Gutxigatik geratu da Miren Larrarte kanpoan Binakako Mastersean

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 10a, 16:59
Miren Larrarte eta Arrate Bergara, igandeko partida hasi aurretik.

Ane Urkizuk ez zuen parte hartu, gaixorik egon zelako, eta ikusgai dago finalerdietan jokatzeko aukera izango duen.

Ez du izan nahi bezalako hasiera Binakako Laboral Kutxa Master txapelketak eskualdeko bi pilotarientzat. Ane Urkizu berastegiarrak ez zuen bere partida jokatu, gaixo zegoelako, eta ikusgai dago abenduaren 6an jokatuko diren finalerdietan izango den. Miren Larrarte bidaniarrak gutxigatik galdu zuen bere partida, eta lehiaketatik kanpo geratu da.

Hori horrela, finalerdiak Espinar-Agirre eta Ruiz de Infante-Arrillaga bikoteek, eta Arrizabalaga-Gentzane Aldai eta Amaia Aldai-Orbegozo bikoteek jokatuko dituztela zehaztu dute txapelketako antolatzaileek.

Larunbateko jaialdian jokatzekoa zen Ane Urkizu, Olatz Arrizabalagarekin batera bikote eginez. Berastegiarrak ezin izan zuen jokatu, gaixorik zegoelako, eta bere ordez Gentzane Aldaik jokatu zuen. Aldaik ederki lagundu zion maila bikainean ari den Olatz Arrizabalagari, 22-15 irabaziz. Gernikakoa bikain moldatu da pilota mistora, goxoarekin baino askoz min handiagoa egiten du eta oso arriskutsua da. Iera Agirre eta Arrate Bergara saiatu ziren partidari eusten, baino amore eman behar izan zuten. Beste partidan, Patri Espinar eta Naroa Agirrek 22-18 irabazi zieten Andrea Aldaregia eta Olatz Ruiz de Larramendiri, lehia ikusgarri batean. Zirrarak azken unera arte iraun zuen eta azkenerako, Usansoloko aurrelariak material mota guztiekin bikain molda daitekeela erakutsi zuen.

Igandean jokatu ziren final-laurdenetako beste bi partidak. Bigarren partidan aritu zen Miren Larrarte, eta Nora Mendizabal ordezkatu zuen Arrate Bergararekin jokatu zuen norgehiagoka. 22-20 galdu zuten Amaia Aldai eta Orbegozoren aurka. Hauek izugarri sufritu behar izan zuten garaipena eskuratzeko. Are gehiago, partidak amaiera bitxia izan zuen, gorriak 21-16 aurreratu baziren ere, Larrarte eta Bergara markagailua 21ean berdintzeko puntuan izan ziren. Azken tanto horretan, epaileak ontzat eman zuen Amaia Aldaik eraman zuen oso dudako pilota bat eta Dimakoak berak amaitu zuen partida nahasmenaren erdian.

Beste partidan, Gentzane Aldairi bere titular postua defendatzea tokatu zitzaion eta Leire Garai aurrean zuela, ezin izan zuen bezperako maila berdindu. Ainhoa Ruiz de Infantek eta Miriam Arrillagak oso bikote sendoa osatu zuten eta hasiera hasieratik hartu zuten partidako aginte makila (22-8). Ruiz de Infantek min handia egin zuen sakez, denera sei tanto lortuz jokaldi horrekin, gehienak hasieran, eta ondoren Garaik eta Aldaik ez zuten markagailuan atzetik jokatzen jakin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!