Artolak eta Rezustak sendo jarraitzen dute lehen postuan

Ataria 2020ko abuztuaren 31

Argazkia: BAIKO

Alegiarrak eta bere bikoteak 19-22 irabazi diote Elezkano II.a eta Aretxabaletari Caixabank Masters txapelketako hamaikagarren jardunaldian. Altuna III-Imaz bikoak tanto batengatik galdu dute Olaizola II-Zabaletaren aurka, baina bigarren postuan jarraitzen dute.

Artolak eta Rezustak amaierara arte borrokatu behar izan zuten atzo CaixaBank Masterseko hamargarren puntua lortzeko. Elezkano II.a oso aktibo egon zen partida osoan zehar eta behin baino gehiagotan lortu zuen bikote urdina ezegonkortzea. Aretxabaletak aste batzuetako etenaldiaren ondoren ondo lagundu zion Zaratamoko aurrelariari. Azkenean, asko landutako puntua izan zen Artola-Rezustarentzat. 

Jokin Altunak eta Imaz bere atzelariak ezin izan zuten punturik lortu Olaizola II-Zabaletaren aurka larunbatean jokatutako partidan. Hori bai, aurreikusten zenaren mailakoa izan zen neurketa. Gorriak atzetik joan ziren partida osoan zehar, baina azken txanpan hobeto bukatu zituzten tantoak eta 22-21 irabazi zuten, aurka izan zuten 18-21eko markagailua iraulita. Garaipen horrekin, Olaizola II-Zabaletak Altuna III-Imaz harrapatu dituzte sailkapenean. Ligaxkaren amaieran berdinduta baleude, tanto aldea nafarrentzako izango da.

Gaur jokatuko den Urrutikoetxea-Irribarria eta P. Etxeberria-Albisu arteko partidaren faltan, horrela dago sailkapena:

1.Artola-Rezusta                          10-1
2. Altuna III-Imaz                        7-4
3. Olaizola II-Zabaleta                7-4
4. Bengoetxea VI-Martija           7-4
5. Ezkurdia-Aranguren               6-5
6. Jaka (P. Etxeberria)-Albisu   5-5
7. Elezkano II-Aretxabaleta       1-10
8. Urrutikoetxea-Irribarria       0-10

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!