Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa da Hamaika Gara egitasmoa. Gure Esku herri mugimenduaren eta alor anitzetako dozenaka eragileen arteko elkarlanetik sortu zen, eta erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jarrera nagusia ikustaraztea du helburu. «Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu eta sinetsita gaude indarrak batzen baditugu, lortuko dugula beharrezko tresnak geureganatzea», diote.
EAEko sinadurak Eusko Legebiltzarrean entregatuko dituzte, Nafarroakoak, aldiz, bertako parlamentuan
Ekainera bitarte luzatuko da duela gutxi berrekindako sinadura bilketa kanpaina. Burujabetzarako bidean, euren borondatea eta konpromisoa adierazi, eta erreferendumak egiteko ahalmena bere gain hartu, arautu eta garatzeko eskaerak egin ditzakete herritarrek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jasotako sinadurak Eusko Legebiltzarrean entregatuko dituzte, Nafarroan jasotakoak, aldiz, bertako parlamentuan.
Behin sinadura bilketa amaitzean, hurrengo pausoak handinahiz eta epe luzeko begiradarekin ematea aurreikusten dute. «Gure bidean aurrera egiteko indarra emango digu ekimen honek. Indarrak batu eta aurrera egiteko garaia da». Era berean, argi utzi nahi dute arduraz jokatuko dutela, «herritarron borondateari modu eraginkor batean bide eman diezaieten, elkarlanerako eskuak zabalik».
Krisiaren zama
Arduraz jokatzeaz gain, Hamaika Gara egitasmoko kideentzat ezinbestekoa izango da, datozen hilabeteetan arduratsu jokatzea. «Ia zortzi hilabete dira birus batek gure bizitza hankaz gora jarri zuenetik. Osasun krisiak gelditzera eraman gintuen, eta hark azkartutako krisi sozialak eta ekonomikoak zer hausnartu eman digute. Bizi dugun egoeraren aurrean, burujabetzan sakontzeko bidea egiteko hamaika arrazoi gehiago pilatu ditugu. Herritarrok erabakimen handiagoa behar dugu».
Hamaika Gara: «Ez da zer gertatuko zain geratzeko unea, eskubideak defendatu eta zabaltzearen alde egitekoa baizik»
Bestetik, nabarmentzen dute osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi duela «zein ahula den gure herriaren autogobernua, eta zein erraz ken diezazkiguketen gure ahalmen mugatuak. Herritarrok hautatutako lehendakariak ere kargua betetzeko gaitasunik gabe utz ditzakete, Quim Torrarekin egin duten bezala. Herritarrekiko errespetu falta handia iruditzen zaigu organo administratibo batek legebiltzarrak izendatutako lehendakari bat kargua betetzeko gaitasunik gabe uztea. Espainiako Estatuaren defizit demokratikoaren beste adibide bat da».
Osasun krisiaren kudeaketaz, estatuek neurri zentralizatzaileak ezartzeko erabili dutela salatzen dute. «Egoera larrienei erantzuteko egokienak gobernu zentralak direla sinestarazi nahi izan digute. Ez da horrela; bizi dugun krisia globala bada ere, honi erantzuteko hamaika modu daude, eta gure errealitateari hoberen egokituko zaizkion erantzunak eman behar dizkiogu. Horretarako, baliabideen kudeaketa eta tokian tokiko erabakiak behar ditugu».
Horrez gain, mezu garbi bat bidaltzen diete erakunde publikoei, jarritako erronkei denen artean erantzuteko. «Krisiari herri perspektiba batekin erantzuteko ezintasunak erakutsi du zein premiazkoa den gobernantza eredu demokratikoago baterantz urratsak egitea. Egoeraren larritasuna aintzat hartuz, akordio politiko zabalagoak bilatu eta alor ezberdinetako eragileekin lankidetza estuagoa sustatu beharko lukete».
Nazioarteko gertakariei begira
Bertako eragile eta erakundeekin eskuz esku lan egiteko prestutasuna adierazteaz gain, ekainean Euskal Herri osoko herrietako plazetan aldarrikatu zuten leloari eusten diote: «Hemen erabaki, herritarrok erabaki». «Ez da zer gertatuko zain geratzeko unea, eskubideak babestu eta zabaltzearen alde egitekoa baizik, eta aukerak badaude. Erabakitzeko eskubidea modu eraginkorrean legeztatzeko legealdia izan behar da datorrena. Estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea izan behar du ardatz, eta herritarrok prozesuaren oinarri. Aukera historiko hau galtzea akats larria litzake».
Bide horretan, Euskal Herritik kanpo erabakitzeko bidea egiten ari diren herriak dituzte eredu. Eskozian, Lehen Ministroak erreferendumerako lege egitasmoa hitz eman du 2021erako, eta eskoziarren babes zabala lortzen ari da. Frantziar estatuan, Kaledonia Berriak bigarren aldiz erabaki zuen bere etorkizuna, erreferendum bidez. Espainiar estatuan, berriz, herrien arteko aliantzak indartzen ari direla nabarmentzen dute. «Euskal Herrian ere, asko eta anitzak gara gure etorkizuna modu librean erabaki nahi dugunak, eta indarrak batzen ari gara».