ELENA IRURETA ANZA (1955, ZUMAIA)
Nik Martin telesailean ezagutu nuen, txikia nintzela. Horrez gain, ordea, beste mila tokitan ikusi dugun artista da Elena Irureta. ETBko Hau da a.u. programaren sortzaileetako bat izan zen eta Bi eta bat eta El comisario serieetan ere ikusi genuen. Zineman, Aupa Etxebeste eta Agur Etxebeste, makina bat urte tartean igarota, eta Iciar Bollain zuzendariaren eskuetan behin baino gehiagotan jarri da. Azkena, Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Patria.
TELMO IRURETA URIA (1989, ZUMAIA)
Agertoki gainean Toquecito minus bakarrizketarekin aritutakoa denbora luzez eta Mireia Gabilondok zuzendutako Zutaz blai ere egin zuen, besteak beste. Pantailari dagokionez, Miren Ibargurenekin batera Robarte una noche laburmetraian ageri da eta La que se avecina telesailean ere parte hartu zuen. Azkenaldian Barre Librean ikusi dugu Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolarekin. Laster, Sex moduz izeneko bideoklipa kaleratuko du.
Non ikasi zenuten antzezten?
Elena Irureta: Donostiako Antzerti eskolan aritu nintzen hiru urtez.
Telmo Irureta: Donostiako TAEn ikasi nuen, nik ere hiru urtez.
Zein izan zen zure lehen proiektu profesionala?
E.I.:: Ez nago guztiz ziur…
T.I.: Ez al zen izan pailazoekin lanean hasi zinenean?
E.I.: Egia, bai! Tira, lehenengo euskarazko klaseak egiteko bideo batzuk grabatzen aritu nintzen, Juan Miguel Gutierrezek antolatuta. Istorio motz batzuk egiten zituen, jendeak euskaraz ikasteko. Gero Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin aritu ginen Aizpea Goenaga eta biok. Bertan, pailazoen istorioetan agertutako pertsonaia desberdinak egiten genituen. Telebistan agertzeaz gain, bira ere egin genuen Euskal Herrian zehar, emanaldiak igandero eginez. Oso ondo pasatzen genuen. Beranduago beraien ekoizetxeak eman zigun aukera telebistan Hau da a.u. egiteko.
T.I.: Nire lehen proiektu profesionala Alex Tellok inklusioari buruz idatzitako antzerki bat izan zen: Jendartean bidaide. Jende asko ginen proiektuan eta horregatik emanaldi gutxi egin genituen.
E.I.: Garestia zelako.
T.I.: Bai, baina gai horrekin jarraitu nahi zuenez, antzezlan horretan oinarrituta bigarren bat sortu zuen: Inklusioaz, formatu txikian. Bertan bi aktore bakarrik ginenez errazagoa izan zen emanaldia mugitzea.
Telmo Irureta: «Monologo batean gertatu zitzaidan jendeak esaten nuena erantzuten zuela eta galderak egiten zizkidala»
Anekdota ugari izango dituzue kontatzeko...
E.I.: Victoria Eugenia zapaldu nuen lehen aldia Ferruccio Solerik zuzendutako Arlequino, bi nagusiren zerbitzari antzezlanarekin izan zen. Pertsonaia bat baino gehiago egiten nuen eta tartean bazen Federico izeneko gizonezko pertsonaia bat ere. Entseguetan zuzendariari ez zitzaion gustatzen nola esaten nituen Federicoren lehen hitzak. Agertokian sartu eta «¡Señor Pantalón!», esan behar nuen eta hitz egiten jarraitzen nuen. Ferruccio Solerik, ordea, ahots ahul batekin imitatzen ninduen, ni barregarri utziz. «¡Anda, entra otra vez!»; eta ni berriro saiatzera. Ez nuen asmatzen haren gustura esaldia esaten, lankideei ere galdetu nien nola egin, baina ez zegoen modu egokirik… guztiz blokeatuta nengoen. Estreinaldia iritsi zenean, agertokira atera eta «¡Señor Pantalón!» esan nuenean zuzendariaren burlaren esperoan geratu nintzen isilik, entseguetan une hori iristean bere burla entzuten bainuen beti, eta agertoki gainean horren zain geratu nintzen. Hala, zer gehiago esan ez nekiela geratu nintzen, burua zuri geratu zitzaidan, odola izerditzen. Eskerrak Patxi Santamaria aktoreak lagundu ninduen, testuarekin nola jarraitu ez bainekien.
