Hernioren aisialdirako aukerak balioan jartzeko bideo bat osatu dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 9a, 19:59

Tolosaldeko, Urola Erdiko eta Urola Kostako garapen agentziek bideo bat osatu dute, elkarlanean. Eskualde bakoitzetik abiatuta ibilbide bana erakusten da.

Hernio mendikatea Kontserbazio eta Babes Bereziko Eremua da, balio natural handia duelako, eta horri lotuta, Gipuzkoa erdian kokatuta egonik, aisialdi eta turismorako potentzial handia duela diote Tolosaldeko, Urola Erdiko eta Urola Kostako garapen agentziek. "Erakargarritasun hori balioan jartzeko, eta aisialdirako eskaintzen dituen aukerak ezagutzera emateko xedearekin, bideo bat osatu dute, elkarlanean, Tolosaldea Garatzen, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteko garapen agentziek", esan du Tolosaldea Garatzenek.

"Bi premisa izan dira kontuan euskarri hau sortzerako garaian: alde batetik, fluxu turistikoak lurraldean zehar sakabanatu behar dira, Donostiatik lurraldera. Horretarako eskaintza artikulatu behar da; produktuak sortuz eta eskualdeen artean behar den guztietan lagunduz", gaineratu du. 

Hiru ibilbide, hiru profiletarako

Garapen agentziek hiru profil ezberdin aukeratu ditu Hernio bisitatzeko: familia bat haurrekin, mendian korrika egitea gustuko duten bi gazte, eta mendizale seniorrak.

Profil bakoitzarentzat egokia izan daitekeen ibilbide bana erakusten du bideoak, nahiz eta ez diren aukera bakarrak. Mendikaterako harrera puntu horiek sustatzeaz gain, bertaratzea erraztu nahi da, informazio erabilgarria emanez. Horregatik, bide bakoitzaren deskribapena gehitu zaio, kilometro kopurua eta malda zehaztuz, bakoitzaren gaitasunetara egokitu daitekeen bidea aukeratu ahal izateko.

Bisitariak gidatzen dituen enpresa pribatu baten eskaeratik jaio zen ideia, bezeroei, ikusiko zuten hura aurreratzeko modu bat ere izan asmoz elkarlan publiko-pribatua ere bada, "beraz, eta egungo egoeran, enpresa pribatuei, beraien lana errazteko tresna ere izan nahi du", esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!