Ados jarri dira pilotan

Ataria 2020ko urr. 27a, 18:35

Tolosako Beotibar frontoian egin zuten lehen agerraldia Baiko enpresako pilotariek.

Baiko enpresako pilotariek akordioa lotu dute gaur EPELekin eta EPEL osatzen duten enpresekin, hau da, Baiko eta Asperekin.

Akordio horrek langile kolektiboaren hasierako aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu, eta ondorioz, pasa den urriaren 9an hasitako greba bertan behera utziko da. Akordioak sektore guztian izango du eragina eta, beraz, Ligaren parte diren bi enpresetan izango da aplikagarria. Akordioaren parte izan dira, baita ere, Aspe enpresako pilotariak. Akordioa bi enpresetako pilotarien % 90ek gutxienez sinatu behar dute. Greban egon diren pilotarietatik lau eskualdekoak izan dira: Iñaki Artola alegiarra, Jon Ander Peña tolosarra, Jon Erasun zizurkildarra eta Beñat Urretabizkaia ikaztegietarra.

Honako hauek dira akordioak jasotzen dituen eduki nabarmenenak:
1. Josu Eskiroz, Jon Mariezkurrena, Unai Laso eta Victor Estebanen kontratuak berriztatzeko proposamena, bakoitza epe ezberdin batean.
2. Urteroko gutxieneko soldata 25.000 eurotan finkatzea, betiere jaialdiak antolatzen diren
hiru autonomi erkidegoetan pilotalekura sartu daitekeen jende kopurua gutxienez %80ra igotzen direnean berriz ere.
3. Plus Estelarra, halako partidetan parte hartzen duten pilotarientzat.
4. EAEtik eta Nafarroatik kanpora egindako joan-etorriengatik dietak ordaintzea.
5. Adostutako barne-araubidea ezartzea.
6. Entrenamenduei buruzko arauak aldatzea. Kirolariek aukeratu ahal izango dute enpresak zuzendutako entrenamenduetara joan edo euren kontura entrenatu.
7. Soldata baxuenak dituzten pilotariei esklusibotasun klausulak malgutzea.
8. Beste hainbat konpromiso ere hartzen ditu EPEL-ek bere gain, botileroei, informazio eskubideari, lan-egutegiari, lehiaketa egutegiari, eta abar dagokionez.

ELA sindikatua aritu da greban egon diren 15 pilotariekin negoziazio lanak egiten eta pilotariak zoriondu nahi izan ditu "egin duten borrokagatik". Sindikatuak gaineratu duenez, "borroka horren helburua, besteak beste, kolektiboaren prekarietate-arazoei aurre egitea eta inposizioan eta aldebakarrekotasunean oinarritutako lan-harremanekin amaitzea zen. Prozesu horren emaitzak erakusten du oso garrantzitsua dela sindikatu batean antolatzea, baita kirol profesionalean ere, lan baldintzak hobetzeko berme bakarra baita. Agerian geratu da, haien borrokarik gabe, akordio hori ez zela existituko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!