Itsasoarekiko interesa, gertu

Irati Saizar Artola 2020ko ira. 25a, 19:58

Urte guztian zehar aukera izaten da Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagutzeko. Horrez gain, 500 pertsonatik gorako boluntario sarea dute osatuta, eta tartean, badira euskal itsas ondareak erakarrita boluntario lanetan ari diren hainbat eskualdeko kide ere. Urte osoan zehar dago zabalik boluntario moduan izena emateko aukera Albaola faktorian.

Itsas ondarearen inguruan egiten da lan Albaola Itsas Kultur Faktorian. Euskal itsas teknologia berreskuratzeko eta dagokion balioa emateko sortutako espazio berritzailea da, eta nahiz eta eskualdetik kanpo egon, jende askok bertan egiten du parada, izan museoa ikusi, bisitatu, ikasi edota boluntario bezala lan egiteko. Interesa duen edonorentzat dituzte eskuak zabalik, urte guztian zehar, boluntario gisa aritzeko.

Itsasontzi historikoen eraikuntza dute ardatz Pasaian kokatuta dagoen faktorian, eta leku berean ari dira forma ematen San Juan baleontziari ere. Enara Novillo Albaolako komunikazio arduradunak aurreratu duenez, pandemiagatik «geldirik» izan dute proiektua denbora tarte batean, baina berriro ekin diote lanari eta barkuaren kanpoaldea forratzen hasiak dira, «altueran heldu baitira iritsi behar zuten lekuraino».

Itsasontzien eraikuntzan lan egiten duen jendea badute, guztira, 22 langile daude plantillan, baina ikasleek ere badute haien ikasketak egiteko aukera Albaolan. Hiru urteko formakuntza eskaintzen dute ontzigintza eskolan, Aprendiztegi deiturikoan, «ogibide zaharra ez galtzeko». Momentu honetan, 18 ikasle daude, «mundu osotik datozenak». 2017an jarri zuten martxan eskola, beraz, hiru ikasturte eginda, aurten amaitu dute lehen hiru ikasleek formazio osoa.

Aurrera begira, nabigazio eskola ere martxan jartzea da asmoa. «Nabigazioa gaur egun ere egiten dugu, baina modu itxian, Albaolako kideekin soilik». Ontzigintzako eskolarekin egin bezala, nabigazioko ikasketak ere egin ahal izatea da aurrera begira buruan dutena.

Boluntarioentzat zabalik

Itsasoaren inguruko jakin-min eta interesa kostaldeko jendeak soilik ez duela dio Novillok: «Nahiz eta itsasoa urrun izan, barrualdeko jende asko etortzen zaigu bisitatzera, eta baita boluntario modura ere». Oibar Olano Asteasuko boluntario gaztearen kasua aipatu du: «Urte askoan etorri izan da bisitatzera, eta azken honetan, udara osoa pasa nahi zuen Albaolan; gure ordutegian etorri da asteartetik ostiralera, egunero, eta zenbait asteburuetan ere bai». Beste tolosar baten kasua ere kontatu du. «Pandemiaren aurretik ostegunero etortzen zen; oso langile inplikatua da eta ekarpen ederra egin digu».

Boluntario sare bat dute osatuta Albaolan, 500 lagun baino gehiagokoa. Hartutako konpromiso mailaren arabera dauzkate sailkatuta: batzuk astean behin joaten dira, besteak hilean behin. Badira denboraldi bat bertan egiten dutenak, eta gainerakoak, zerrenda horretan mantentzen dira deialdi berrien zain. «Adibidez, deialdia zabaltzean esaten diegu astebetez traineru bat margotzeko boluntarioak behar ditugula eta apuntatu egiten dira». Komunikazio lanetan, bulegoan, tailerrean, denetariko lanak izaten dituzte guztientzat. Novillok aitortu du, ordea, normalean tailerra izaten dela bertaratzen diren gehienentzat erakargarriena.

Munduko leku desberdinetatik iritsitako jendea dagoenez, kultura askok bat egiten dutela dio Novillok. «Hizkuntza asko hitz egiten dira, eta modu berean, jakintza-alor anitzeko gunea bilakatzen da Albaola; erakargarria da askorentzat, terapia moduan ere erabiltzen dute batzuek maiz».

Urte guztian zehar zabalik dute boluntario moduan aritzeko izen ematea. «Interesa duen edonork gurekin kontaktuan jartzea besterik ez du egin behar», dio. Hartzen duten konpromisoaren arabera egin ohi dute lan bat edo beste, eta bakoitzaren nahiak eta abileziak ere kontuan hartzen dituzte.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!