Heldua izan eta ikasteko gogoa eduki

Jon Miranda Labaien 2020ko ira. 4a, 19:59

Tolosaldeko Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroak ikasturtea abiatuko du irailaren 17an, Tolosan eta Villabonan dituen egoitzetan. Askotarikoak dira bertan aritzen diren ikasleak eta haiei egokitutako eskaintza egiten dute ikastetxean. COVID-19ak eragindako osasun egoerara moldatuta abiatuko dute 2020-2021 ikasturtea.

Tolosaldeko Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroa 1988-1989 ikasturtean hasi zen lanean hiru irakaslerekin eta oso ikasle gutxirekin. Egungo ikastetxeko zuzendari Ander Pascual Arizen esanetan garai horretan helburu nagusia bertako jendeari irakurtzen eta idazten irakastea zen: «Hiru hamarkada pasata, biztanleriaren beharrak zeharo aldatu dira eta behar horiei erantzuna emateko aldaketa sakonak egin dira bai gurean eta baita beste helduen ikasketetako ikastetxeetan ere».

Gaur egun bertako biztanleriaren alfabetatzea ia erabatekoa da eta Tolosaldeko Helduen Heziketa Iraunkorreko zentrora gerturatzen diren ikasleen beharrak ezberdinak dira. Pascualek hiru multzotan banatu ditu ikasleak: «Euskal Herrira berriki iritsitako pertsonak; haien ibilbide akademikoa bete ez dutenak, alegia, Bigarren Hezkuntzako titulua ez dutenak; eta azkenik, goi mailako ikasketak egin nahi dituzten ikasleak, unibertsitaterako sarbide proba edo Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasketak egin nahi dituztenak. Horiekin batera, badira ere beraien kultura maila handitu nahi duten ikasleak ere, gehienbat adinekoak».


Behar horiek guztiak asetzeko, 2020-2021 ikasturtean 15 irakasle arituko dira Tolosako eta Villabonako egoitzetan. Matrikula epea asteazkenean zabaldu zuten eta hilaren 14ra arte egongo da irekita. Oraindik ez dakite zenbat ikasle ariko diren, baina Pascualen hitzetan 350-400 ikasle inguru espero dituzte, irailaren 17an hasiko den ikasturtean.

COVID-19ra egokituta

Gainerako ikastetxeetan bezala, joan den martxoan COVID-19aren pandemiak ezustean harrapatu zituen Tolosaldeko Helduen Heziketa Iraunkorreko arduradunak. Aurrez aurreko saioetatik urrutiko hezkuntzara igaro ziren. «Gure ikasleen perfila oso anitza izanik, inork ibilbide akademikoa gal ez zezan, irakasle taldeak bide desberdinak aurkitu behar izan zituen». Hainbat talderekin informazio eta komunikazio teknologiak erabili ziren online ikasgelak sortzeko. Hainbat kasutan ohiko postaren bidez helarazi zitzaizkien ariketak eta bestelako materialak eta telefono mugikorrak ematen dituen aukera guztiak ustiatu zituzten, deiak, mezuak eta argazkiak, besteak beste. «Itzela izan zen irakasle taldeak egindako lana eta txalotzekoa benetan ikasleek egindako ahalegina», esan du ikastetxeko zuzendariak. Oztopo guztien gainetik, ikasleen gehiengoak bere ibilbide akademikoarekin jarraitzeko aukera izan zuela baieztatu du Pascualek.

Konfinamendua arindu ahala, aurrez aurreko eskolak baimendu zituzten aurreko ikasturte amaieran. Irailaren 17an abiatuko dute 2020-2021 ikasturtea eta dena prest dute ikasleei ongi etorria emateko. «Osasuna bermatze aldera, Eusko Jaurlaritzak emandako aginduei jarraiki protokolo bat prestatu dugu: espazioen garbiketa eta aireztatzea, eskuen garbiketa, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta maskara ditu ardatz». Aurreko ikasturtean behar bezala landu ez ziren alor akademikoak izango dituzte irakasleek abiapuntu, eta era berean, trebakuntza jasoko dute irakasleek Informazio eta Komunikazio Teknologiek eskaintzen dituzten bestelako aukerei etekina ateratzeko».

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua eskuratzeko, bai Tolosan eta baita Villabonan ere goizeko eta arratsaldeko taldeak antolatuko dituzte. «Eskaintza bikoiztua edukitzeak aukera ematen die goiz eta arratsaldeko txandetan aritzen diren ikasleei eskolak ez galtzeko». Atzerritarrentzat gaztelania ikasteko eskaintza zabala egingo dute, Euskal Herrira iritsi berriak direnen profilak askotarikoak baitira, alfabetatu gabeak, goi mailako ikasketak dituztenak edota bestelako alfabeto batean irakurtzen eta idazten dakiten ikasleak daude. Bestalde euskara ikasteko bi talde osatuko dira, euskaraz aritzen ez dakitenentzat edo atzerritik datozenentzat. Unibertsitatera zein Goi Mailako Lanbide Heziketako zikloetara sarbidea ematen duen azterketa prestatzeko taldeak eta Historia, Filosofia, Ingelesa eta memoria lantzekoak antolatuko dira.

Aurreko ikasketak egiaztatzeko dokumentaziorik ez dagoenean, hasierako balorazio bat egiten du Tolosaldeko Helduen Heziketa Iraunkorreko irakasle taldeak, azterketa, elkarrizketa edota ikasturteko lehen asteetako behaketaren bidez. «Horrela norberarentzat ibilbidea zehazten dugu», esan du Pascualek. Kurtso bakoitzak lau hilabetetako iraupena du eta ikasketak arloka antolatzen dituzte. «Gurean 15 eskola ordu daude gehienez irailetik urtarrilera eta otsailetik ekainera».

IZEN EMATEAK

IRAILAREN 2tik 14ra

Tolosan, Igaralde kaleko 23. zenbakian, astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.

Villabonan, Errebote plazan, Udaltzaingoa eta udaletxearen artean, astearte eta asteazkenetan, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.

Ordutegiak eta eskaintza: www.cepatolosaldeahhi.hezkuntza.net helbidean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!