Zuzendariak: Aitor Arregi eta Jon Garaño.
Aktoreak: Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse.
Ikusgai: Netflix plataforman.
Zer da 'Handia' filmaz gehien gustatu zitzaizuena?
E.I.: Eneko Sagardoyk egiten duen pertsonaia, Miguel Joaquin, oso ondo dago interpretatuta nire ustez. Bakardade handia du, nahiz eta jende aurrean egon denbora guztian. Anaiarekin duen erlazioak ere ez dio konpainia gehiegi egiten, hark bizitzeko modu bezala ulertzen baitu anaiaren handitasuna. Joseba Usabiagak interpretatzen duen Martin pertsonaiak badu behintzat familia bat, baina Miguel Joaquin guztiz bakarrik dago, ez du besterik. Tristura transmititzen zidan.
T.I.: Nik baditut asko gustatzen zaizkidan bi eszena: bata, diruarengatik Martin haserretzen dena, eta bestea, elurretan agertzen direna. Argazki oso interesgarria duela iruditzen zait.
E.I.: Hain dago ondo egina! Dena. Zuzendaritza, aktore lana…
T.I.: Merezita dituzte irabazitako Goya sari guztiak. Zenbat irabazi zituzten?
Hamahiru izandapen izanda, hamar Goya sari eskuratu zituzten.
E.I.: Bi anaiez gain, familiak ez du hainbeste pisu pelikulan, baina ez du behar… Iñigo Aranburuk ere oso ondo egiten du.
Nik pelikula ikusi nuen lehen aldian, atentzioa deitu zidan pertsonaia nagusia, Martin, eta pertsonaia protagonista, Miguel Joaquin Handia, ezberdina izateak. Anaiaren ikuspuntutik bidaiatzen du traman zehar ikusleak.
E.I.: Bai, Martin gerratik itzultzean anaia zenbat hazi den ikusten du eta ikusleok berarekin batera harritzen gara.
Kosta egiten zaio baserrira itzultzea.
T.I.: Bai, atzerapauso bat egitea dela iruditzen zaiolako.
Kamerak anaiarekin bidaiatzen du orokorrean, nahiz eta Handiaren pasarte pertsonalak ikusten diren ere.
E.I.: Bai, bi ikuspuntu daude: Martinena eta Miguel Joaquinena. Bazenekien Mariaren pertsonaia egiten duen Aia Kruse aktorea Aizpea Goenagaren alaba dela?
Ez nekien ziur, familiakoak zirenaren susmoak nituen.
E.I.: Eta Barbara Goenaga iloba.
Aia Kruseren pertsonaiak ez du pisu handirik. Esperantzaren sinbolo gisa ageri dela iruditzen zait, hasieran konnotazio positiboa du, baina pixkanaka arazo batean bilakatzen da Martinentzat.
E.I.: Ez du pisu handirik, ez. Lehenengo anaia batekin dabil, eta gero bestearekin. Une batean Handiak Martini zera esaten dio, zeukan guztia berarentzat izan dela, emaztea eta guzti. Mariak ez du Ameriketara joan nahi Martinekin, gustura dago baserrian.
Zer bilatzen du Martinek Ameriketan, diru arazorik ez dutenean?
E.I.: Garai horietan, etxetik irteten zena Amerikara joaten zen. Hainbeste jende joaten zen, hark ere beste bizitza bat izateko aukera ikusten zuela. Aukera ezberdin bat zen, gauza berriak egiteko, beste bizitza bat bizitzeko. Baserriak frustraziora zeraman. Miguel Joaquin horren handia izateak bidaiatzeko aukera ematen dio, baina ez du nahikoa.
T.I.: Miguel Joaquinen tamainaren berezitasunari probetxua ateratzen saiatzen da dirua lortzeko.
E.I.: Gaztea zarenean, daukazunarekin konformatzea zaila da eta hori Martinengan argi ikusten da.
Amerikan bizitza berri bat izatearen esperantzaz gain, badu besoa mugituko zaionaren esperantza ere.
T.I.: Ez dut hori gaur arte pentsatu, baina hala da, bai. Horrelako detaileek ihes egiten didate askotan baina zer pentsa eman dit orain.
Zinemako irteeran, 'Handia' ikusi ondoren, ezagutzen ez nuen ikusle baten iritzia entzun nuen. Oso tristea zela zioen, aurpegi txarra jarriz.
E.I.: Pelikula bat tristea izan daiteke eta oso polita izan aldi berean, noski. Adierazteko beste modu bat da.
T.I.: Nik lasaiago ikusten dut pelikula triste bat pelikula komiko bat baino, oso zaila baita komedia on bat egitea.
E.I.: Zaila da, bai. Tira, dena da zaila. Istorio bat ondo kontatzea ez da batere erraza. Beldurrezko istorio bat ondo azaltzea ere oso zaila da, kutrea den zerbaitetan geratu baitaiteke.
T.I.: Badaude tristeak diren gauza unibertsalak: heriotza, gaixotasunak… aldiz, denentzako barregarria dagoen ezer ez dago. Ez digute barregura gauza berdinek ematen.
E.I.: Hala ere badaude normalean ondo funtzionatzen duten elementu komikoak ere.
Zein da 'Handia'-ren puntu komikoena?
T.I.: Isabel IIak «¿Es tonto?» galdetzen duenean Miguel Joaquini buruz, eta besteak, «No, es vasco» erantzuten dionean.
Zer da erreala eta zer da fikzioa 'Handia'-n?
E.I.: Benetan existitutako pertsona baten inguruan asmatutako istorio bat da. Duela gutxi aurkitu dituzte hezurrak Altzoko hilerrian…
T.I.: Gidoilariek modu horretan imajinatuko zuten bere bizitza.
E.I.: Hori da, eta oso ondo idatzita gainera.
T.I.: Ez zaio ezer falta pelikulari eta ez dago ezer gustatu ez zaidanik.
Bukatzeko, Miguel Joaquinek testamentu eskuzabala uzten du. Bukaera zabalik uzteko elementu dramaturgiko bat izan daiteke?
E.I.: Bai, airean uzten da. Bere hezurrak mediku bati saldu zizkiola aipatzen da, baina errealitatean ikusi dugu ez dela hala. Gidoia idaztean, ordea, ez zekiten non zeuden, egia izan zitekeen. Nik uste, pelikula egitearen ondorioz sortu dela Handiaren hezurrak aurkitzeko interesa.