Tolosaldeko ospitale publikoa

Tolosako Udalak esan du laster bilduko dela Osasun sailarekin ospitale publikoaz hitz egiteko

Ataria 2020ko urriaren 16a

Olatz Peon alkateak ospitale publikoaren aldeko "jarrera eta konpromisoa" berretsi nahi izan du, eta dagoeneko udala ospitalerako kokapenak aztertzen ari dela esan du. Asuncioneko agerraldiari buruz esan du Osasun sailarekin hitz egiten ari direla "azalpenak eskatu, zer gertatu ahal izan den eta zein neurri hartuko diren jakiteko, herritarrak seguru senti daitezen".

Tolosako udal gobernuak lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Asuncion klinikan azken egunetan eman diren gertakarien aurrean, eta esan du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin eta klinikarekin harremanetan daudela "bilakaeraren arabera ezohiko neurririk hartu beharko balitz, hartzeko". "Osasun sailari gertatutakoaren harira gure kezka azaldu diogu eta azalpenak eskatu, zer gertatu ahal izan den eta zein neurri hartuko diren jakiteko, herritarrak seguru senti daitezen", gaineratu du Olatz Peon alkateak.

Ospitale publikoaren aldeko konpromisoa berresten duela esan du ere alkateak. Aurretik esana zuen kudeaketa publikoa izango duen ospitalea egitearen alde dagoela eta orain esan du udala jada hasia dagoela ospitalerako kokapenak aztertzen "eta bilera bat egingo dugu laster honen harira Osasun sailarekin Eusko Jaurlaritzak ospitale publiko hori egin dezan bide orria zehazteko".

Asuncioneko agerraldia ez du kudeaketa ereduari lotu, dena den: "Edozein kasutan oinarrian dagoen arazoa ez da kudeaketa ereduarena, hau da publiko edo pribatua den, izandako kutsatze kopuruak kezkatzen gaitu gehien; egungo egoeraren konplexutasuna dela eta ohikoa baita eta izango baita, zoritxarrez, kasu positibo eta foku berriak atzematea eta horiek titulartasun eta kudeaketa publikoko erakundeetan eta ospitale publikoetan ere gertatu dira eta gertatuko dira". "Kutsatzearen lehen olatuan Asuncion klinikak ondo eutsi zion egoerari, bigarrengo honetan, aldiz, kasu positiboak atzeman dira; badirudi egoera egonkortzen ari dela eta astelehenean bertan berrabiatuko dituzte zerbitzu guztiak, espero dugu aurrerantzean horrelakorik berriz ere ez gertatzea, hori nahi baitugu tolosarrok eta horregatik eskatu ditugu azalpenak eta neurriak", gaineratu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!