Erasunek Salaberria eta Urretabizkaia II.ak Egiguren V.a izango dituzte aurkari

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 10a, 17:59

Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketa aurkeztu dute gaur. Zortzi pilotarik parte hartuko dute, eta final-laurdenetako partidak asteburu honetan jokatuko dira.

Jon Erasun zizurkildarraz eta Beñat Urretabizkaia ikaztegietarraz gain, ondoko pilotariek hartuko dute parte txapelketan: Aranguren, Arteaga II.a, Elordi, Zabala, Egiguren V.a eta Salaberria. Enpresa bakoitzetik launa pilotari, beraz.

Erasunek ostiralean jokatuko du Salaberriaren aurka, Irunen. Jaialdiko hirugarren partida izango da. Lehenengo partida txapelketako beste partida bat jokatuko da, Arteaga II.a eta Zabala artekoa. Urretabizkaia II.ak igandean izan du Egiguren V.aren aurkako partida, Eibarren. Jaialdiko hirugarren partida izango da.  Larunbatean jokatuko da txapelketako beste partida, Elordi eta Aranguren artekoa.

Finalerdiak hurrengo asteburuan izango dira. Urretabizkaiak bere partida irabaziz gero, Elordi-Aranguren partidako garailearen aurka jokatuko du. Erasunek berea irabaziz gero, Zabala-Arteaga II.a partidako garailea izango du aurkari. Finala azaroaren 28an jokatuko da.

Promozio mailako txapelketak, Buruz Buruko Txapelketa nagusiak aurtengo ediziorako aurkeztu dituen berrikuntzak hartuko ditu bere baitan. Hau da, sakean pasako marra sei eta erdikoan jarriko da. Bestalde, parte hartzaileek botileroak izango dituzte txapelketako partidetan beste enpresako pilotarien aurka jokatzen dutenean. Enpresako teknikariek bakarrik lagundu ahal izango dute botilero moduan. Azkenik, ez da partidarik atzeratuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!