Hirugarren postuaren bila atera dira Tolosaldekoak baina ezin izan dute Arraun Lagunak gainditu. Halere "oso gustura" azaldu dira egindako bi jardunaldiekin, eta ohorezko txandan aritzeagatik. Oriok bere nagusitasuna erakutsi du eta abantaila on batekin irabazi du bigarren jardunaldia, bandera ere bereganatuz. Donostiarra eta Arraun Lagunak izan dira helmugan ondoren.
Aiora Sorozabal Tolosaldea traineruko patroiak gustura hitz egin du gaurko estropadaz: "Gozatu egin dugu, eta ikusi da borrokatu egin dugula. Orokorrean oso gustura geratu gera egindako estropadarekin eta arraunean nola aritu garen ikusita. Hirugarrena beti hobeagoa da, baina ondo jokatutako laugarren postua izan da". Lehenengo luzean ondo arituko zirela bazekiten. "Bagenekien borroka bueltan etorriko zela, eta joaterakoan eusten bagenien, buelta oraindik eta gehiago errematatu behar genuela. Itzulerakoan Donostiarra denbora guztian aurrean izan dugu, eta gure kalera ere sartzen hasten zen. Arraun Lagunaki ez diogu hainbeste begiratu, baina begiratzean hor zegoela ikusten genuen. Azkenean itzulera nahiko gogorra izan da". Itsasoan ez dagoela erreferentzi garbirik esan du Sorozabalek, baina ikusten zuen Donostiarra bigarren kalera sartzen zela eta beraiek hirugarren kale aldera joaten zirela. "Kexatzen hasi naiz epaileei, eta hauek Donostiarrari zerbait esan die, baina... Gure brankako arraunlariak Dosnostiarrakoen popakoen kontra zihoazen ia-ia, eta epaileek gehiago agindu izan balie, guretzako hobeto izango zen".
Patxi Frances entrenatzaileak azaldu duenez, "neskek maila eman dute, hasieratik bukaera arte, eta borrokatu egin dute. Oso ondo egin dute arraun, gure gaitasunaren ehuneko ehunean, eta oso gustura gaude". Donostiarrak Tolosaldeari egin ahal izan dion eraginaz ezin duela asko hitz egin esan du: "Aurten geldirik eta aparte utzi gaituzte, eta ni badiaren barruan nengoen. Nire perspektibatik ezin izan nuen ikusi. Bai sartu direla gure kaletik, eta noski, ez digute lagunduko. Gurea polemikan sartu nahi ez duen taldea da, eta guk egin nahi duguna da arraun egitea, eta gure lana egitea uztea, eta horrela jarraituko dugu hurrengo igandera arte". Laugarren postua "historikoa" dela taldearentzat gaineratu du Francesek, eta taldea bi jardunaldietan lehiatu den modua nabarmendu du: "Hiru selekzio diren taldeen aurka lehiatu gara, eta guk etxekoekin aurpegia eman dugu, eta beraien mailan aritu gara".
Gaurko eguna opari bat bezala izan dela esan du Sabino Alijostes TAK Arraun klubeko lehendakariak. "Gaur zailtasun bakarra zegoen, Hondarribiaren aurretik sartzea. Beraiek lehen txandan aritzen ziren, eta azkenean zortzi segundo inguru atera dizkiogu. Laugarren postua mantendu dugu, baina bi segundora Donostiarratik, eta 40 ehunenekora Arraun Lagunaketik". Arraunlariek "meritu izugarria" dutela gaineratu du: "Etxekoak izateaz gain, kontuan izan behar dugu gaurkoan bataz beste 19,1 urte zituela traineruak".
Ohiane Iraola Orioko arraunlari tolosarra gustura azaldu da bigarren Kontxako Bandera jarraian irabazita: "Aurreko urtekoa berezia izan zen, lehenengoa izan zelako. Baina aurtengoan ere bere puntu berezia du bizi dugun egoerarengatik. Taldeak erakutsi du egoskorrak garela eta lana ondo dakigula egiten, eta azkenean emaitzak etortzen direla". Estropadaren hasieratik beraien lekua hartzera joan direla esan du Iraolak: "Hasieran borrokatu gara beraiekin, eta gero itsaso aldera sartu garenean pixka bat lasaitu gara eta gure lana egiten jarraitu dugu".
Jon Lizarralde tolosarrak hirugarren bandera irabazi du jarraian Hondarribiarekin, eta laugarrena orotara, 2013koarekin. "Gu gure lana egitera joan gara, kalearen kontuak-eta ahaztuta, eta esan dezakegu dena ondo egin dugula eta gure aukerak aprobetxatu ditugula", esan du. Arraunlari bloke berak lortu dituela azken lau banderak nabarmendu du Lizarraldek: "Urte asko daramatzagu batera lan egiten, eta gero fruituak hor daude". Ez du arraun egin Kontxako Banderaren bi jardunaldietan, baina kanpotik urduritasun gehiagorekin bizitzen dela esan du. "Daramagun urtea ikusita, gorabehera batzuekin, bukaeran sasoi aldetik maila altuan gaudela erakustea oso pozgarria da", gaineratu du.
Sailkapenak
Emakumezkoen Kontxako Bandera
2. jardunaldia Guztira
1. Orio 10.49,54 21.59,80
2. Donostiarra 11.01,36 22.13,84
3. Arraun Lagunak 11.03,40 22.27,26
4. Tolosaldea 11.04,12 22.31,92
5. Hondarribia 11.11,78 22.40,38
6. Hibaika 11.20,20 22.51,72
7. Zumaia 11.24,00 23.03,82
8. San Juan 11.31,06 23.22,20
Gizonezkoen Kontxako Bandera
2. jardunaldia Guztira
1. Hondarribia 19.39,22 39.26,52
2. Zierbena 19.44,52 39.39,74
3. Santurtzi 19.55,74 40.02,40
4. Orio 19.51,82 40.02,66
5. Urdaibai 19.52,70 40.09,70
6. Donostiarra 19.58,18 40.16,48
7. Cabo 20.00,36 40.38,66
8. Zarautz 20.25,12 41.22,66
Eta orain, igoera fasea Tolosaldearentzat
Igoera fasea dute hurrengo helburua Tolosaldea trainerukoek, datorren larunbatean eta igandean. Sorazabalek dioenez, "lehian ariko garen lau traineruetatik Kontxan lehenengo geratu gara, eta uste dut horrek lasaitasun puntu bat emango digula. Baina ezin gara fidatu, Hondarribiak gaur ere estropada txukuna egin du, eta bai beraiek eta bai Hibaika gutxiena espero duzuenean susto bat emateko gai dira. Beraz, gaur etorri garen mentalitate berarekin joango gara gu, sinistuz gauzak ondo egiten baditugu emaitza politak lortzeko aukera dugula".
Estropada bukatu bezain laster arraunlariek datorren asteburua buruan zutela nabarmendu du Francesek: "Gozatzen duen talde bat gara, baina baita lehiakorra ere. Estropada bukatu ondoren zoriondu eta besarkatu gara, baina automatikoki esan dugu igoera fasean gaurtik pentsatzen hasi behar dugula". Alijostesek gaineratu duenez, "bi urte aurreratu dira neska hauek. Horrelako gazteak izan eta igoera faserako sailkatzea..., ez genuen pentsatzen horren azkar iristea. Hori bai, oso ondo iritsi dira, eta igotzen bagara igoko gara. Gainera, gogo biziz daude igoera fasean parte hartzeko". Bide batez, Tolosaldeko 28 udalerriei zein babesleei ematen duten laguntza eskertu die TAKeko lehendakariak.