Unai Iribar irabazle Segurako txirrindulari proban

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 17a, 11:58
Unai Iribar, bigarrena ezkerretik, Segurako San Juan Sariaren sari banaketan. GIPUZKOAKO TXIRRINDULARITZA FEDERAZIOA

Laboral Kutxako Unai Iribar txirrindulari ibartarrak irabazi du Euskaldun torneorako baliagarria den Segurako San Juan Saria. Esprintean lortu zuen garaipena Iribarrek.

Azken maldatxoan, Zerainera igotzen bost txirrindularik alde egin zuten, tartean Iribarrek, baina helmugarako 300 metro falta zirela 20 txirrindulariko talde batek harrapatu zien, eta orduan bideratu zuten esprinta eta ibartarra izan zen azkarrena.

Euskaldun torneoan elite mailakoek (25 urtez azpikoek) eta 23 urtez azpiko mailakoek parte hartzen dute. Euskaldun torneoan bigarren postuan doa sailkapen orokorrean ibartarra, 56 punturekin. Aurretik Baque Team taldeko Jon Barrenetxea doa, 69 punturekin.

Larunbat honetan Oñatiko proban parte hartuko du Iribarrek, Lehendakari torneoaren barruan. Torneo horretan 23 urtez azpiko txirrindulariek parte hartzen dute. Oñatiko proba torneoko hirugarrena eta azkena izango da, eta Iribar doa sailkapen buru 35 punturekin. Joseba Lopez doa bigarren postuan, 26 punturekin. Iribarrek azaldu du bere asmoa lehen postu hori mantentzea dela.

ERLOJUPEKO TXAPELKETA

Eskualdean jokatuko da igande honetan Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa, Alegian, hain justu. Gizonezkoen junior mailakoak izango dira lehenengoak parte hartzen, 10:00etan hasita, eta 18,5 kilometro egingo dituzte. Limousin-Oriako taldeko Imanol Morales tolosarrak, Arkaitz Garmendia berastegiarrak eta Unai Zubeldia ibartarrak parte hartuko dute.

Emakumezkoen proban junior eta 23 urtez azpiko mailetakoak ariko dira, 11:00etatik aurrera, eta 18,5 kilometro egin beharko dituzte. Bertan parte hartuko dute Gipuzkoa Ogi Berriko Eukene Larrarte tolosarrak eta Sopela taldeko Naia Amondarain ibartarrak 23 urtez azpiko mailan, eta Limousin-Oriako taldeko Xubane Garaik, Kattalin Iriondok eta Lur Zufuriak junior mailan.

Gizonezkoen elite eta 23 urtez azpiko mailetakoak 12:15ean hasiko dira eta 25 kilometro ibilbidea izango dute. Laboral Kutxako Iñaki Diaz tolosarrak parte hartuko du bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!