Udako baratze ederrena aukeratzeko lehiaketa jarri dute martxan

Ataria 2020ko ira. 22a, 19:59

Baratze Parke Sareko baratzekideek parte hartu ahal izango dute, hiru argazki bidalita baratzeparkea@ekogunea.eus helbidera, irailaren 25a baino lehen.

2018 urtean Baratze Parkeen bideo lehiaketa antolatu zuen Kutxa Ekoguneak; Iaz, berriz, Gau Beltza ospatzeko kalabaza handienaren lehiaketa egin zuten; Eta oraingo honetan, udako baratze ederrena aukeratzeko lehiaketa egingo dute.

Baratze parkeetako erabiltzaileek eta elkarteek egiten duten lana ikusarazi nahi du Kutxa-Ekoguneak lehiaketa honen bitartez. Lehiaketara aurkezteko Baratze Parke Sarean lursail bat eduki beharko du parte hartzaileak eta sareko baratzekidea izan beharko du. Hiru argazki bidali beharko ditu, 2020ko abuztuaren 1etik aurrera ateratakoak.

  • Lehen argazkian, lursailak agertu beharko du, lursail zenbakia ikusten ez dela, anonimotasuna bermatzeko.
  • Bigarren argazkian, lursailaren zenbakia agertu beharko du.
  • Eta hirugarrena, lursaila Baratze Parkean dagoela erakusten duen argazki panoramikoa beharko du izan.

Argazkiak irailaren 25a baino lehen bidali beharko dira baretzaparkea@ekogunea.eus helbidera, norberaren izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa, Baratze Parkearen izena eta lursail zenbakia adierazita.

Kutxa-Ekoguneak izendatutako teknikari batek lehiaketara aurkeztutako zortzi lursail ederrenak aukeratuko ditu eta hauek pasako dira lehiaketaren bigarren fasera. Zortzi finalisten lursailen argazkiak publiko egingo dira Kutxa-Ekoguneko atarian eta sare sozialetan, irailaren 30ean,

Ondoren, Baratze Parke Sareko baratzekideek aukeratuko dituzte hiru irabazleak urriaren 1etik 7ra egingo den bozketa bidez. Bozka, baretzaparkea@ekogunea.eus helbidean eman beharko da. Lore eta barazkien aniztasuna eta osasuna, lurraren kalitatea eta baratzaren konposizioa eta koloreen edertasuna hartuko dira kontuan irizpide gisa baratze ederrena aukeratzeko.

Urriaren 9an ezagutuko dira hiru irabazleen izenak. Lehen saria eskuratzen duenak 80 euro, bigarrenak 60 euro eta hirugarrenak 40 euro eramango ditu eta guztientzako bertako produktuen saskiak egongo dira. Gainera, 30 euroko balioa duten bertako produktuen bi saski zozkatuko dira bozketan parte hartu duten guztien artean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!