletako jantokien egoeraren analisia, xahututako elikagaien estimazioa eta alternatiben azterketamemoria idatzia garatu da.

Elikagaien xahuketa murriztu eta hobeto  kudeatzeko eman daitezkeen pausoen  oinarriak ezartzen ditu lanak


Onintza Rojas donostiarrak burutu du ikerketa. Euskal Herriko Unibertsitatean Biokimika eta Biologia Molekularreko ikasketak burutu zituen, eta Ingurugiroaren Agrobiologian Unibertsitate Masterra du, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hain justu, master amaierako lana osatu du eskualdean egindako ikerketatik abiatuz.

Hondakin organikoaren kudeaketa aztertu eta hondakinak gutxitzeko helburuarekin, protokoloak landu dira Tolosaldeko Lehen Hezkuntzako hamabost ikastetxetako hamahiru jangeletan. «Elikagaien xahuketaren problematikaren inguruko analisi sakona egiten du lan honek, eta etorkizunean eskualdeko eskoletako jantokietan elikagaien xahuketa murrizteko eta hobeto kudeatzeko eman daitezkeen pausoen oinarriak ezartzen ditu», diote aholkularitza enpresatik.


Hori dela eta, azterketa hau Tolosaldea Saretzen 2018-2025 Plan Estrategikoaren ondorioa da. «Ekonomia Zirkularraren eredua ezartzea da eskualdeko estrategia horren zutabeetako bat, eta zentzu horretan, elikagaien xahuketa murriztea da finkatutako helburuetako bat», aipatzen du Tolosaldea Garatzen agentziak. Eskualdeko garapen agentziak abiatutako proiektu hau, beraz, beste urrats bat da helburu horiek betetzeko bidean.

Ikasleko 73 gramo, otordu bakoitzean

Ikerketa honetan aztertutako eskualdeko hamahiru eskola-jantokietan, urtean, 369.252 otordu ematen dira guztira. Hauetatik gehiengoa (%81) tokian bertan prestatzen da, nahiz eta %85ean euren prestaketa kanpoko enpresa baten esku dagoen (adibidez, Ausolan enpresa da eskualdeko eskoletako jantokien %81aren arduraduna).


Egindako estimazioen arabera, urtean, 27 tona inguru xahutzen dira jangela horietan. Xahuketa horren erdia baino gehiago (16,2 tona) platerean gertatzen da; biltegian eta sukalde-lermen ondorioz, berriz, 8,4 tona xahutzen dira; azkenik, erretiluetan 2,3 tona xahutzen dira urtean. Ikasturte osoan ematen den otordu kopurua kontuan izanda, horietako bakoitzean, 73 gramo galtzen dira ikasleko. Halaber, ikerketak ondorioztatu duenez, aztertutako jantokien %100ak erakutsi du xahututako elikagaien gaiaren inguruko ardura, eta askok dagoeneko gutxitzeko neurriak aplikatzen dituzte. «Azpimarratzekoa da xahututako elikagaien gaiaren inguruan erakutsitako ardura».

Murrizketa hori areagotzeko, prebentziozko zenbait neurri ere mahai-gaineratzen ditu azterketak, gehienak, ikasleek janariarekiko duten harrera hobetzera edo jangelako kudeaketan aurreikuspenak hobetzera bideratuak. «Janaria tokian bertan prestatzea eta horretan diharduen langileriaren esperientzia ere lagungarri dira zentzu horretan, eta jantoki askotan dagoeneko aplikatu dituzte neurriak», diote ingurumen aholkularitza enpresatik.

Ikastetxeetako jantokiak interes bereziko gune direla diote, batez ere, «elikagaien xahuketa murrizteko planak garatzerako orduan. Batetik, asko dira egunero jantoki hauetan zerbitzatzen diren otorduak, eta bestetik, plan hauek helburu pedagogiko bat ere eduki dezakete, xahuketan kontzientziatuago egongo den gizarte baterako hazia ereinez».

Konpostajea aurkezten da  aztertutako  jantoki guztietan bideragarria  litzatekeen  alternatiba gisa


Alternatibak aurrera eraman nahian

Lege-esparruan ez dago xahututako elikagaien hierarkia baten inguruko orientazio espezifikorik; beraz, ez dago hauen kudeaketa hierarkiaren arabera hobetsitako neurriak lehenetsiz egitera behartzen duen araurik. Dena den, Garapen Jasangarrirako 2030 agendaren barruko 12.3 helburuak, 2030erako gutxikako salmentan eta kontsumitzaile mailan, biztanleko gertatzen den elikagaien xahuketa erdira murriztu behar dela ezartzen du, eta ondorioz, elikagaien xahuketa murrizteko neurriak hartzea nahitaezko egiteko bihurtu da Europako estatukide guztientzat.


Aholkularitza enpresatik aitortzen dutenez, xahututako elikagaien hierarkiari jarraituz, murrizketa neurriak dira hartu beharreko lehenak, eta, gero, kudeaketa-estrategien barnean, elikagaiak giza-elikadurara bideratzea hobesten da, ondorengoak animalien elikadura eta konpostajea izanik, hurrenez hurren. Hain zuzen, azken hori da aztertutako eskola guztietan bideragarria litzatekeen alternatiba gisa aurkezten dena. «Prebentzio neurriak aplikatu ondoren, hala ere, hierarkiak ezarritako lehentasun ordena argia den arren, praktikan erabakia ez da hain erraza, eta tokian tokiko errealitatearen, araudiaren, beharren nahiz baliabideen arabera aukeratu beharko da kudeaketa-estrategia».

