«Jendeak zure lana eskertzen du, eta beti eskaintzen dizu zerbait»

Iñigo Terradillos 2020ko urr. 10a, 07:59
Marian San Sebastian. I. TERRADILLOS

28 urte daramatza postari lanetan Marian San Sebastianek (Tolosa, 1964). Ikaztegietan ekin zion lanbideari eta Anoetan ari da gaur egun. Bertan jubilatzea gustatuko litzaioke, «oso pozik» baitago anoetarrekin.

Nolatan hasi zinen postari moduan?

Nire bikotekideak Ikaztegietako Correos-en egiten zuen lan. Utzi egin zuen, eta postua libre geratu zen. Lana gustatzen zitzaidan, animatu egin nintzen eta bertan hasi nintzen lanean. Gero, oposizioetarako prestatu, eta postua lortu nuen Ataunen. Han 20 urtez aritu nintzen lanean.

Gero, bertatik Anoetara pasa zinen?

Tolosaldetik gertuago aritu nahi nuen, lekualdaketa eskatu nuen, eta Anoetako aukera eman zidaten. Bertan ari naiz lanean azken zortzi urteetan.

Anoetako eta Ataungo lana antzekoa al da?

Bai. Bertan ere, orain bezala, bi orduz bulegoan aritzen nintzen, eta ondoren banaketa lanak egiten nituen.

Nolakoa da zure egunerokoa?

07:30ean Tolosara joaten naiz. Bertako bulegoan eskualdeko herri guztietako posta egoten da, eta banatu egiten dugu. Anoetara joaten naiz niri dagokidan postarekin, eta bulegoan egoten naiz bulegoko lana egiten 09:00etatik 11:00etara. Ondoren, banaketa egiten dut. Hori bukatzean, Tolosara joaten naiz bildutako informazioa deskargatu eta jasotako pakete edo gutunak uztera.

Urte hauetan guztietan asko aldatu al da postariaren lana?

Bai. Asko aldatu da. Gaur egun, bestelako zerbitzu gehiago ere eskaintzen dira. Lehen gutunak eta administrazioetako jakinarazpenak izaten ziren batik bat. Paketeria data zehatzetan izaten zen, Gabonetan edo Aste Santuan batez ere. Gaur egun, ordez, erabat irauli da, eta paketeen banaketa asko handitu da.

Zuen lan egiteko modua ere aldatuko zen.

Bai. Karroarekin banatzen dutenen kasuan, egokitu egin behar izan dituzte, eta orain handiagoak dira. Herri txikietan aritzen garenak autoz banatzen dugu normalean, herriaren kanpoaldean geratzen diren etxeetara joan ahal izateko. Motoz ere aritzen dira banatzen. Adibidez, Tolosan motoa erabiltzen du Ibarrara edo Larramendi eta Amarotz auzoetara joaten denak. Anoetan bi pertsona aritzen gara banatzen, bat oinez herrian, eta ni autoz, kanpoaldean geratzen diren auzoetan, fabriketan eta baserrietan.

Teknologiak aurrerapausoak ere ekarriko zituen.

Bai. Esaterako, orain PDA batekin aritzen gara, eta denbora asko aurreztea ekarri du horrek. Izan ere, lehen eskuz egiten zen guztia, eta ondoren bulegoan dena ordenagailuan sartu beharra izaten zen.

Herriko pertsonaia ezagun horietako bat izan ohi zen postaria. Gaur egun ere horrela al da?

Bai. Harreman handia egiten duzu jendearekin, denbora asko igarotzen duzu herritarrekin, eta azkenerako jendearen egunerokoaren berri ere izaten duzu. Lagun asko egin ditut nire lanari esker.

«Oso lan polita da, jendearekin harreman handia daukazu, eta egun guztiak desberdinak izaten dira»


Postariaren bitartez gutun ez oso atseginak iristen dira.

Gutun ziurtatuen kasua izan daiteke. Horiek normalean jakinarazpen administratiboak izaten dira, isunak, esaterako. Ziurtatuak pertsonalak ere izan daitezke; loteria bidaltzeko erabiltzen du jendeak. Gero ogasunaren gutunak ere hor daude.

Ohikoagoa izango da, dena den, poztasuna ematen dutenak banatzea, ezta?

Bai. Agian lehen gutun gehiago bidaltzen ziren, baina, gaur egun ere idazten da. Jendeak oraindik ere idazten ditu gutunak, eta niri oso polita iruditzen zait. Espetxeetatik iristen direnak edo espetxeetara bidaltzen direnak ere badaude. Eguberrietan idazten da asko, eta udan postalak bidaltzeko ohiturak ere jarraitzen du. Horiek guztiak pozerako izaten dira, eta banatzeko ederra izaten da.

Eta tristura ematen dutenak?

Hori, bereziki telegramekin lotzen dut. Gaur egun ez dira hainbeste bidaltzen, baina, lehen norbait hiltzen zenean telegrama bidaltzen zen. Herriko norbait hiltzean telegrama bat egin beharra izaten zen niretzat lan honek duen okerrena. Ez zen erraza izaten.

Gazteek idazten al dituzte gutunak?

Gutxiago. Gutun pertsonalak normalean ez dituzte bidaltzen gazteek. Normala da gaur egun dugun teknologiarekin.

Postari moduan jubilatuko al zara?

Bai, hori espero dut. Anoetan amaitu nahiko nuke nire lan ibilbidea. Oso pozik nago bertan, oso ondo hartu naute herrian, eta oso ondo moldatzen naiz anoetarrekin. Oso lan polita iruditzen zait, jendearekin harreman handia daukazu, eta egun guztiak desberdinak izaten dira.

"Herriko norbait hiltzean telegrama bat egin beharra izaten zen niretzat lan honek duen okerrena"


Pasadizo ugari bizitzea tokatuko zitzaizun postari aritu zaren urte guzti hauetan.

Asko dira. Eguraldiarekin lotutakoak asko, izan ere, lehen elur gehiago botatzen zuen, eta Ataunen ari nintzen batean gogoan dut nola elurretan geratu nintzela ez aurrera ez atzera. Han geratu nintzen bide hartatik bizilagun bat pasa zen arte. Nabarmendu nahiko nuke baita ere, jendeak asko eskertzen duela zure lana, eta beti eskaintzen dizula zerbait. Horrela ezagutu nuen Ataungo mondeju beltza. Intxaurrak, sagarrak… denetarik eskaintzen dizute.

Gaur egun ere bai?

Bai, hemen Anoetan oraindik ere beti eskaintzen didate zerbait, arrautzak, kafea… Eta nik asko eskertzen dut. Toki batean denbora luzez jendearekin lanean ari zarenean, normala den bezala, harremana egiten duzu.

Erlazionatuak

Egokituz, garai berrietara

Iñigo Terradillos 2020 urr 10 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!