«Urtarriletik hasi behar izaten dugu Segurakoa prestatzen»

Jon Miranda 2020ko aza. 3a, 07:59

Euskal Herriko 44. Dantza Txapelketan hirugarren sailkatu dira Irurzun eta Duran; Hiru aldiz txapeldun izandako Xabi Artola irurarrarekin bildu ditu ATARIAk eta Seguran egindako lanaz aritu dira elkarrekin.

Euskal Herriko Dantza Txapelketa prestatzeko gogor egin behar izan dute lan Maitane Irurzunek (Aduna, 2004) eta Gorka Duranek (Amasa-Villabona, 2004). Urriaren 17an sariarekin itzuli ziren etxera, hirugarren sailkatu baitziren. 2016, 2017 eta 2018 urteetan txapeldun izandako Xabi Artolak (Irura, 1996) gertutik jarraitu ditu Oinkari dantza taldeko bi gazteen pausoak.

Xabi, zein balorazio egiten duzu Maitane eta Gorkak Seguran egindako lanaz?

Xabi Artola. Bikote hain gaztea izanik oso indartsu sartu dira txapelketan. Oso lan ona egin zuten eta lan horren erakusgarri da eman zieten postua. Asko arriskatu zirela iruditzen zait, eta horrek bere alde onak eta txarrak izaten ditu. Baina, oro har, uste dut ondo aritu zirela.

Zuek gustura geratu zineten egindako lanarekin?

Maitane Irurzun. Bai. Hasieran urduritasunak nabaritzen ziren, baina gero oholtza ateratzerako garaian eta dantzan hasterakoan lasaitu egin nintzen, ni behintzat, eta asko disfrutatu nuen.

Gorka Duran. Aurkezpena egin baino lehenago urduri geunden, baina azken aurrekoak atera ginen dantzara, nahikoa bukaeran, eta uste dut horrek nerbioak baretzen lagundu zigula, tarte horretan musikarekin berotzen aritu baikinen.

Gusturago fandangoarekin edo arin-arinarekin?

M. I. Arin-arinarekin. Beti ere alaiagoa da eta gehiago disfrutatzeko aukera ematen dizu. Fandangoan oraindik urduri bezala geunden. Arin-arinaren kasuan, musikak lagundu bezala egiten du.

G. D. Niri trikitiaren eta panderoaren doinuek motibatu egiten naute. Nik ere askoz gehiago disfrutatu nuen arin-arina.

X. A. Oro har, bikote guztiak ikusi nituen hobeto arin-arinean. Fandangoa askoz ere teknikoagoa da eta kontzentrazio handiagoa eskatzen du.

Espero zenuten hirugarren postua?

M. I. Ez, ez genuen espero gure lehenengo parte hartzea zela ikusita. Oso pozik gaude eta gauza handia izan da niretzat.

Zeri begiratzen dio epaimahaiak Xabi?

X. A. Ni ez naiz inoiz epaile izan, baina batez ere pausoa, erritmoa, besoak, espazioa eta dantza proposamenari begiratzen diotela esango nuke. Eta akatsen bat badago hori zigortu ere egiten dute.

Azken urte hauetan maila asko hobetu al da?

X. A. Ez nuke esango maila hobetu edo okertu denik. Azkeneko 20 urteetan, gutxi gora behera, dantzaera bat finkatuta dagoela esango nuke eta hor jarraitzen dugula. Gero, bikote bakoitzak, aldaerak egiten ditu; batzuetan joera batzuk nagusitzen dira eta beste batzuetan beste batzuk. Aurten belaunaldi aldaketa bat egon dela nabarmenduko nuke. Ikusten dira bikote batzuk badatozela.

Zergatik erabaki zenuten aurten Euskal Herriko Dantza txapelketan parte hartzea?

