Santu Guztien eguna neurri bereziekin ospatzen ari dira eskualdean

Leyre Carrasco 2020ko aza. 1a, 12:04

Udaltzaingoek eta boluntario taldeek hilerriko sarreretan argibideak ematen ari dira herritarron segurtasuna bermatu eta jende pilaketak saihesteko.

Eskualdeko herritarrek aurtengo Santu Guztien eguna ospatzeko aukera izan dute. Hala ere, Tolosaldeako Udalek neurri berriak jarri dituzte martxan herritarron segurtasuna bermatzeko eta jende pilaketak ekiditeko helburuarekin. Hilerriaren sarreran kartel informatiboak aurki daitezke, non, bertan zehazten dituzten jarraitu beharreko pausoak: musukoaren erabilera derrigorrezkoa da; hilerrira sartu aurretik derrigorrezkoa da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea, udalak atarian jarri dituen poteak erabiliz; Eta hilerrira sartzeko eta bertatik ateratzeko jarraibideak errespetatu behar dira, gezien bidez zehaztutako ibilbidea jarraituz.

Horrez gain, Amasa-Villabonako Udalak Amasako hilerrira igotzeko autobus zerbitzua jarri du martxan; Olaederra kiroldegitik 09:30etik 14:00etara, ordu laurdenero. Tolosako Udalak ere doako autobus zerbitzua eskaini du. Guztira 11 joan-etorri egingo ditu autobusak; goizez sei eta bost arratsaldez. 09:00etatik 18:00ak arte musika eskolatik ateratzen dira autobusak 45 minutuero; eta hilerritik Tolosara berriz, 09:30etik 18:30era egingo ditu itzuliak,  45 minutuero. 

Udalek jarritako neurriekin bat etorri dela adierazi du Jose Joaquin Ayestaran billabonatarrak: "Gaurko eguna oso ondo antolatu dute". Horrez gain, herritarrak errespetu handiz ibili dira eta neurriak modu egokian bete dituzte. Zizurkil goiko hilerrira jende gutxi gerturatu bada ere, bertaratu diren herritarrak asko eskertu dute. "Gaurko egunean beti egon dira pilaketa handiak, baino aurten jende asko bezperan etorri da eta gaur lasaitasun handiarekin ibili zaitezke, ia ez baitago jenderik", azaldu du Josune Kortajarena zizurkildarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!