Sekulako denboraldia egin du TAK klubeko Tolosaldea traineruak, hirugarren ETE Liga nagusitasunez irabazi baitu: hamabi bandera zeuden jokoan eta horietatik bederatzi eskuratu ditu. Baina oraindik ez da denboraldia bukatu, ezta gutxiago ere. Bihar hitzordu garrantzitsua dute arraunlariek, Kontxako Bandera jokatzeko sailkapena baitago jokoan.
ETE Ligako azken bi estropadak egin dira asteburu honetan, biak Castron, baina dagoeneko liga irabazita zuen Tolosaldeak. Halere, berriro puntan ibili da, eta larunbatean bigarren egin bazuen, Ondarroa Cicautxo trainerutik segundo eskasera, igandekoan garaipena eskuratu zuen Hibaikari lau segundo ateraz. Hain justu, Hibaikak lortu du ligako bigarren postua, Zumaiarekin lehia estuan. Izan ere, sailkapenak erakusten du aurtengoan Tolosaldeak erakutsi duen nagusitasuna: 105 punturekin amaitu du liga, Hibaikak 78 puntu lortuz eta Zumaiak 77 puntu. Ondarroa Cicautxo ere bigarren postutik gertu ibili da 74 punturekin amaituz.
Izan ere, ETE Ligako lehen bi traineruak igoera faserako sailkatu dira. Eusko Tren Ligako Hondarribiarekin, azkena geratu dena, eta Galiziako Cabo da Cruz traineruarekin jokatuko dute Tolosaldeak eta Hibaikak igoera fasea. Irailaren 19an eta 20an izango da hori, eta irabazlea Eusko Tren Ligan ariko da datorren denboraldian.
Malen Oiarzabal arraunlariak aurreko astean TOLOSALDEKO ATARIA-ri azaldu zioenez, «inoiz baino hobeto dago taldea. Arraunketari beste puntu bat atera diogu aurten. Oso gustura gaude egindako lanarekin, eta baita lortutako emaitzekin ere. Aurrera begira igoera fasea dugu buruan eta irabazteko gogorik ez zaigu falta». Orain arte egindakoaren balorazioa «oso positiboa» dela azaldu zuen: «Ez dago bestelakoetarako tokirik. Joan den urteko arantza guztiak kendu ditugu aurtengoarekin. Oso azkar pasa da dena, oraindik ez dugu barneratu ia. Baina oso harro gaude egindakoarekin. Egoera berezia izan da, ospatzeko moduak ere aldatu egin dira segurtasun distantziak mantendu beharrarekin... Baina gure ingurukoen babesa berdin sentitu dugu».
SAILKATZE ESTROPADA
Kontxako Bandera jokatzeko beste aukera izango du Tolosaldeak. Orain bi urte lortu zuen, baina iazkoan ez zuen errepikatzeko aukera izan. Oraingoan aukera handiak ditu, ikusita ETE Ligan egin duen denboraldia, baina jakina da estropada bakarrean gauza asko gertatu daitezkeela.
Neurri bereziak hartu dituzte aurten Kontxako Banderako antolatzaileek, eta emakumezkoen sailkapen estropada bihar egingo da, 17:30ean hasita. Gizonezkoena ostegunean izango da, ordu berean. Emakumezkoen sailkatze estropada, ohi moduan, erlojuaren aurkakoa izango da eta bi talde egingo dira. Lehenengoan, A taldean, Donostia Arraun Lagunak, Hibaika, Hondarribia, Orio, San Juan, Tolosaldea, Zumaia eta Tiran Pereira ariko dira. B taldean, Cabo, Chapela, Isuntza, Lapurdi, Lutxana eta Ondarroa ariko dira. Deusto ere talde horretan parte hartzekoa zen, baina arraunlari batek positibo eman duenez PCR proban, traineruak ezin izango du parte hartu sailkatze estropadan.
Zortzi traineru ariko dira lehian Kontxako Banderan, iraileko lehen bi igandeetan, hau da, 6an eta 13an. Donostiarra traineruak bere lekua izaten du, etxeko traineru moduan, eta, beraz, 14 traineru ariko dira lehian zazpi postuetako bat eskuratzeko.
Patxi Frances Tolosaldea traineruko prestatzaileak Berria-ri azaldu zioenez, «ez dugu pentsatzen Kontxakoa prestatzeak kanporaketarako [igoera faserako] nekea eragingo digunik. Saiatuko gara sailkatze estropada ona egiten, eta badakigu egun hori berezia eta berdindua izaten dela. Kanporaketarako prestakuntzan ekarpenik onena Kontxan sartzea izango da. Talde gaztea dugu, eta ezin dugu ziurtatu kanporaketa egunean puntu-puntuan egongo direnik. Horregatik, egokiena da gozatzen segitu dezatela, konfiantza hartuz joateko. Hori izango da onena kanporaketarako».