Olatz Peon Tolosako alkateaz gain, Joseba Egibar alderdiko bozeramailea, Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea, Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJko burua eta Joana Ezkiaga tolosarra izan dira gaurko ekitaldian. Guztiak ere, Gipuzkoako hautagaien zerrendan ageri dira.
Lehenik, Peonek hartu du hitza. Jeltzaleen nahia, etorkizunera begira, Euskal Herriak dituen erronkei eta pandemiak utzitako ondorioei aurre egitea dela adierazi du. “Horretarako, legebiltzar eta gobernu sendoak behar ditugu. Estrategia zehatzak, propioak, gureak, herri honen izaerari lotutakoak, arlo guztietan”.
Peonek gaineratu du, “osasun sistema etengabe hobetzeko konpromisoa” hartzen dutela. “Tolosan, anbulatorioko espezialitate mediku eta kirurgia guztiak har ditzakeen ospitale berria eraikitzea aurreikusten dugu, izaera publikoa izango duena. Gizarte babeserako euskal sistema indartzeko konpromiso osoa ere badaukagu. Pertsonak ardatz hartzen dituen eredua delako gurea”.
“Zutik, eta zugatik”
Peonen atzetik, Mendizabalen txanda izan da. “Zutik da gure leloa. Nik, zugatik gehituko nioke. Pertsonak direlako eta izango direlako gure alderdiak egingo dituen politiken erdian egongo direnak”. Kulturaren garrantziaz ere mintzatu da Mendizabal. “Kulturak desberdinen arteko bizikidetza errezagoa egiteko gaitasuna du, eta herriari nortasuna ematen dio. Gure konpromisoa kultura zaintzea da, kultura sortzaileak zaintzea, sormen industria zaintzea”.
Enplegua, politikarik eraginkorrena
Joana Ezkiaga tolosarra izan da ondoren adierazpenak egin dituena. Esan duenez, ekonomia eta enplegua suspertzea izango dira alderdi jeltzalearen lehentasun nagusienak. “Enplegua da gizarte politikarik eraginkorrena. Merkataritza, ostalaritza, azokak eta turismoa sustatzen dituzte tokiko ekonomiak, eta horiek babestuko ditugu. Gure hitza duzue”.
Fokua, egiteko moduetan
Aldasorok hartu du gero hitza. Bere esanetan, “helburuak lortzeko eredu ezberdinak daude. Egiteko moduak bereizten gaitu, bereizi gaitu eta etorkizunean ere bereiziko gaitu. Horrek egiten gaitu herri, eta nortasuna ematen digu. Asko dugu jokoan; gelditu edo aurrera egin”.
Belaunaldi aldaketaren garrantzia
Azkenik, Egibarrek eman dio amaiera ekitaldiari. “Euskal nazioaren legebiltzarra da Eusko Legebiltzarra; gure izaera eta interesak defensatzeko erakunde garrantzitsuena”, nabarmendu du. “Azken 40 urteetan ez bezala, ezker abertzaleak heldutasun politikoa erakutsi eta bere proiektu politikoa Legebiltzarrera eraman behar du, elkarlana bilatzeko. Proiektu gauzagarri eta eraginkorra eskaintzen diogu gizarteari, gure herrian sinesten dugulako, errespetatzen eta maitatzen dugulako”. Gainera, belaunaldi desberdinen arteko elkartasuna behar-beharrezkotzat jo du Egibarrek. “Ezin dugu gure etorkizuna diseinatu, ondoren datozen belaunaldiei begiratzen ez badiegu”.
Ezker abertzaleak hauteskunde hauetarako aukeratu duen leloari buruzko aipamena ere egin du Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak. “Merezi duzun herria? Berriro ere inposizioaren lotura. Zer esan nahi dute? Herri hau utzita egon dela hamarkadetan edo beraien ibilbidea estaltzeko modua da?”.