Azken garaiotan bolo-bolo darabiltzagu hitzok. Beldurra diogu zomorroari; geure burua edo maite ditugunak kutsatzeari. Kutsatuz gero, beldurra sintomek zer neurritan astinduko ote gaituzten. Beldurra inor ukitzeari; ezin jakin aspaldi ikusi gabeko adiskideari emandako besarkadak ez ote duen beste inoren heriotza eragingo. Beldurra sintomarik izan gabe PCR proba egiteari, kasualitatez positibo eman eta ez ote diguten familiari eusten dion negozioa itxiaraziko. Beldurra konfinatzen garenean gure betebeharrak nork beteko dituen. Beldurra, halaber, ingurukoek beldurra izateari: beldurra duen jendez inguratuta bizi banaiz, ez ote nau ni bakardadearen beldurrak (edo bakardadeak berak) akabatuko? Beldurra lanera joateari, lanpostua galtzeari dioguna bezainbesteko beldurra. Beldurra etxe-zuloratzeari, autoisolatzeari, harremanak galtzeari. Beldurra poliziak azalpenak eskatzeari.
Beldur hori izua izatera iristen ote den, egoeraren aurrean geldirik egotera bultzatzen ote gaituen da hemen kontua. Azken aldian, beldurrekin batera hortxe-hortxe baitabil haserrea ere. Aspaldiko martxo-alde hartan itxaropena zuenari ere pazientzia agortzen ari zaio. Lehen hil amaiera arte airoso iristen zenak orain arrakalatzen ikusiko du goxo eusten zion lurzorua, eta ozta-ozta zebilenari moztu egingo diote eusten zion hari-izpi fin bakarra ere. Eta horren aurrean, gero eta jende gehiago atera da kalera: nork bere gremioa eta dagozkion eskubideak defendatzera, lan-kaleratzeak salatzera, agintariei kontu eskatzera, edota neurri murriztaileen izaera politikoa azpimarratzera. Eta kalean dagoenak ez du izurik; beldurra izango du, gehienez ere.
Beldurra tentsioa da, urduritasuna. Gauza ohikoa pandemia eta ez-pandemia sasoietan, azaleratu edo ez. Beldurrez bizitzea, tentsioan bizitzea da. Izuz bizitzea, nor bere barruan gotortzea, beharbada etsitzea. Baina neurriko beldur edo tentsio punttu batek laguntzen du erne egoten, erabakiak hartzen eta ingurukoaz kontziente izaten. Igual ustezko beldur horri kezka deitu beharko diogu, edo frustrazio, edo haserre, inoiz izu izatera irits ez dadin. Hartara, ez gaitu paralizatuko.