Puntu garrantzitsua Altunarentzat

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 7a, 18:59
Altuna III.a, pilotarekin, Caixabank Masters txapelketako partida batean. BAIKO

Amezketarrak Imazekin batera Peña II.ari eta Rezustari 22-20 irabazi diote hamabigarren jardunaldian. Jon Ander Peñak Iñaki Artola ordezkatu zuen, COVID-19aren protokoloak direla-eta alegiarra isolatuta dagoelako.

Caixabank Mastersean zortzigarren puntua lortu dute Altuna III.ak eta Imazek, eta sailkapeneko lehen postuetan dira. Peña II-Rezustaren aurka irabazten hasi ziren arren (3-1), kosta egin zitzaien berriro aurretik jartzea (18-17). Ordura arte, Peña II-Rezusta izan ziren jaun eta jabe, eta bost tantoko aldea izatera iritsi ziren partida oso aurreratua zegoenean (12-17). Baina gorrien oldarraldiak, zortzi tanto jarraian eginda, Altuna III-Imaz partidan sartu zituen eta azkenean irabaztea lortu zuten (22-20).

Bestalde, Jakaren ordez jokatzen ari den Peio Etxeberriak eta Albisuk azken hiru partidak irabazi behar dituzte finalerdietan sartzeko, eta lehenengoa lortu dute. Aiegin 14-22 garaitu zituzten Bengoetxea VI-Martija.

Pilotariak isolatuta

Rezustarekin bikote eginda ari da jokatzen Iñaki Artola Caixabank Mastersa, baina gaur egun isolatuta dago, COVID-19aren inguruko protokoloak direla-eta. PCR proban negatibo eman du, baina positibo eman duen pertsona batekin zuzeneko harremana izanagatik isolatuta egon behar du.

Bestalde, Beñat Urretabizkaia pilotari ikaztegietarrak emaitza positiboa eman du egindako PCR proban, beraz, agintariek kasu horietan ezarritako protokoloa jarraitu beharko du eta isolamendu egoeran egon beharko du hamar egunean. Horrez gain, Jon Erasun pilotari zizurkildarra ere isolatuta dago; PCR proba egina du baina oraindik ez dute jakinarazi eman duen emaitza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!