M. I. Azkenean dantzari baten helburuetako bat beti izaten da Seguran parte hartzea.

G. D. Egia esan gu nahikoa berandu hasi gara txapelketetan parte hartzen. Oinkarin gabiltza txikitatik, 4-5 urte genituenetik, eta betidanik aritu gara dantzan. Hainbat irakasle izan ditugu eta aukera izan dugu koreografo ezberdinekin lan egiteko. Euskal dantza tradizionaletik ateratzeko aukera izan dugu, balleta, garaikidea eta beste dantza batzuk probatu ditugu eta nik uste azken batean horrek dantza tradizionala aberastu egiten duela.

X. A. Segurako txapelketarekin profesionalizatzen joan da dantza sueltoa. Garai bateko dantzaera ez zen guk gaur egun egiten duguna, bestelakoa baizik, erromeri girokoa. Garatzen joan den dantza bat da eta oso maila altua hartu du. Hala ere, horrek ez du euskal dantza osoa ordezkatzen. Dantzazale batek ez du zertan horrela egin behar.

Zenbat ordu eman behar izan dituzue entseatzen?

G. D. Seguran ongi dantzatzeko ez da aurreko bi asteetako lana bakarrik behar izaten. Urtarriletik hasi behar izaten dugu Segurakoa prestatzen. Aritu eta aritu, entsegu mordoxka bat egin ditugu. Azken asteak nahikoa konplikatuak izan dira, COVID-19a dela eta. Hala ere, lortu genuen salbatzea, bideo-deien bitartez. Moldatu ginen egoerara eta forma mantendu genuen azkenera arte.

Elkarrekin ondo moldatzea ezinbesteko baldintza da?

X. A. Bai. Oso garrantzitsua da nola transmititzen duzun dantza, zein alaitasunarekin. Nire ustez, faktore batzuk badaude zenbakitan neurtzen zailak direnak.

M. I. Gorka eta biok txikitatik egin dugu dantza elkarrekin. Ikastolan beti elkarrekin ibili gara. Aurten izan da banandu garen lehen urtea. Dantza bikote batean harreman ona egotea oso garrantzitsua da. Entseatzeko garaian ere errazagoa da, ia bakarrik ateratzen zaigun gauza bat da.

Idoia Besada pasaitarrarekin osatu izan duzu bikotea Xabi. Hirutan txapeldun geratu zineten eta Basterretxearen eskultura ekarri zenuten Irurara.

X. A. Bai. Oso pozik hartzen duzun saria da, baina dagoeneko hirugarrenaren bila zoazenean presio handia nabari duzu. Hiru aldiz jarraian irabazteko erronka ez da erraza eta momentu zailak ere pasatzen dituzu. Zure buruari erronka pertsonal bezala jartzen diozu. Azkeneko astea eta eguna bera zailak izaten dira. Gero ohore handi bat da niretzat Irurara eskultura hori ekarri izana.

Zuek, Maitane eta Gorka, argi zenuten Villabona ordezkatu nahi zenutela?

G. D. Nik Maitaneri galdetu nion ea Aduna ordezkatu nahi zuen, baina segituan esan zidan ezetz.

M. I. Lehenago Villabonan bizi nintzen, bertan ikasi dut eta bertan ditut lagunak. Gainera, Oinkarin ibilita eta Gorka billabonatarra izanda Villabonaren izenean ateratzea egokiena zela pentsatu genuen.

Nola ikusten duzue Xabi bezalako txapeldun bat? Berak lortutako horretara iritsi nahiko zenukete?

G. D. Bai, zergatik ez? Guk Xabi eta Idoiaren bideoak ikusi izan ditugu, detaileei erreparatzen diegu eta asko miresten ditugu. Gauzak pixkana egin nahi genituzke, ez presaka, baina saiatuko gara maila horretara iristen.

Aukera ikusten al diezu noizbait Euskal Herriko txapela lortzeko, Xabi?

X. A. Orduak sartzea da, azken batean. Joango dira are eta gehiago fintzen. Maila nahikoa txukunetik abiatu dira eta hemendik aurrera gora egin behar dute. Hankak gehiago landu beharko dituzte, indar gehiago hartuko dute adinean aurrera egin ahala eta horrekin batera, konplizitatean ere asko irabaziko dute. Lotsa galtzen joango dira eta seguru nago bidea egin egingo dutela.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!