Tolosaldeko hiru taldek sinatu dute Kirolgi fundazioarekin hitzarmena

Ataria 2020ko azaroaren 6a

Ogiberri Gipuzkoa emakumezkoen txirrindularitzak, Lauburu gizonezkoen areto futbolak eta Ibarra sokatira taldeak (goma) berretsi dute akordioa Kirolgirekin.

Kirolgi Gipuzkoako kirol-ez profesionala sustatu eta garatu asmo duen fundazioak lurraldeko taldeekin duen konpromisoa berretsi du. Hala, kirol desberdinak jorratzen dituzten 31 talderekin hitzarmena sinatu du, tartean Tolosaldeko hirurekin: Ogiberri Gipuzkoa emakumezkoen txirrindularitza, Lauburu gizonezkoen areto futbola eta Ibarra sokatira taldea (goma). Hitzarmenak 2 milioi euro baino gehiago aurreikusten ditu, eta “horri esker, Gipuzkoako kirol errendimendu handiari eustea lortuko da”.

Harkaitz Millan, Kultura eta Kirol diputatuak esan duenez, “eskola kirolean jatorria duen Gipuzkoako kirol ereduari esker, era seguruan eta jasangarrian hazten ari den talentuaren oinarrizko ibilbidea taxutzea da asmoa”. Horrekin batera, emakumeen kirola indartzea ere beharrezkoa dela esan du. Hain justu, hitzarmena sinatu duten 31 taldeetatik 16 emakumezkoak direla azpimarratu du: “Emakumeen beste belaunaldi batzuei kirolaren munduan bidea irekitzen jarraitzea da helburua, eta kirolaren bidez gizarte bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta askeagoa eraikitzea”.

Bestalde, Millanen hitzetan, “Kirolgik ahalegin guztiak egiten ditu lurraldeko kirol eragile guztiak bilduko dituen kirol komunitatea izateko”. Horregatik, hitzarmen horiek berritzea “ezinbestekoa” dela dio Gipuzkoako kirolaren etorkizunerako, eta are gehiago bizi dugun egoeran.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!