Musika kontserbatorioan ikasi zuen jaioterrian, bizitzak ordea Tolosaldera ekarri zuen Luyba Petrychuk (Ukarinia, 1973). 19 urte daramatza eskualdean eta bat gehiago dela sentitzen da, «kuadrilla eta guzti dut», dio. Estetika ikasketak Donostian burutu eta bere negozio propioaren ateak ireki zituen. Ukrainarren presentzia Euskal Herrian, Errusiak eta Ukrainiak Krimeako eremuan duten gatazkaren ostean handitu egin dela azaldu du.
Ukrainiatik Berrobira eta gero Tolosara.
Berrobira iristean Ukrainian nengoela pentsatzen nuen askotan, hain dira antzekoak! Senarrak egin zuen lehenik honanzko bidea, lana bilatu zuen hemen eta hamar hilabetera etorri nintzen ni. Bi alaba ditugu eta denboraldi batez, nire gurasoen zaintzapean geratu ziren. Amak animatu ninduen hona etortzera, bizimodu hobea izango genuelakoan.
Hasierak gogorrak dira sustraiak uztean, ezta?
Gogorrena alabengandik urruntzea izan zen. Bestalde, hemen hizkuntza ez nuen menperatzen eta hori lana bilatzeko oztopoa zen, emakume batek bere borondatez gaztelania irakatsi zidan, guztiz eskertua nago. Hasieran etxeak eta ezkaratzak garbitzen eta adineko jendea zaintzen aritu nintzen. Gero nire ametsetako bat egi bihurtu nuen, lan egiten nuen bitartean Donostian Estetika ikasketak egin nituen.
Estetizista hemen, baina Ukrainian musika irasle!
Hala da, bederatzi urtez egin nuen lan musika irakasle gisa, Musika Kontserbatorioan ikasketak amaitu baino lehen hasi nintzen lanean. Akordeoia eta balalaika Errusiako hiruki formako gitarra instrumentuak jotzen ditut eta irakasle izateaz gain, orkestra ere zuzendu nuen.
Bio Aroma zentro estetikoa egi bihurtutako ametsa.
Estetika zentroko ateak, 2009ko irailean ireki nituen, krisiaren erdi-erdian, beldur askorekin. Bezeroak banan-banan neureganatu ditut, nik ez bainuen jende asko ezagutzen hemen. Baina konstantzia eta lana ondo egitea izan dira gakoak. Orain txiki geratu zait lokala eta Rondilla kalera aldatuko naiz, berriro ere krisiaren erdi-erdian.
Bi eskurentzako baino lan gehiago sortuko zitzaizun, ezta?
Udaberri eta udaran lana franko izaten dut eta Tolosako neska bat kontratatzen dut lana arintzen laguntzeko. Badira ia lau urte elkarrekin lan egiten dugula.
Zure etxeko ama hizkuntza zein da?
Ukrainarrez egiten dugu etxean. Nik errusiarra ere badakit, Sobietar Batasunaren garaitik. Nire alabek berriz, euskara erdara baino lehenago ikasi zuten. Eta sekreturen bat gorde nahi badute, euskaraz mintzo dira, nik ez ulertzeko!
Ukrainia nolakoa da?
Euskal Herria bezain ederra, polita eta berdea. Kiev hiriburua ere oso-oso polita da. Egoera ekonomikoa ordea ez da samurra eta politikoa ere ez. Errusiarekin gatazkan dago Krimeako mugan, gerra egoeran daude. Ez noski gerra aktiboa hemen ulertzen dugun moduan, baina gatazka egon badago. Arrazoia? Gasaren eta petroleoaren pasabidea Itsaso Beltzean. Gatazka honen eraginez, ukrainar askok herrialdea utzi behar izan dute.
Euskal Herrian gustura al zaude?
Oso gustura nago! Nire alabak ere hemengoak sentitzen dira. Nire aldeko familia eta gurasoak ere hemen daude. Kuadrilla dugu, elkarte gastronomikoko bazkideak gara, oso integratuak gaude.