Bost atleta doaz Espainiako 23 urtez azpiko Txapelketara

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 24a, 18:00

Tolosa CF Atletismo taldeak ordezkaritza zabala izango du Espainiako 23 urtez azpiko Txapelketan. Asteburuan Sevillan jokatuko duten atletak bost izango dira, guztiak emakumezkoak.

Izaro Perurenak 800 metroak egingo ditu. Orain gutxi lortu du bere marka pertsonala 2.14rekin, beraz, edozer gauza lortzeko ahalmena du atleta tolosarrak. Eunate Martinez de Rituerto altuera jauzian lehiatuko da. Aurten oso erregular aritu da 1,60 metroko langaren gainetik eta lehiaketa on bat eginez gero postu ederra lor dezake tolosarrak. Ainhoa Gibelalde tolosarra bi probatan lehiatuko da. 100 metro hesietan bere 14,86ko marka hobetzen saiatuko da, horrekin postu on bat lortuko duelarik, eta bestalde, 100 metrotan ere ariko da, eta igandean egindako 12,89ko marka pertsonala hobetzeko aukera du. Paula De Juan ordiziarrak 400 metro hesiak egingo ditu berriro ere, eta bere aurtengo 1.00,66 markarekin txapelketako hirugarren postuan kokatzen da izen emateetan. Dena ondo ateratzen bada domina lortzeko aukera izango du. Maddi Perurenak ere 400 metro hesiak egingo ditu. Atleta ibartarra ere oso erregular ibili da aurten 1.05,06 markarekin. Lasterketa ona egiten badu ezta finaletik urrun izango.

BI FINALISTA ABSOLUTUTAN

Orain gutxi Espainiako Txapelketak egin dira absolutu mailan eta bertan lau atleta izan ziren, orain arte Tolosa CF atletismo taldeak izan duen parte hartze handiena.

Ander Uranga anoetarrak 7. postua lortu zuen 4x100 proban, Real Sociedad taldearekin debuta eginez, eta 42,55 denbora lortuz. 200 metroko proban ere aritu zen 21,86rekin denboraldiko marka eginez eta finalerdietaraino iritsiz. Maria Felisa Okomok ere finalista postua lortu zuen pisu jaurtiketan, zehazki 8. izanik, 12,10 metrotakorekin. Paula De Juanek ez zituen sentsazio onenak izan 400 metro hesietan, baina 1.01,37ko marka 9. postua eman zion atleta ordiziarrari. Ainhoa Gibelaldek absolutu txapelketan estreinaldi ona egin zuen eta 100 metro hesietan urteko markatik gertu ibili zen 15,23rekin, finalerdietaraino iritsiz.

KLUBEKO MARKA PERTIKAN

Igandean, Ordiziako Altamira estadioko pista berriaren estreinaldian, Tolosa CF-ko Ander Martinez de Rituerto tolosarrak klubeko errekor berria ezarri zuen pertika jauzian 4,35 metrotako jauziarekin. Aurreko marka 10 zentimetrotan hobetu zuen. Marka horrekin bere adineko estatu mailako sailkapenean hirugarren postuan kokatzen da, urrian egingo den txapelketari begira itxaropentsu azalduz.

Beste hiru atletek bere marka pertsonala egin zuten Ordizian: 1.000 metrotan June Sudupek 3.04 egin zuen eta Ainhoa Muruak 3.20, eta Ainhoa Gibelaldek 100 metrotan 12,88 egin zuen.

ATLETISMO ESKOLA HASTEAR

Irailaren 28tik aurrera Tolosa CF Atletismo Eskola, COVID-19aren inguruko protokolo guztiak jarraituz, berriro ere martxan izango da. Hauek dira entrenamendu egunak eta orduak: infantilak (2007-2008), astelehen, asteazken eta ostiralean, 17:20-18:35 bitarte; alebinak (2009-2010), astelehen eta asteazkenetan, 17:30-18:30 bitarte; benjaminak (2011-2012), astearte eta ostirala, 17:30-18:30 bitarte.

Informazio gehiago Berazubi estadioan arratsaldeetan, atletismo.tolosacf@gmail.com helbidean edota 676 487 222 zenbakian eskura daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!