Ez zuten espero horrelako denboraldia egingo zutenik, ETE Liga irabaziz, bederatzi bandera lortuz, eta Kontxako Banderan ohorezko txandan sartuz. Baina Tolosaldea traineruak sekulako urtea egin eta gero, aho zapore gazia geratu zaie, ezin izan zutelako nahi eta ahal zuten bezala Eusko Tren Ligara igotzeko bi estropadetan lehiatu. Azkenean Hondarribia geratu da berriro Eusko Tren Ligan eta Tolosaldea datorren urtera begira jarri da dagoeneko. «Asteburuan nahiko kolpe gogorra jaso dugu», esan du Malen Oiarzabal arraunlariak. «Guregandik etorri den kolpe gogorra da, inork ez zuen erabaki, gure arazoa izan zen. Beroan, burumakur egon ginen, baina denbora pasata eta dena hotzean pentsatzen jartzen garenean, pozik begiratuko diogu denboraldian egindakoari».
Larunbatean izan zuten lehen estropada, Bermeon, itsasoan, eta bertan bigarren postuan geratu ziren Tolosaldeakoak, Hondarribiatik segundo batera. «Asmoa zen bizirik ateratzea, oraindik aukerekin», esan du Oiarzabalek, «eta nik uste dut horrela atera ginela, igandean dena erabakiko zela. Larunbatean oso zail zegoen arraunerako, baina zati batzuetan eroso sentitu ginen, eta balantze positiboa egin genuen».
Igandean, baina, korronte handia zegoen Portugaleten, eta estatxarekin arazoak izan zituzten. Estatxa ez hartzeagatik hamar segundoko zigorra jaso zuten, eta horrek eragina izan zuen proban. «Lekuz kanpo atera ginen, eta burua horrela duzunean, ez duzu arraunketa hartzen, ez duzu disfrutatzen... Baina horrela ikasten da», azaldu du Oiarzabalek. Azkenean hirugarren egin zuten eta Hondarribia bigarren izan zenez, bi egunetako puntuak batuta, Eusko Tren Ligan geratu da. «Pena hor dago, borroka horretan ginen larunbatetik eta ezin erakutsi ahal izatea benetan non gauden. Ziur gaude hurrengo urtean berriro ere igoera fasean egongo garela, eta horren bila joango gara igandetik hasita».
Igande eguerdian bazkaria egin zuten traineruko eta klubeko kideek, eta bertan ospatu zituzten aurten lortutako ETE liga, bertako bederatzi banderak eta Kontxako Banderan egindakoa. «Ez genuen espero denboraldi hasieran emaitza horiek lortzea, are gutxiago konfinamendu batetik pasa ondoren», esan du Oiarzabalek. «Denontzako oso gogorra izan da, eta oso harro egon beharko ginateke lortu dugunarekin».
Denboraldia bukatu zaie, baina igandean azken estropada amaitu eta gero, arraunlariek garbi utzi zuten datorren urtean jarraitu egingo dutela taldean. «Bizkar hezurra mantentzen da, eta horrek berriz ere indarra emango digu neguan zerotik lanean hasteko», zehaztu du Oiarzabalek.
TAK arraun klubeko kidea den Kike Mokoroak azaldu duenez, asteburuan gertatutakoak «ez du zapuztu behar urtean zehar egindako lana eta lortutako emaitzak». Hori bai, pena dutela dio, «gure eskuetan egon zitekeen zerbait, estatxaren kontuarengatik kanpoan geratu izanagatik. Bestalde, esan beharra dago, denboraldi hasieran ez zela helburua mailaz igotzea, baina beraien esfortzuarengatik eta emaitzengatik hor kokatu gara eta aukera horiek izan ditugu».
Mokoroak gaineratu du txalotzekoa dela traineruak egindako denboraldia, eta gauza asko izan behar direla kontuan: «Eusko Tren eta ETE ligako talde gazteena da, batez beste 19,1 urterekin, eta lortu dutena bikaina ez, hurrengoa izan da. Igotzeko aukera izan dugu eta denok gara lehiakorrak eta irabaztea gustatzen zaigu. Bestetik, denek jarraitzeko asmoa dute, eta horrek epe ertainera aukera ematen digu gauza garrantzitsuak lortzeko».
Patxi Frances entrenatzailearen lana azken bi urteotan funtsezkoa izan dela azaldu du Mokoroak, ahaztu gabe traineruaren lehenengo urtean Jose Luis Perez Koteli entrenatzaileak egindakoa, eta bateletako entrenatzaileek egiten duten ekarpena. Francesekin hiru urteko proiektua hitzartu zuten, eta hurrengoa izango da hirugarrena. «Aste honetan bilera dugun datorren urteari begira jartzeko», zehaztu du Mokoroak. «Bera guretzako oso garrantzitsua da, oso gustura gaude berarekin, eta hiru urteko hitzarmen hori luzatzeko nahia agertuko diogu bileran».
Hiru batel sailkatu dira Espainiako Txapelketara
Asteburuan Gipuzkoako eta Euskadiko batel txapelketak egin dira eta bertan TAKeko batelek parte hartu dute. Normalean martxoan eta apirilean egin izan dira, eta aurten, irailera atzeratu behar izan dituzte. «Emaitzak espero genituenak izan ziren, kadete nesketan izan ezik. Urte osoan zehar lehenengoak eta bigarrenak izan ziren, baina beraiek parte hartu zuten txandan baldintzak aldatu egin ziren eta horrek eragina izan zuen azken emaitzan», azaldu du TAKeko Kike Mokoroak. Gipuzkoako Txapelketan, infantil neskak zein mutilak lehen postuan geratu ziren, kadeteetan neskak seigarren eta mutilak laugarren izan ziren, eta jubeniletan neskek bigarren eta mutilek laugarren amaitu zuten.
Gipuzkoakoan lortutako emaitzek balio izan dute Euskadiko Txapelketara bost batel sailkatzeko: infantil neskek txapela jantzi zuten, infantil mutilak bigarren izan ziren, kadete mutilak laugarren izan ziren, eta jubeniletan, neskak bigarren eta mutilak zortzigarren geratu ziren. Hori horrela, Espainiako Txapelketarako infantil neska eta mutilak, eta jubenil neskak sailkatu dira. Galizian izango da jokoan, urriaren 3 eta 4an.
TAKeko infantil neskak, Gipuzkoako Txapelketako eta Ligako banderekin.