Artola: «Beñatekin torneo hau irabazteak asko pozten nau»

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 28a, 19:59
Artola eta Rezusta, Caixabank Mastersaren irabazle.

Artola-Rezustak 9-22 irabazi die Altuna III-Imazi Caixabank Masterseko finala.

Iñaki Artola alegiarrak eta Beñat Rezustak irabazi dute Caixabank Mastersa, finalean Jokin Altuna amezketarrari eta Ander Imazi 9-22 irabazita. Horrelako lorpen bat iristen denean, Artolari burura etortzen zaiona aurretik egindako lan guztia da: «Oso serio hartu nuen txapelketa, ilusioa egiten zidalako, eta atzetik egiten den eta ikusten den lan horren sari moduko bat da». Alegiarrak dioenez, beti izaten du helburu bezala pilotari moduan hazten jarraitzea: «Ez gara hasiberriak, 26 urte ditut, baina ikusten dut azken bolada honetan aurrerapauso bat eman dudala, gainera horrek emaitzetan eragina duela, eta horrek niretzako motibazio bat suposatzen du horrela jarraitzeko».

Rezustarekin ondo eramatea «erraza» dela esan du Artolak: «Txapelketako atzelari onena izan da, eta maila horretan dagoenean berarekin gozatua da jokatzea». Rezustarekin baduela harremana gaineratu du: «Ni baino urtebete zaharragoa da, eta gaztetan asko tokatu zaigu elkarrekin ibiltzea. Berak nire bilakaeraren berri badu, eta nik berea ere bai. Finaleko momentua, biok txapela irabazita, eta Jokin eta Ander aurkari izanda, barrua dezente mugitzen dit, hunkitu egiten naiz, eta asko pozten nau».

Artolak ez zuen espero horrelako aldearekin irabaztea finala: «Hiru partida galdu ditugu ligaxkan eta bi bikote honen aurka izan ziren. Gainera, Jokin tartean izanda, ez dagoen tokitik ere petrolioa ateratzen baitu. Azkenean gure estrategia erdiz-erdi atera zen». Rezusta une honetan «puntu onenean» dagoen atzelaria dela esan du alegiarrak, eta finalerako estrategia partida atzean menperatzea zela. Hasieran, baina, ez zuten hori lortu: «Imaz oso ondo hasi zen, eta Beñat eta ni hotz samar, pilotan ondo jarri ezinik. Jokin jokoan sartzen denean, beti sortzen du arriskua, eta kosta egin zitzaigun. Gero, batik bat, Beñat hasi zen pilota berak dakien bezala jotzen, eta pixkana aurkaria desgastatzen joan zen, nagusitzen joan zen, eta niri gauzak erraztu egin zizkidan». Artolaren lana sortutako aukerak behar bezala aprobetxatzea izan zen, eta horretan asmatu zuela dio.

Aurrera begira, hurrengo txapelketa buruz burukoa du Artolak. Hankan lesio txiki bat duela azaldu du, jokoan ez diona hainbeste eragin, baina une honetan entrenatzea galarazten diona. «Pare bat asteko atsedenaldia beharko dut, helburua buruz buruko txapelketa horretara ondo iristea delako», esan du alegiarrak. «Torneo hau ondo ateratzeak motibatzen nau buruz buruko txapelketarako. Helburua da joko honi eutsi eta konfiantza hau mantentzea».

Baiko enpresarekin duten harremanaz kexatu zirenetako bat izan zen Artola, eta prentsaurrekoa eman zutenetik, Lasok eta Mariezkurrenak ez dute berritu. «Aurrera begira zer egingo dugun taldean erabakitzen dugunean azalduko dugu», esan du Alegiarrak. «Azkeneko egunotan espero ez genituen beste bi zartako jaso ditugu. Gure aldetik prest gaude honi guztiari irtenbide on bat emateko, eta egia esan harritu egin gaitu jaso dugun erantzunak, Laso eta Mariezkurrena ez berrituz. Oraindik espero dugu enpresak jarrera aldatuko duela eta hitz egin ahalko dugula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!