Usteek dena ia ustel

Etorkinen inguruan zenbaitek dituzten aurreiritzi eta usteak ia dena ustel dutela baieztatzen dute datuek. Izan ere, etorkinek egindako emaria jasotzen dutena baino handiagoa da, Ikuspegi-Inmigrazioaren Euskal Behatokiak Culturmetriarekin batera egindako ikerketaren arabera.

Atzerritar jatorriko euskal biztanleek euskal ekonomiari egiten dioten ekarpen ekonomikoa 1.525 milioikoa izan da, hau da, EAEko BPGren %2,06, eta administrazio publikotik jasotzen duten dirua berriz, 715 milioi eurokoa. Datu hauek horrela, kalkulu matematikoak eginik, etorkinek altxor publikotik jasotzen dutena baino 810 milioi gehiago eskaintzen diote erkidegoko diru zorroari; jasotzen dutenaren bikoitza baino gehiago, alegia.

Etorkinek altxor publikotik jasotzen dutena baino 810 milioi gehiago eskaintzen diote erkidegoko diru zorroari; jasotzen dutenaren bikoitza baino gehiago

Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordeak datu hauen aurrean aipatu bezala, «gizartean errotua dagoen etorkinaren irudia beraz, laguntzetatik bizi denarena, ez da zuzena eta datu hauek etorkinekiko dugun ikuspegia aldatzeko balio beharko lukete». Ikerketa egiterakoan, gastu publikoaren zenbatekoa kalkulatzeko Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Hezkuntza, Osasuna eta Laguntza sozialen sailek emandako datuak hartu dira kontuan, baita Lanbidekoak ere. Bestalde, gizarteari egiten dioten ekarpenaren datuak, EUSTATek egiten duen Euskadiko Gastu Familiarren eta Pobrezia eta Ezberdintasun Sozialen inkestatik atera dituzte. Datu hauen emaitzetatik kanpo geratu da ekonomia murgilduaren inpaktua.

Latinoamerikarrak eta emakumeak 

Etorkina bere herrialdea utzi eta beste herrialde batera bizitzera etorri den pertsona da, epe motzeko denbora edo amaigaberako. Fenomeno hau, gizakia bi hanken gainean ibiltzen denetik eman da, gizakiaren historia, immigrazioaren historia baita. Koiuntura honetan, Ikuspegik emandako 2020ko datu demografikoek, EAEn 241.193 atzerritar jatorriko pertsona bizi direla adierazten dute, erkidegoko populazioaren %10,9. Marokoar jatorrikoak dira gehiengoa eta datuen lehenengo hamar postuetan, Kolonbia, Errumania, Bolivia, Nikaragua, Ekuador, Venezuela, Paraguai eta Brasil daude. Etorkinen %52a emakumea da eta %48a gizonezkoa.

Etorkinen jatorriari buruz euskal gizarteak duen pentsamendua ere okerra da, gehiengoak, etorkinen migrazio mugimendua Afrikatik datorrela uste baitu. Baina aipatutako hamar herrialde horietako etorkinek, jatorri atzerritarreko populazioaren kantitatearen erdia osatzen dute. Atzerritarren gehiengoa latinoamerikarra da beraz.

Xabier Aierdi, EHUko Soziologia fakultateko irakaslea eta Immigrazio eta Etnizitatean adituak Zurrumurruen Aurkako Sarean aipatzen duenez, «etorkinak gure beharren arabera etortzen dira, euskal gizarteak familia beharrak asetzeko premia du, adinekoen eta haurren zaintzan eta emakume latinoamerikarrek asebetetzen dute hau, hizkuntzaren abantaila ere badute. Gizon latinoamerikarrak berriz, zerbitzuetan aritzen dira gehiengoan». Migrazio mugimenduetan olatua, bertan errotutako jatorri atzerritarrekoek neurtzen dute nolabait, semaforo berde eta gorri lanak eginez. Lan eskaria sumatzen badute jatorriko herrialdetan dituzten lagun eta familiartekoei hemengo aukeren berri ematen diete. Ekonomiaren gainbehera garaietan berriz, migrazio mugimendu hauek geratu egiten dira, semaforo gorria pizten baitiete hemendik.

