«Irakasleak ikaskide bat gehiago dira»

Irati Saizar Artola 2020ko ira. 4a, 19:58

Ikasteaz gain, harremanak egin eta adiskidetasun horretaz gozatzeko tartea hartzen dutela diote Arantxa Etxeberria eta Yassine El Outmani Tolosaldeko Helduen Heziketa Iraunkorreko ikasleek; orain matrikula egin eta bi aste barru hasiko dira berriro ere klaseekin.

Ikasturtea hasteko gogoz dauden bi ikasle dira Arantxa Etxeberria (Tolosa, 1950) eta Yassine El Outmani (Ordizia, 2000). Tolosaldeko Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroan ikasten dute biek eta helburu ezberdinekin doaz ikastera: erretiroa hartuta dago eta bere kultura maila handitu nahi du lehenak, eta bigarrenak, unibertsitatera joan ahal izateko prestatu egin nahi du.

Zer da zehazki egiten duzuena zentro honetan?

Arantxa Etxeberria: Zortzi urte daramatzat eskola honetan ikasten eta ikastaro mordo bat ere egin ditut dagoeneko, baina, batez ere, artea eta memoria teknikak ikasten ditut. Erretiroa hartu nuenean, zerbait ezberdina egin nahi nuela bururatu zitzaidan. Ikasteko aukera hauek banituela jakin nuen eta apuntatu egin nintzen. Hemen jarraitzen dut. Ikusi dut ikasteaz gain, harremanak egiteko ere leku egokia dela.

Yassine El Outmani: Iaz etorri nintzen zentro honetara ikastera. Gehienbat gaztelania eta euskara ikasten ditut, baina baita beste hainbat arlotako ikasgaiak ere. Urte eta bi hilabete daramatzat Euskal Herrian, eta hona iritsi aurretik ez nekien hitzik egiten gaztelaniaz, eta euskara existitzen zenik ere ez nekien. Ikastetxe honek bereziki gaztelaniaz hitz egiten ikasteko aukera eman dit, kalean komunikatu ahal izateko.

Zergatik hautatu zenuten zentro hau?

Y. E. O.: Nik behin Euskal Herrira etorrita ez nuen denbora alferrik galdu nahi. Ingelesa menderatzen nuen, baina ez zen nahikoa hemengo jendearekin komunikatu ahal izateko.

A. E.: Nire kasuan, etxetik irtetea gustatu egiten zait, eta baita jendearekin harremana izatea ere.

«Nire gaztelania maila hobetu nahiko nuke, unibertsitatera joan ahal izateko»


Aurten ere bertan jarraituko duzue.

Y. E. O.: Bai, nire gaztelania maila hobetu nahiko nuke, ondoren unibertsitatera joan ahal izateko. Marokon bizi nintzenean batxilerra egin eta unibertsitatean Zuzenbideko gradua ikastera iritsi nintzen, baina hona etorrita, ez zaizkigu tituluak homologatzen. Gainera, han, arabieraz eta ingelesez ikasi nuen, eta hemen gutxienez gaztelania beharko nuke. Goizez Peñascal fundazioan ikasten dut, eta arratsaldeak aprobetxatzen ditut hizkuntzetarako.


Zentro honetan benetan ikasi nahi duen jendea topa daiteke?

A. E.: Bizitzako gorabeherak direla eta, batzuek ezin izan dute lehenago ikasi. Eta orain, zerbait falta zaiela sumatzen dutenez, ikastera animatu dira. Gero, nire kasuaren antzekoak daude. Ikasten eta trebatzen jarraitu nahi dugulako gaude hemen.

Nolakoak dira klase orduak ikastetxean?

A. E.: Oso dibertigarriak dira. Nahiz eta ikasi behar izan, oso denbora tarte polita pasatzen dugu. Gainera, era askotako taldeak ditugu: adin tarte ezberdinetakoak, leku ezberdinetakoak. Adibidez, ordea, memoria tekniken klaseetan 60 urte ingurutik hasi eta 80 urte inguru bitartekoak joan ohi gara. Arteko klaseetan, aldiz, adin tarte ezberdinetakoak aurki daitezke.

Y. E. O.: Ni joaten naizen klaseetan ere askotariko jendea dago eta aberatsa da hori. Irakasleekin dugun harremana ere oso-oso estua da eta aldi berean polita. Esaterako, aste honetan bertan, iazko ikasturteko irakaslearekin geratu nintzen arratsaldea pasaz, Donostian buelta bat emateko. Hori ikastetxe arrunt batean ez da gertatzen.

A. E.: Adiskidetasun handia dago. Irakasleak ikaskide bat gehiago bezala dira eta daukagun harreman hori oso polita da.

Zer du ona zentro honetan ikasteak?

Y. E. O.: Doan ikasteko aukera hau ez daukagu beste lekuetan. Ni bezalako gazte asko datoz hona; gaztelania ikasten urte batzuk pasa eta ate asko irekitzen zaizkigu ondoren. Integratzeko ere oso ondo etorri zait. Zentro honetara etorri aurretik ez neukan lagunik Euskal Herrian, eta hemen jendea ezagutzeko aukera izan dut, baita euskal kultura ezagutzekoa ere.

Zer esango zeniokete matrikulatzeko zalantzan dagoenari?

A. E.: Nik animatu egingo nuke, ikasturte batean behintzat proba dezala.

Y. E. O.: Nik gazteei luzatu nahiko nieke deialdia, ikasteko eta harremanak egiteko leku oso egokia iruditzen baitzait. Horrez gain, ez dut uste inoiz berandu denik ikasteko. Niretzat aukera ezin hobea izan da eta horregatik jarraitu nahi dut.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!