Hamaika Gara

Zutik jartzeko unea heldu da

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urr. 30a, 19:58

Hamaika Gara dinamikak erreferendumaren aldeko sinadura bilketari berrekin dio. Matxoaren 11n abiatu zuten, baina bertan behera geratu zen, Hego Euskal Herrian indarrean sartu zen alarma egoera medio. Bestetik, bihar 18:00etan, Altxa! ekitaldi politiko-kulturala egingo dute.

Hogeita lau eragilek osatutako Hamaika Gara dinamikak erreferendum baten aldeko sinadura bilketa bat jarri zuen martxan martxoaren 11n, erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko. Handik hiru egunera, ordea, alarma egoera eta itxialdia ezarri zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Orain, berriro ekin diote sinadurak biltzeari, Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren bozeramaileek pasa den urriaren lehen egunean azaldu zutenez.

Egun horretan ekin zioten, hain justu; www.hamaikagara.eus webgunean ari dira jasotzen sinadurak, eta ekainera arte iraungo du bilketa kanpainak. Sinadura bilketak oinarri duen manifestuan, burujabetzarako bidean euren borondatea eta konpromisoa adierazten dute sinatzaileek, eta, era berean, erreferendumak egiteko ahalmena bere gain hartu, arautu eta garatzeko eskatzen diete Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari. «Arduraz jokatuko dugu, herritarron borondateari modu eraginkor batean bide eman diezaieten», diote bozeramaileek.

Etxaburuk azaldu zuenez, «osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua», eta erantsi zuen «tokian tokiko erabakiak» behar direla: «Gizartean erabakitzeko eskubidearen alde dagoen adostasun zabala lege bilakatzea dagokie alderdi politikoei».

Durangotik Euskal Herri osora

Altxa! izeneko ekitaldi politiko-kulturala egingo du, bihar, Hamaika Gara mugimenduak. 18:00etan izango da saioa, Durangoko Plateruenan. Hala ere, jendetza pilatzea ezinezkoa denez, proiekzioak egingo dituzte herriz herri. Proiekzio horietara joateko aukerarik ez duenak, www.hamaikagara.eus webgunean izango du ekitaldia jarraitzeko aukera, sarrerak hiru euroko kostua izango du.

Eskualdeari dagokionez, lau gune ezberdinetan egitekoak ziren proiekzioak: Amasa-Villabonako Gurea zinema aretoan, Lizartzako Zimitorioan, Orexako udaletxeko ganbaran eta Tolosako Topic-en. Baina COVID-19aren eraginez, Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken neurriengatik bertan behera gelditu dira Amasa-Villabonakoa, Tolosa eta Orexakoa; LIzartzakoa aldiz, bere horretan mantendu dute. Hamaika Garatik herri bakoitzari eskumena utzi diote proiekzioarekin jarraitu edo bertan behera uzteko: «Garrantzitsua da ekintza kolektibo-politikoek zein emanaldi kulturalek aurrera egitea. Herritarrok etorkizunari baikortasunez begiratzeko motiboak behar ditugu, eta Altxa! ekitaldiak halakoak eskain ditzake». 

Durangoko  Plateruenan izango da ekitaldia, baina  jendetza pilatzea ezinezkoa denez, proiekzioak egingo dituzte herriz herri

Amancay Gaztañaga da ekitaldiaren zuzendaria, eta Gotzon Barandiaran gidoilaria. Besteak beste, Amets Arzallus bertsolariak, Eñaut Elorrieta abeslariak, Dupla taldeak eta Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek hartuko dute parte. Pasa den astean aurkeztu zuten Hamaika Gara egitasmoaren abestia eta bideoklipa, eta bertan, Dupla taldea eta Itziar Ituño aktorea dira protagonistak.

‘ALTXA!’ ekitaldiaren proiekzioa Lizartzan.

LARUNBATA, URRIAK 31. Zimitorioa. (18:00)

Erlazionatuak

Demokratikoagoa den eredurantz

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 urr 30 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!