Sareren larunbateko ekimena bertan behera

Ataria 2020ko urriaren 1a

Larunbaterako antolatutako #650tontor ekimena 2021eko maiatzaren 8ra atzeratzea erabaki du Sarek, "eguraldiak ez duelako igoera era seguruan egiteko aukerarik ematen".

Izan Bidea ekimenaren barruan, Sarek euskal preso eta iheslarien etxeratzearen eta bakearen zein elkarbizitzaren aldeko aldarriak eman asmo zituen larunbatean Euskal Herriko tontorretara. Eguraldi iragarpena kontuan hartuta, baina, ekimena atzeratzeko erabakia hartu du dinamikak.

"Ekimen honi begira sortutako ilusioa, egindako lan izugarria eta animatu den herritar kopurua aintzat hartuta, 2021eko maiatzaren 8ra atzeratzea erabaki dugu, mendi tontorren igoera historiko hau baldintza egokietan egiteko aukera izango dugula ziurtatzeko", azaldu dute. Hala, izena eman dutenei ekimenaren parte izaten jarraitzeko eskatu die Sarek.

Larunbat honetarako, bestalde, mendietara igoko ez badira ere, herrietan elkartzeko deia luzatu dute. 12:00etatik 13.00etara bitarte elkartu, argazkiak egin eta sare sozialetan zabaltzera animatu dituzte herritarrak, "gure aldarria zabaldu eta milaka garela erakutsiz".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!