Atzegi, bidelagunak bildu nahian

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 4a, 07:59

AloƱa Agirre, Tolosaldeko bi ama eta aita batekin bilduta, eskualde informatuago eta sentsibilizatuago bat lortzeko.

60 urte bete ditu Atzegi elkarteak, eta ospakizun urtea izatekoa bazen ere, plan guztiak aldatu behar izan dituzte; hala eta guztiz, sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute, eta 2021ari begira lanean ari dira.

Atzegi elkarteak 60 urte bete ditu. Ospakizun urtea aurreikusia zuten, baina aurtengorako zituzten plan guztiak aldatu behar izan dituzte. Urte sasoi honetan, urtero, sentsibilizazio kanpaina aurkezten dute, eta horrekin aurrera egitea erabaki dute. Atzegi 60 urte bidelagunak biltzen lelopean aurkeztu dute kanpaina.

Zalantzak izan zituzten kanpaina egin edo ez egin, baina «guretzat sentsibilizaziorako tresna oso garrantzitsua da», azaldu du Aloña Agirre Atzegiko Familia eta Gizarte Parte Hartze Zerbitzuko teknikariak. «Oso garrantzitsua dugu elkarte izpiritu hori bizirik mantentzea, eta horregatik, berriro ere, urtero bezala kanpaina aurkeztu dugu».

Duela 60 urte, familia gutxi batzuk, baztertzen zituzten gizarte baten aurrean Atzegi elkartea sortu zuten. «Indarrez ekin zioten lanari adimen desgaitasuna dutenen bizitza hobetzeko», azpimarratu du Agirrek. Orduaz geroztik gauzak «asko» aldatu dira: «Beraiek amestu ere egiten ez zituzten gauzak lortu dira. Adimen desgaitasuna dutenak eta beraien familiak ez dira inoiz bakarrik egon. Beti eduki ditugu bidelagunak, bide hori lantzeko eta jorratzeko, eta lorpenak eskuratzen joateko. Horregatik da aurtengo leloa Atzegi 60 urte bidelagunak biltzen».

Omenaldia egin nahi diete bidelagunei Atzegitik. «Gauzak bakarrik ez direla lortzen azpimarratu nahi dugu, beti ere, taldea behar dugula lorpenak eskuratzen joateko». Bidelagunei esker ona adierazi nahi diete aurtengo sentsibilizazio kanpainarekin, baina, «oraindik ere bidea luzea dela azpimarratzen diegu, eta guztiok bide hau jarraitu behar dugula lorpen berriak eskuratzeko».

Hiru helbururekin sortu zuten Atzegi: «Familiek bakarrik gehiago ez zuten egon nahi, adimen desgaitasuna zuten beraien senideek zituzten eskubideak defenditzeko, eta gizartea positibora aldatzeko».

Garbi izan dute guzti hori familiek bakarrik ezin dutela lortu, eta gizartea ere tartean sartu behar izan dute: «Horiek dira gure bidelagunak. Diren moduan onartzen dituztenak, eta laguntza behar dutenean laguntza ematen dietenak».

Bidelagun izateko nahikoa da datuak Atzegira bidaltzea. Honela, Atzegitik hiru hilean behin aldizkaria jasoko luke bidelagun egiten denak, eta adimen desgaitasuna dutenen inguruan gehiago ezagutzen joango da. «Errealitatea ikusiko du, eta jarrera positiboa izan dezala eskatuko diogu», dio Agirrek, eta argitzen du: «Bidelagun batek bere jarrera positiboa mantendu beharko luke, eta jarrera ona duen pertsonak informazio gehiago jasotzen badu, jarrera hori hobetzen joango da».

«Familiekin lan egiten dugu gizartea eraldatu eta jarrera hobeak lortzeko»

Atzegi elkarteko Familia eta Gizarte Parte Hartze Zerbitzuko teknikaria da Aloña Agirre Bereziartua. Atzegik Tolosaldean 194 familia biltzen ditu. 172 kolaboratzaile eta 843 atzegizale. Gipuzkoan guztira 15.074 pertsona elkartzen ditu, eta bidelagun berriak lortzeko asmoz, sentsibilizazio kanpainarekin buru-belarri ari da lanean.  

