Eukene Larrarte Espainiako txapeldun kanporaketa proban

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 25a, 13:07

Tafallan dago jokoan egunotan Espainiako Pistako Txirrindularitza Txapelketa, eta Eukene Larrarte tolosarra bi aldiz igo da podiumera: kanporaketan urrezko domina lortu du eta jazarpen proban bigarren izan da, lehenengoa izanik 23 urte azpiko mailan. Arkaitz Garmendia berastegiarrak brontzezkoa lortu du scratch proban.

Atzo jokatutako kanporaketa proban podiumeko maila altuenera igo zen Gipuzkoa Ogi Berriko Eukene Larrarte. Marga Lopez ihes eginda joan zen, baina Gipuzkoa Ogi Berriko Tania Calvo taldekidearekin batera azkenean harrapatu eta garaipena lortu zuen Larrartek. Bigarren egin zuen Calvok.

Bestalde, herenegun jokatutako jazarpen proban, Ziortza Isasi izan zen txapelduna, 3.50,877ko denbora eginez, eta bere atzetik egin zuen Gipuzkoa Ogi Berri taldeko Eukene Larrarte tolosarrak, 3.56,842ko denborarekin. Sopela Woman's Team taldeko Naia Amondarain ibartarrak laugarren egin zuen proba berean, 4.01,146ko denborarekin, eta hirugarrena izan zen 23 urte azpikoetan.

Scratch proban, herenegun jokatutakoa, Tania Calvok irabazi zuen, eta proba horretan Eukene Larrarte taldekideak lan handia egin zuen, ihesean joandako Ziortza Isasi harrapatzeko, eta azken esprintean Calvok irabazi ahal izateko.

Arkaitz Garmendiak, brontzezkoa
Limousin Oriako taldeko Arkaitz Garmendia berastegiarra atzo goizean jazarpen proban bederatzigarren sailkatu zen eta arratsaldean scratch proban brontzezko domina bereganatu zuen junior mailan. Adoretsu jokatuz probaren zati garrantzitsuenetan eta emaitza ezin hobea lortuz. Proba erdialdera hiruko batek ihes egin ondoren, Garmendia tropeletik irten eta laukote bat osatzea lortu zuten, Atzetik Balear eta Valentziako selekzioko ordezkariek lan egin behar izan zuten laukotea irensteko. Hamasei itzuliren faltan, Carrascosa Extremadurako ordezkariak ihes egin eta tropelean urduritasuna ezarri zuen, azken lau itzuliren faltan Torrent kataluniarrak eta Garmendiak tropeletik aurreratu eta podiumeko mailak osatu zituzten. Sasoi betean iritsi da Garmendia iraileko probetara, duela aste pare bat Lierniako errepideko proba irabazi eta krono igoera bikain bat bete ondoren segundo batengatik bigarren sailkatu zen bi proben arteko sailkapen orokorrean.

Limousin Oriako taldeko hainbat txirrindulari daude lehiatzen egun hauetan pistako Espainiako Txapelketetan Euskadiko koloreak defendatuz.: junior mailan Kattalin Iriondo, eta kadete mailan Naroa Olano, Amaia Astarloa, Eneko Arocena eta Urko Vidal.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!