Dislexia gizarteratzeko gorriz argiztatu eta janzteko deia egin dute

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urr. 7a, 19:58

Dislexiaren Europar Eguna da bihar, eta Gipuzkoako Dislexia elkarteak eraikin publikoak argi gorriz jartzeaz gain, ikastetxeei gai landu eta kolore gorriz janzteko eskatu die.

Biharkoa Dislexiaren Europar Eguna da, eta gorri kolorea hartua du dislexiak. Hori dela eta, eskaera egina du Gipuzkoako Dislexia elkarteak eskualdeko udaletan ere, eraikinak gorri kolorez argiztatzeko. Argiak ez badira, zapi edo oihal gorriak zintzilikatu daitezke.

Dislexia izateak zailtasun bat ekartzen du idazketan eta irakurketan. Honenbestez, ikastetxeetara ere bideratu dute euren mezua, gaiaz hitz egiteko eskatuz. Hezkuntza Premia Berezi (HPB) ohikoenean gizartea sentikortzea dute helburu. Gorriz jantzita, zapi batekin edota maskara gorri batekin joateko proposamenak luzatu dituzte, eta argazkiak atera eta sare sozialen bidez zabaltzea nahi dute edota Gipuzkoako elkartera bideratzea, beraiek zabaltzeko. «Dislexiak, munduko biztanleriaren %10 inguruan du eragina, gehiengo handi batek, oinarrizko gaitasun instrumentaletan dituzten zailtasunak ezagutu gabe».

Australia eta Zelanda Berritik iritsi zen Europar kontinentera nazioarteko bilakatu den kanpaina. Mundu guztiko eraikuntza eta monumentu entzutetsuenak gorriz argiztatzea du helburu. «Hau, geure gizataldearena egin, zerbait positibo bilakatu eta dislexiadun pertsona guztiak ahalduntzeko helburuz egiten da», dio Gipuzkoako Dislegi elkarteak. Bertako orientatzailea da Arantza Elgezabal, eta ikastetxeei zuzendu zaie: «Ez da bistakoa den zerbait, eta askotan kosta egiten da dislexia dutenen garunek beste modu batean funtzionatzen dutela ezagutaraztea». Zailtasun hitza erabiltzen da maiz;» baina, prozesu horretan zailtasuna dute, baina behin prozesu hori pasata, ez dute zailtasunik, baizik eta, beraien garunak beste modu batez ikasten du», argitu du. Hezkuntzak haurrari ikasteko duen modurik egokiena eskaini behar diola esan du.

Azken urteetan, bai eskoletan eta baita gizartean ere gero eta kontzientzia handiagoa dagoela ikusi dute Dislegitik. Horrekin batera Dislexia On proiektua aipatu du Elgezabal orientatzaileak: «Tolosaldeko eskola askok parte hartu dute, edo parte hartzen ari dira. Horrek esan nahi du arazoa ikusten dutela, eta konponbideen bila ari direla».

Oraindik, ordea, «desinformazio handia» dagoela azpimarratu du, eta irakasleei ez zaiela nahikoa informazio iristen: «Ez dakite ziklo bakoitzean zeintzuk diren kontuan hartu behar diren seinale adierazgarrienak». Eskura dagoela gida bat aipatu du Elgezabalek, Eusko Jaurlaritzaren web orrian, «baina askotan ez dakite non bilatu edo non begiratu guzti hori».

Informazio hori esku artean izan, eta seinale adierazgarriak zeintzuk diren jakinda, «ziur aski, detekzio gehiago egingo lirateke, lehenago», dio Elgezabalek.

Goiz detektatzearen garrantzian jarri nahi izan du azpimarra: «Guk uste dugu, gaur egun, pixka bat berandu detektatzen direla. Adituek diote detektatzeko tarterik onena HHn edota Lehen Hezkuntzako lehen hiruhilekoan dela, eta hemen batez ere hirugarren mailatik aurrera detektatzen dira».

Irakurketa prozesua, administrazioak, prozesutzat hartzen duela kexatu da, eta tentuz hartu behar dela: «Lehen eta bigarren maila da irakurketaren prozesua egiteko eta finkatzeko, eta hori horrela da, eta agian izan daiteke garapen atzerapen bat izatea, baina dagoeneko badaude adierazle batzuk bost urteko gelatik edo lehenengo mailatik nabariak direnak dislexia izateko». Bigarren mailako otsailean jarri dute adituek azken «klika»: «Silabetatik lexikora pasa behar du ikasleak, hau da, hitza irakurtzera. Pauso hori eman behar du otsailean, eta hori beste klabeetako bat da».

Orain, gainera, COVID-19a dela eta, guztiz baldintzatu dute haur horien garapen prozesua edota dislexia duten edo ez detektatzea. Edozein zalantzen aurrean Dislegi elkartea laguntzeko prest dagoela gogorarazi du.

Erlazionatuak

Udala gorriz jantzi dute

Tolosaldeko Ataria 2020 urr 08 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!