T.I.: Niri gertatu izan zaidana zera da, monologo bat egiten egon eta jendeak esaten nuen guztia erantzutea eta niri galderak egitea. Eskertzen da publikoa adi egotea, baina galdu egiten zara, ez dakizu zer esan behar duzun jarraian.
Ni behin ere geratu nintzen zer esan jakin gabe, burua guztiz galduta… Hura larrialdia!
E.I.: Bai, bai. Niri hori behin baino gehiagotan. Behin Guardia Zibilez egiten nuen batean, testuaz ezin akordatu geratu nintzen. Agertokian alde batetik bestera paseatzea besterik ezin nuen egin. Nire mugikorra hartu eta jendaurrean testua bilatzen hasi nintzen. «¿Cómo ha dicho que se llama? ¿Segismundo? Voy a mirar en la wiki…», eta neure buruari «Ze orrialdetan ote nago?» galdezka. Jende guztia nire zain, baina nolabait konpondu nuen. Orain barre egiten dugu, baina oso gaizki pasatzen duzu momentu horretan. Konortea galtzen nuenaren itxura egitea ere bururatu zitzaidan… [Barreak].
Beste behin, Ramon Agirrerekin Aspirina para dos antzezlanaren emanaldi bat egitera joan ginen Almeriara.
T.I.: Emanaldi horretan gaixo zeunden, ezta?
E.I.: Bai, ez nintzen ondo sentitzen. Emanaldiaren une batean, berriro ere, zer esan jakin gabe geratu nintzen. Gogoan nuen gauza bakarra antzezlanaren izenburua zen… beraz, honakoa esan nion Ramoni: «Me voy a tomar una aspirina»; eta, agertokian bakarrik utzi nuen. Han zeuden lankideei laguntza eske aritu nintzen, baina gidoi fisikorik ez genuen eta ez nekien zer tokatzen zitzaidan. Ni berriro agertokira ateratzeko bultzatu ninduten eta Ramonek «¿Ya te has tomado la aspirina?» galdetu zidan. Nik «Sí, pero creo que me tomaré otra» eta agertokitik hanka egin nuen bigarren aldiz. [Barreak].
Azkenean, edozer gauza esan eta nolabait aurrera jarraitu genuen. Emanaldiak ordu eta erdi iraun ordez berrogei minutu iraun zituen, lotsatuta itzuli ginen etxera. Ramon gizajoa, denbora irabazi nahian edozein gauza esaten aritu zen. Hainbeste urte lan hau egiten… denetik pasatzen zaizu.
Elena Irureta: «Emanaldiaren ondoren txaloak jasotzera irteteak betidanik lotsa eman izan dit»
T.I.: Badaukat beste anekdota bat. La Farandula espazioan mikroteatro bat egiten aritu nintzen. Behin publikoan bi emakume bakarrik izan nituen: lehenengo filan zegoenak ez zuen ondo entzuten eta nire ezpainak irakurtzen aritu zen adi; besteak, esaten nuen guztia erantzuten zuen. Egoera ikusita, barrez hasi nintzen eta ez nintzen gai hitz egiteko. Zerbait esatea lortzen nuenean, atzeko emakumeak erantzun egiten zidan… orduan isilik geratu nintzen eta horrela bukatu zen. Gutxi iraun zuen mikroteatroak baina oso gustura geratu ziren biak. Nik horren gaizki eginda, sarreraren dirua itzuli nahi nien. Haiek ezetz, asko gustatu zitzaiela. Oso esker onekoak izan ziren.
Zer da egin nahi duzuna baina oraindik bete gabe duzuna?
T.I.: Pelikula bat egin nahi dut. Tira, dagoeneko grabatuta daukagu, baina oraindik postprodukzio fasean dago, uste baino luzeago doa prozesua. Horrez gain, testu bat idatzi eta zuzendu ere egin nahi dut, elbarritasuna duen pertsona bat protagonista duen antzezlan bat sortuz.
