Enpresa baten jardun eztabaidagarriaz ohartarazi du Tolosaldeko Kontsumo Bulegoak

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 29a, 14:00

Hotelen eskaintzak eginez dei egiten duen enpresa batekin adi ibiltzeko eskatu dute; eskaintza egitearekin batera datu pertsonalak eskatzen dituztela eta arriskuaz ohartarazi dute.

Ociohoteles.com enpresaren salmenta praktika agresiboen inguruan ohar egin du KIUB, Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak. Espainiar estatuko hotelen eskaintzak biltzen dituen webgunea da, klub pribatu izaera duena. Emaitza, ordea, ez dator bat eskaintza egitean azaldutakoarekin, eta jarduera legezkoa den arren, arriskuaz ohartarazi dute.

KIUBek azaldu duenez, telefono bidez zuzenean jartzen dira harremanetan jendearekin, eskaintzaren berri emateko. "Dei nahasgarriak dira, ez baitituzte baldintzak argi eta garbi adierazten". Bazkide egitearekin batera, gau kopuru baten eskaintza egiten omen dute: "30 edo 40 gau, 150 euroren truke, esaterako". 

Amua irentsi eta interesa agertuz gero, datu pertsonalak eskatzen dituztela azaldu dute, tartean, bankuko txartelarena. "Konturatzerako, eta oraindik bazkide egitea onartu ez arren, lehen kobrantza egiten dute". Gainera, eskaintzan interesa eduki lezaketen senide eta lagunen datuak eskatzen dituztela baieztatu du KIUBek . 

Erreklamazio jartzean eta dirua itzultzeko eskatzean etortzen da arazoa. "Beren agente batek deituko duela esaten dute, dei hori, ordea, edo berandu iristen da edo ez da inoiz iristen". Horrela, diru itzulketa eskatzeko legezko epea agortzen da eta ezin izaten da dirua bueltan jaso. 

Kontsumo Bulegoak ohartarazi du, horrelako dei bat jasoz gero, tentuz jokatzeko: "Ziurtasun guztia izan arte ez hartu erabakirik edota ez eman datu pertsonalik". Azaldu dutenez, "zerbitzuren bat kontratatuz gero, eta atzera egin nahi izanez gero, eskubidea duzu dirua itzultzea eskatzeko, kontratatu ondorengo 14 egunetan". Horretarako, ezinbestekoa da komunikazio frogagarri baten bidez kontratua atzera botatzeko eskatuz, zure eskaera enpresari bidaltzea. Behin hori eginda, Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak lagun zaitzake, kontsumoa@tolosaldea.eus   helbidera idatzita edo  616 647 835  telefonora deituta. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!