«Itsasoan ikusten dudanean poza hartuko dut»

Jon Miranda Labaien 2020ko ira. 25a, 19:59
Oibar Olano, udan, lanean, Albaola faktorian. ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA

Asteasuko gaztea aurtengo udan Albaola itsas kultur faktorian aritu da lanean, boluntario gisa eta asko ikasi duela aitortu du. Aukera izango balu esperientzia errepikatuko luke, eta bien bitartean, aldiro egingo du bisita Pasaiara.

Batxilergo ikasketak egiten ditu Oibar Olano Goikoetxeak (Asteasu, 2003) eta etorkizunean zertan aritu nahi duen erabakita ez baldin badauka ere, Albaolako faktoriarekin harremana mantentzea gustatuko litzaioke.

Noiz ezagutu zenuen lehen aldiz Albaolako itsas kultur faktoria?

Lehenengo aldiz duela lauzpabost urte ezagutu nuen Albaola. Eskolakoek irteera bat antolatu zuten hara eta horrela ezagutu nuen.

Eta zein izan zen zure lehen inpresioa?

Inpresio oso ona. Polita iruditu zitzaidan. Proiektua ikusi nuenean oso erakargarria egin zitzaidan, batez ere, San Joan baleontzia XVII. mendeko teknikekin nola egiten ari diren ikustea, eta batez ere ezberdina egin zitzaidan, gaur egun ez dagoelako beste inon horrelako proiekturik. Ordutik urtero joan izan naiz lanak nola doazen ikustera, ia ohitura bihurtu da niretzat.

Nola sortu zitzaizun aurtengo udan bertan boluntariotza egiteko aukera?

Batxilergoa hasi nuenean nire ikaskide batek Albaolakoekin harremana zuela jakin nuen. Hari galdetu nion ea boluntario bezala lanera joateko aukerarik izango ote nukeen. Bitartekari lanak egin zituen eta baiezkoa eman zidaten. Kontua da, boluntario izateko 18 urteak beteta edukitzea eskatzen dutela, eta hortaz, gurasoen baimena behar izan nuen lanean hasteko.

San Joan baleontziaren erreplika egiten ari dira Albaolan eta hori da faktoriaren proiektu izarra. Zertan ari dira une honetan?

Azken asteetan lanak geldituta egon dira, bertan kokatuta dagoen ontzigintza eskolako ikasleak beste proiektuetan aritu direlako. Orain, lanak berriz hartuko dituzte. Arotzak, ikasleak eta boluntarioak aritzen dira baleontziaren erreplika egiten.

Zuk boluntariotzan zer-nolako lanak egin ahal izan dituzu?

Normalean arotzak eta ikasleak aritzen dira baleontzian lanean, baina zerbaitetan laguntza behar badute boluntarioei esaten digute. Nik, adibidez, egurrari olioa ematen jardun dut uda honetan, eta baleontzian erabiliko diren txirrika batzuk egiten prozesuan ere lagundu dut. Ikasleek ere euren proiektu propioak izaten dituzte eta lan horiek egiteko espazioa uzten die faktoriak. Haiei laguntzen ere aritu gara eta Albaolak dituen beste eginkizunetan ere egin dugu lan boluntariook.

Lan ezberdin asko probatu dituzu?

Bai. Albaolak egin dituen ontzi batzuk zaharberritzen ere aritu naiz, dagoeneko zahartuta zeudelako urtean hainbeste denbora pasa ondoren. Mota askotako txalupak daude, baina gehienak traineru antzekoak izaten dira, egurrezkoak.

Nola moldatu zara lan horietan?

Hasieran pixka bat galduta ibili nintzen, normala den bezala. Erreminten izenak esaten dizkizute eta ez dituzu ezagutzen. Ontzi baten parte bakoitzak bere izena du eta orain arte niretzat ezezagunak izan dira hitz horiek. Hala ere, galdetuz gero erakutsi egiten dizute eta azkenerako moldatu naiz. Asko ikasi dut, egia esan.

"Han ez dago inolako makinarik. Lan egiteko teknika hori egin zait interesgarriena"


Zer egin zaizu harrigarriena?

Nola egiten duten lan, dena eskuz eta dena XVII. mendean egiten zen bezala. Han ez dago inolako makinarik. Lan egiteko teknika hori egin zait interesgarriena.

Nola antolatu zara? Egunero joaten al zinen bertara?

Ekaina bukaeran hasi nuen boluntariotza. Opor egun batzuk izan ditut familiarekin, baina gainerakoan saiatu naiz astean bost edo sei aldiz joaten, astegun eta asteburuetan. Astelehenetan itxita egoten da faktoria, baina bestela astegunetan 09:00etatik 14:00etara eta larunbatetan 10:30etatik 18:00etara egoten nintzen han.

Eta egunero Pasaiara joan beharra...

Bai, hori da. Asteasutik, bide pixka bat badago, baina gustura egin dut.

Eskolako ikasleak eta gainerako boluntarioak zu baino puska bat helduagoak izango ziren. Zer-nolako harremana egin duzu beraiekin?

Boluntario batzuk nire adina bikoizten zuten. Egia da ez nituela hasieran ezagutzen eta beti izaten duzu beldurra gauzak gaizki egiteko. Baina ezagutu ahala, oso polita izan da haiekin harremana. Pertsona bakoitzak bere modua du erakusteko eta asko gozatu dut. Jende asko mugitzen da han eta oso ezberdina. Boluntario gehienak hemen ingurukoak izaten gara, baina ontzigintza eskolan aritzen direnak munduko toki ezberdinetatik etorritakoak dira. Greziarrak, alemanak, irlandarrak, estatubatuarrak... denetarik ezagutu dut. Azken batean, ontzigintza antzinako erara lantzen duen eskola gutxi dago munduan eta atzerritik jende asko etortzen da.

Erabaki al duzu ikasketak zein arlotara bideratu nahi dituzun?

Egia esan ez daukat ideiarik ere nondik jo etorkizunean. Ez daukat argi planteatuta baina gauza bat bai esan dezaket: Albaolarekin harremanetan jarraitu nahi dut. Nahiz eta eskolan hasita nagoen, aurreko larunbatean, adibidez, boluntario bezala lanean aritu nintzen han.

Boluntariotza errepikatzeko modukoa iruditu zaizu?

Bai, dudarik gabe. Errepikatuko nuke, zalantzarik gabe, behin eta berriro. Nire ustez normala da hainbeste pertsonek hainbesteko interesa agertzea, oso proiektu berezia delako Albaolarena.

Zer sentituko duzu San Joan baleontziaren erreplika hori itsasoratzen duten momentuan?

Baleontzia itsasoan ikusten dudanean izugarrizko poza hartuko dut. Jakitea proiektu horretan parte hartu eta nire aletxoa jarri dudala, gauza handia izango da. Ea hemendik pare bat urtera bukatuta dagoen.

Erlazionatuak

Itsasoarekiko interesa, gertu

Irati Saizar Artola 2020 ira 25 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!