E.I.: Ez zait burura ezer konkreturik etortzen, datorrena dator eta listo. Hori bai, gustatuko litzaidake nire lagunak diren Aizpea Goenaga eta Loli Astorekarekin berriro zerbait egitea, baina ez da erraza.
Baduzu ezkutuko talenturen bat?
T.I.: Idaztea. Ondo idazten dudala uste dut.
E.I.: Eskuz egiten diren gauzak, argazkiak garai batean egiten ziren bezala errebelatzea gustatzen zait, adibidez.
Zer botatzen duzue faltan euskal fikzioan?
T.I.: Pelikulak egiten dira, baina telebistan fikzio gutxi eskaintzen da.
E.I.: Telebistarena penagarria da. Oso fikzio gutxi egiten da eta egiten den gutxi hori diru eskasarekin… Eta noski, hori emaitzan argi nabari da.
T.I.: 90eko hamarkadan egoera hobea zen.
E.I.: Orain aktoreei gutxieneko soldatak ordaintzen dizkiete.
Zer gustatzen zaizue gehien?
E.I.: Nik uste jende apala garela. Behe-behetik hasi gara lana egiten: furgoneta kargatu, hustu… Denetik egin behar izan dugu. Horrez gain, zuzendariarekin, teknikoekin… erlazio estua mantendu ohi dugu, talde bakarra gara, denok batera goaz. Kanpora joaten naizenean edo kanpoko norbait Euskal Herrira datorrenean oso desberdin egiten dutela lan nabari dut; alde batetik teknikoak doaz, bestetik aktoreak, gero zuzendaria eta produktorea ere aparte doaz… Ez dakit. Hemen orain arte elkarrekin lan egin dugu eta hori gustuko dut.
Zer egiten dugu ondo euskal zineman?
T.I.: Pelikula onak egiten ditugu.
E.I.: Ez dugu zertan inbidiarik izan, ez Espainian, ez Europan egiten diren filmekin. Nik Handia ikusi nuenean zera pentsatu nuen, pelikula daniarra balitz ere, berdin-berdin gustatuko litzaidakeela. Dena emozio kontua da.
T.I.: Emozioak unibertsalak dira.
Nola ikusten duzue euskal gazteriaren etorkizun artistikoa Euskal Herrian?
E.I.: Nik jende asko eta oso ona ikusten dut, aukerak eman behar zaizkie. Orain egoera oso zaila da COVID- 19aren ondorioz, protokolo asko daude eta diru inbertsioa handiagoa da horregatik. Zaila da diru asko inbertitzea aktore ezezagunak diren proiektu batean, produktua saldu beharra baitago.
T.I.: Gauzak aldatu behar dira, baina badago esperantza. Besteen zain ezin duzu egon, ezer egin ez baduzu ez zaituzte ezagutuko eta ez dizute deituko.
E.I.: Erakutsi egin behar duzu egiten duzuna. Zuzendari gazteek aktore gazteekin egin beharko lituzkete lehen probak, aukera eman behar zaie hasiberriei; egiten ikasten baita. Bestela betiko aktore ezagunak ikusten ditugu toki guztietan. Esperientziarik ez duten zuzendariek aktore esperientziagabeei lana egiteko aukera eman behar dietela uste dut.
Pelikula bat?
T.I.: Sonrisas y lágrimas.
E.I.: Underground.
Telesail bat?
T.I.: 7 vidas.
E.I.: Bloodline eta Lucille Ballek egiten zituen kapituluak.
Genero bat?
T.I.: Musikalak, baita egunerokotasunean oinarritzen diren pelikulak ere.
E.I.: Komedia.
Aktore bat?
T.I.: Julie Andrews.
E.I.: Viggo Mortensen.
Zuzendari bat?
T.I.: Mireia Gabilondo.
E.I.: Mireia Gabilondo.
Pertsonaia bat?
T.I.: La sirenita.
E.I.: Gérard Depardieuren Cyrano de Bergerac.