Hiru domina irabazita itzuli da Eukene Larrarte Espainiakotik

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 29a, 11:59

Pistako Txirrindularitzako Espainiako Txapelketak izan dira jokoan Tafallako belodromoan, eta Eukene Larrarte tolosarrak hiru domina eskuratu ditu elite mailan. Gipuzkoa Ogi Berri taldeko txirrindulariak urrea lortu du kanporaketako proban, zilarra banakako jazarpen proban eta brontzea puntuazio proban.

Elite mailan ere Iñaki Diaz tolosarra brontzezko domina bat jantzita itzuli zen Tafallatik, taldekako jazarpen proban Euskadiko selekzioarekin lortutakoa. Bere aldetik, Sopela Women's Team taldeko Naia Amondarain ibartarrak ere parte hartu zuen eta lortutako posturik onena laugarrena izan zen, jazarpen proban.

ORIAKOKO GUZTIAK DOMINEKIN

Oriako txirrindulari eskolako neska-mutilak ere izan ziren Espainiako Txapelketetan, eta domina sorta lortuta bueltatu ziren Nafarroatik. Hain justu, guztiek jantzi zuten dominaren bat. Junior mailan Limousingo elastikoarekin scratch proban Arkaitz Garmendia berastegiarrak brontzea lortu zuen, aurretik bakarkako jazarpenean bere denbora pertsonala hobetu eta gogotsu ekin zion scratchari lasterketa bikaina eginez. Euskadiko selekzioarekin Limousin-ZU_K taldeko Kattalin Iriondo oiartzuarrak taldekako abiaduran zilarra eskuratu zuen.

Kadete gizonezkoetan Euskadiko selekzioarekin Limousingo Eneko Arocena tolosarrak eta Urko Vidal berastegiarrak taldekako abiaduran finalean denborarik hoberena egin eta urrea lortu zuten; horrez gain, taldekako jazarpenean brontzea eskuratu zuten. Kadete emakumezkoetan Limousin-ZU_K taldeko Naroa Olano hernialdearrak eta Amaia Astarloa tolosarrak taldekako jazarpenean brontzea lortu zuten Euskadirentzat. Emaitza bikain hauei gehitu behar zaizkie pistako denboraldian zehar Portugalgo nazioarteko probetan, Ligan, Kopan eta Omniun txapelketetan lortutakoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!