Zer da Atzegi elkartea?
Atzegi familien elkarte bat da, eta familia horiek adimen desgaitasuna duten senideren bat dute. Beraien senideen bizitzako momenturen batean behar duten informazioa, orientazioa eta laguntza lortzeko familiek nora jo dute. Alde batetik, familientzat erreferente bat da bakarrik gehiago ez sentitzeko, eta bestetik, gure helburuetako bat ere bada adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea. Horretarako zerbitzu batzuk ditugu. Familiekin ere lan egiten dugu gizartea eraldatzeko. Gizartea informatzeko, sentsibilizatzeko eta gero eta jarrera hobeak lortzeko. Hiru helburu horiekin lan egiten dugu.

60 urteetan zertan hobetu da adimen adimen desgaitasuna dutenen bizitza?
Duela 60 urte ez zegoen ezer  adimen desgaitasuna zuten pertsonentzat. Gizarteak zeharo baztertzen zituen eta jendeak pentsatzen zuen gaitasunik ez zutela, eta jaio eta ezer gutxi ikasiko zutela. Gurasoengatik ere, bekaturen bat egin zutela esaten zen. Bazterketa guzti horren aurrean familia gutxi batzuk Atzegi sortu zuten. Beraiek joan dira gaur egun ditugun zerbitzuak sortzen. Hasteko eskola bereziak sortu zituzten, eta hor erakutsi zuten gauza asko ikasteko gai zirela. Hori dela eta, 80. hamarkadan Hezkuntza sailak bere ardura zela ikusi zuen adimen desgaitasuna dutenen heziketa, eta  eskola arruntetara sartzen joan ziren.

Lanean ere ikusten dira.
Ikasi ostean, lan egiten da, eta horrela sortu zuten lehenengo Gureak  tailerra. Adimen desgaitasuna dutenen kolektiboa oso anitza da, eta hor  ikusi zen laguntza behar handiak zituen talde bat zegoela eta horientzat Patronato San Pablo sortu zen, hau da, beraiei arreta emango zien zerbitzu bat, eta gaur egun Uliazpi deitzen dena da. Beraz, esan dezakegu gaur egun sortuta dauden zerbitzu horiek familiek beraien bidelagunekin sortuak izan direla. 

Egoerari buelta eman zaio.
Oso bestelako egoera da. Eskoletan daude, aisialdiaz disfrutatzen dute, lanean ikusten ditugu, kalean, oporretan, kiroldegian... alor guztiak aldatu dira, eta hobera. Baina oraindik ere jarrera asko hobetu behar dira, eta eskubide gehiago aldarrikatu behar dira. Iaz, esaterako, bozkatzeko eskubidea berreskuratu zuten. Duela hamar urtetik lantegi arruntetan lan aukera eskaintzen zaie, Gureak eta Atzegik martxan jarritako Pauso Berriak zerbitzuari esker. 

Oraindik zer egin asko dago.
Krisi garai hauetan zailtasunak dituzten pertsonak kontuan izatea eskatu nahi dut. Murrizpenak etortzen dira, eta guretzat alertan egoteko garaia da hori gertatu ez dadin. Iaz ingurune sinpleago bat eskatzen genuen adimen desgaitasuna duten pertsonek ulertu dezaten, eta orain erabat zaildu zaigu koronabirusarekin. Guretzat zaila bada, beraientzat gehiago, eta hori gogoan izatea beharrezkoa da.

60

BIDELAGUN, BIDEOZ

60. urteurrena dela eta, 60 astez, asteartero, Atzegiren webgunean, www.atzegi.eus/bidelagunak, bideo bat aurkeztuko dute: adimen desgaitasuna duen pertsona bat, senide bat, boluntario bat edo bidelagun bat. Bideo horien bidez gizarteak ikastea lortu nahi dute. Koronabirusak ospakizunak aldatu badizkie ere, ez dute amore eman eta egoerara egokitzen jakin dute. Honela, 2021eko abenduaren 20an, Donostiako Kursaalen amaiera emango diete urteurrenari, bertan ekitaldia eginez. Ekitaldi horrek urteurrenari amaiera eman eta etorkizunari bide ematea izango du helburu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!