Gizarte baten kohesio sozialak, demokraziarekin, berdintasun sozioekonomikoarekin eta parte-hartze politikoarekin dauka zerikusia

Immigrazioa homogeneizatzeko joera dugu gure aurreiritzi eta zurrumurruek elikatutako ideiekin. Etorkinen perfila ordea ez da berdina eta jatorriko herrialdeetako egoerak ere guztiz dira ezberdinak. Batzuk, esperientzia berri bila datoz, besteak bizimodu hobe baten bila, zenbait bere herrialdetako egoera gordinetatik ihesi, bada ere bere herrialdean sexuagatik edo erlijioagatik onarturik ez denik, bakarrik datozenak, familia ekartzeko esperantzan edo denboraldi baten ostean jatorriko herrialdera itzultzeko gogoz denik ere. Etorkinen erraztasunak, egoerak erregulartzeko ere guztiz dira ezberdinak, batzuk errazagoak besteak aldapatsuagoak eta hau faktore garrantzitsua da, lana bilatzeko garaian.

2019ko azaroko datuei erreparatuz, nazionalitate nagusien arabera, Nikaraguak ditu langile-tasarik handienak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean. Nazionalitate horretako ia biztanle guztiak araubide horretan alta emanda daude (% 97). Horren arrazoi nagusia da jatorri horretako biztanleak etxeko eta zaintza-lanetako zerbitzuan egiten dutela lan, gehienbat. Bestalde, Txinako nazionalitatea duten biztanleen kasua ere aipagarria da. Biztanle horien erdiak baino gehiagok (% 59) norberaren konturako langile gisa daude alta emanda Gizarte Segurantzan.

Ekonomiaren egoeraren arabera toleranteago, edo ez

Immigrazioarekiko dugun tolerantzia maila, gure poltsikoaren araberakoa da Ikuspegik dionez. Gure poltsikoak beteta izango ditugula ziur dakigunean, etorkinekiko ikuspegia eta iritziak hobetzen ditugu. Ekonomiaren gainbeherak ordea, intolerantziaren bitamina indartzen digu eta atzerritarrekiko kritikoago agertzen omen gara.

Magrebtarrekiko, errumaniarrekiko, txinatarrekiko eta pakistandarrekiko fidagaitzagoak garela diote inkestek. Julia Shersheneva Ikuspegiko zuzendariaren arabera, «gero eta komunitate ezberdinagoak, ohitura edo erlijio kontuetan, adibidez, gero eta mesfidatiago agertzen gara». Iritzien beste muturrean, gure kulturarekiko hurbilago daudenengatik enpatia handia agertzen dugu, uruguaitarrekin eta argentinarrekin gertatzen den moduan. Arrazismo selektiboa deritzote honi adituek, klase sozial, ekonomiko eta kulturalean oinarritua. Shershenevak ere ondorengoa aipatzen du: «Etorkina izateak ere ez zaitu toleranteago bihurtzen beste etorkinekiko, jatorrizko herrialdeetan dituzten aurreiritziak ere bizkar-gainean ekartzen baitituzte».

Tolosaldeko dibertsitate kulturala

Eskualdean ere, azken hamarkadan nabarmen jo du gora jatorri atzerritarreko gizon emakumeen presentziak. Europar Batasuneko etorkinei dagokionean, Errumania eta Portugalgoak dira nagusi. Europar Batasunetik kanpora daudenen artean berriz, EAEko mugimendu migratzaileen datuak baieztatzen dira, jatorri magrebtarrekoekin eta nikaraguarrekin. Kaleetako eta herrietako giza paisaia aldatuz doa, dibertsitate kulturala eta erlijiosoa indartuz. Hezkuntza sisteman, euskaraz, jatorri atzerritarreko haurrak integratzean euskal gizarte dibertsoa elikatzeko bidean gara. Ikuspegiko inkestetan, gizarteko sektore bat mesfidati agertzen da ordea, kultur-aniztasunak euskal identitatea kolokan jar lezakeelako. Aierdi soziologoak dionez, «gizarte baten kohesio sozialak, demokraziarekin, berdintasun sozioekonomikoarekin eta parte-hartze politikoarekin dauka zerikusia». Dibertsitate kulturala gizarte modernoen ezaugarria izango da aurrerantzean. Tolerantzia eta errespetua oinarrian landuko dituen gizartea osatzean dago gakoa inmigrazioan aditu direnentzat.

Tolosaldean ditugun jatorri atzerritarreko eskualdekideak ere, erreportajearen hasieran aipatutako ekarpen ekonomikoaren adierazle dira. Gastuetan oinarritutako ekarpenaz gain, lanpostuak ere sortzen dituenik bada eta zerbitzu sektorean eta etxeko lanetan beraien lana ezinbestekoa da, gure gizarteko gurpilak aurrera jarrai dezan.

Europar Batasunekoak ez diren eta 2018ko urtarrilaren 1ean Tolosaldeko udalerrietan erroldatuta dauden pertsonen jatorria.

Europar Batasunekoak diren eta 2018ko urtarrilaren 1ean Tolosaldeko udalerrietan erroldatuta dauden pertsonen jatorria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!