Zentzu honetan, ikuspuntu legal eta administratibotik xahututako elikagaiak giza-elikadurara eta animalien elikadurara bideratzeak erronka handiago bat suposatzen du gaur egun. «Administrazio publikoa kudeaketa-estrategia hobetsiei ezartzen dizkieten traben jakitun da, eta datozen urteetan legedian euren praktika erraztuko duten aldaketak egingo direla dirudi. Xahuketa murrizteko proposatzen diren alternatibek baldintza guztiak betetzen dituzte, eta posible da aurrera eramatea».

Ondorioz, aholkularitza enpresak argi utzi nahi du proposatutako alternatiba horiek egingarriak direla, eta gainera, sortzen dituzten onurak konpostajeak sortzen dituenak baino handiagoak direla. «Murrizketa eta kudeaketa estrategiak modu egokian aplikatuz gero, aukerak daude eskualdeko ikastetxeetako jangeletan xahututako elikagaien kopurua esanguratsuki murrizteko, baita kilo bat bera ere ez ateratzeko».

Etorkizunera begirako erronkak

Tolosaldea Garatzen garapen agentziatik diotenez, ikerketa hau eskualdeko eskola-jantokietako elikagaien xahuketaren problematikari aurre egiteko emandako lehen pausoa besterik ez da izan, planteamendu zabalago baten barruan kokatzen dena. «Lehen pauso honek, jantokien egoeraren diagnostikoa egitea izan du helburu, xahuketaren kuantifikazioei eta alternatiben azterketa legalari esker, ondoren aplikatu ahal izango diren eskolen errealitatera egokitutako alternatibak sortzeko».

Hala ere, eta COVID-19ak eragindako krisiaren eraginez, ezinezkoa izan da kuantifikazioak egitea. «Estimazioak baliagarriak izan diren arren, etorkizunera begira, horiek burutzea izango da lehen erronka». Azpimarratzen dutenez, ikerketan proposatutako alternatibak eskola bakoitzaren errealitatera are gehiago egokitzea baimenduko dute kuantifikazioek.

Egoerak baimentzean, bigarren faseari ekingo zaio, eta bi eskoletan martxan  jarriko da neurriak aplikatzeko proiektu-pilotua


Horrez gain, eskualdeko jantokietan gertatutako xahuketaren datu zehatzak edukitzea ahalbidetuko dutela diote, aztertutako aldagai ezberdinen arteko harremana aztertzea baimenduz. «Bereziki interesgarria litzateke janariaren prestaketa ereduaren eta xahututako elikagai kopuruaren eta honen jatorriaren artean erlaziorik badagoen aztertzea, bai eta xahutzen den elikagai kopuruan eragina daukaten beste faktore batzuk identifikatzea ere».

Osasun krisiak planak aldatu baditu ere, egoerak baimentzen duenean, bigarren fase bati ekingo zaio. Gauzak horrela, neurrien aplikaziorako proiektu-pilotua martxan jartzea adostu da horretarako prestutasuna adierazi duten bi eskoletako jantokietan. «Bigarren zatian, proposatutako neurrien egokitasuna balioan jarri ahalko da, gainerako eskoletarako protokolo errazak sortu eta teorikoki aztertutako muga legalak praktikan nola islatzen diren ikustearekin batera», azaltzen dute Luar Ingurumenatik.

Amaitzeko, jantokian xahututako elikagaien zenbaketaren ostean, bigarren kuantifikazio baten bidez balioan jarriko dira hartutako neurriak. Honek, aldi berean, beste neurri batzuk hartzea ekarriko du, eta behin eta berriz errepikatuko da prozesua, xahuketaren ia %100a saihestea baita helburua.

ERDIA BAINO GEHIAGO, PLATEREAN

Xahututako elikagaiak. Aztertutako eskualdeko hamahiru ikastetxeetako jangeletan egiten den elikagaien xahuketaren erdia baino gehiago (16,2 tona) platerean gertatzen da; biltegian eta sukalde-lermen ondorioz, berriz, 8,4 tona xahutzen dira; azkenik, erretiluetan 2,3 tona xahutzen dira urtean. Ikasturte osoan ematen den otordu kopurua kontuan izanda, 73 gramo galtzen dira ikasleko.

369.252

Urteko otordu kopurua. Urtean, 369.252 otordu ematen dira Tolosaldeko hamahiru eskola horietako jangeletan. Horietatik gehiengoa (%81) tokian bertan prestatzen da, nahiz eta %85ean otorduen prestaketa kanpoko enpresa baten esku dagoen (Ausolan enpresa da eskualdeko jangelen %81aren arduraduna). Halaber, jantoki guztiek erakutsi dute xahututako elikagaien gaiaren inguruko ardura.

PROIEKTUAN PARTE HARTU DUTEN 15 IKASTETXEAK

Lizartzako Herri Eskola

Anoetako Herri Ikastola

San Andres Eskola

J.A. Muñagorri Herri Eskola

Irurako Ikastola

Pello Errota Ikastetxea

Pedro M. Otaño LH Ikastetxea

Fraisoro Eskola

Uzturpe Ikastola

Alegiako Herri Eskola HLHI

Aralar BHI Institutua

Herrikide Ikastetxea

Laskorain Ikastola

Felix Samaniego HLHI Ikastetxea

Orixe BHI Institutua

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!