ARGAZKI GALERIA

Gerrako materiala aurkitu dute, protagonistek bizi eta sufritu zutena ezagutaraziz

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abu. 28a, 19:59

Aranzadi Zientzia Elkartea indusketa lanak egiten aritu da udan Saseta Defentsa Sisteman, eta material ugari aurkitu dute. Beste urte batez, nahiz eta auzolandegiak ezin izan dituzten egin, Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek bultzatutako ikerketa lanak gauzatu ahal izan ditu Aranzadik.

Aranzadi Zientzia Elkartea udan lanean aritu da indusketak eginez, eta bertan aurkitutakoaren berri eman dute, Asteasun. Sasetako Defentsa Sistemako ikerketa lanak Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek bultzatu eta babesten dituzte, Gipuzkoa Foru Aldundiaren laguntzarekin. Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak hitz egin du lau herriren izenean. Ikerketa zuzentzen duen Julien Blanco arkeologoak eta Mañex Arrastoa arkeologoak eman dituzte egindako lanen azalpenak eta azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Ion Gambra giza eskubideen zuzendaria izan da. 

2013. urtean Adunako Udalak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak sortutako egitasmoa da Saseta Defentsa Sistema.  2014 eta 2018 urteetan, "gure bailaran, Azpeitiako komandantzian Kandido Sasetaren izenean, 1936. urteko altxamendu faxistaren aurrean sortu zen defentsa sistema hemen zela ikusita, beste herriok ere parte hartzea erabaki genuen egitasmo honetan", azaldu du Urruzola Zizurkilgo alkateak. Zazpi urte horietan herriz herri ibili dira Aranzadirekin batera; hitzaldiak, ibilaldiak, erakusketak... antolatuz, "gure historiaren zati hau gizarteari helarazten". 

Aurtengo osasun egoera dela eta, ezin izan dituzte auzolandegiak egin, baina indusketa lan batzuk edo lan arkeologiko batzuk egin zitezkeela ikusi zuten, eta horretan aritu dira. "Guretzat historia eta kultura moduan duen garrantzia ikusita hauspotzea erabaki genuen, eta ez gara batere damutzen hartutako erabakiarekin", gaineratu du Urruzolak. Lau udalen izenean "eskerrak eta zorionak" eman dizkiete Aranzadikoei "egiten duten lan guztiagatik".

Julien Blanco arkeologoak zuzentzen ditu Saseta Defentsa Sistemako lanak, eta aurten Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariak bakarrik aritu dira ikerketa lanetan. Hernio mendilerroko lurralde guztiaren azterketa sistematikoa egin dute Andoainera bitarte. Abuztuan zehar zundaketak lanak egin dituzte, eta gerra aztarna ugari dituzten hainbat lubaki aurkitu dituzte, "horrela, poliki-poliki lurraldean zer gertatu zen hobeto ulertzen goaz". 1936. urtean Gipuzkoa altxamendu militarraren aurka defenditzeko helburuz sortutako sistema da. Honela, errealitatea hobeto ulertzen laguntzen duten hainbat material aurkitu dituzte. Militarren eta artilleriaren aztarnak: balak, bala-zorroak, bala kargagailuak, obus zatiak... Gerraren hasierako garaia zenez, ez dutela material asko aurkitu argitu du Blancok. Horiez gain, eguneroko bizitzako materiala ere aurkitu dute, "oinetakoaren zorua, latak edota arropa" eta material horiekin "nola bizi ziren" ezagutu daiteke. Esku hartze horiekin fusileria elementu ugarik bi bandoren armamentua eta munizio hornidurarako zituzten zailtasunak erakusten dituztela ere argitu dute. Gainera, gerra konfrontazioekin eta defentsarekin lotuta egon daitezkeen gune ugari dokumentatu dituzte: lubakiak, metrailadore habiak,... 

Manex Arrastoa arkeologo zizurkildarrak, talde txikietan lan egiteko aukera izan dutela esan du, zundaketak eginez: "Auzolandegiak ezin izan ditugu egin egoera dela eta, baina gustura gaude egin ahal izan dugun lanarekin".

"Hurrengo urteetan antolatu daitezkeen auzolandegietarako informazio hobeago bat lortu dugu. Saseta Defentsa Sistema hobeto ulertzeko aukera eman digu, eta hurrengo urteetarako lanak interesgarriagoak eta probetxuzkoagoak izateko", gaineratu du Arrastoak. Urte guzti hauetan eta aurten ere proiektuaren aurrera jarraitzeagatik "eskerrak" eman dizkie Arrastoak, bai lau udalei eta baita foru aldundiari ere. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ion Gambrak lau udal txikien lana eskertu eta baloratu du: "Urtez urte aurrekontuan jarri, eta memoria historikoari honelako ekarpen egitea nahikoa kostatzen da, eta eskerrak proiektu honi jarraipena emateagatik". Bere aldetik, proiektuarekin jarraitzen duten bitartean aldundia ere laguntzeko prest izango dutela esan die Gambrak. Eta Aranzadi Zientzia Elkarteari ere errekonozimendua egin nahi izan dio, memoria historikoaren lanketan duen ibilbide luzea aipatuz. "Gure historiaren zati handi bat ezagutarazi digute. Batzuetan isildua, ahaztua edota Frankismoa arduratu zen historia ofizial bat eraikitzen, eta hainbat pasarte ezkutuan egon dira. Beldurrarengatik isilaraziak ere bai. Azken urteetan esango nuke Gipuzkoa erreferente bilakatu dugula memoria historikoaren ikerketan".

Azkenik, Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkariak azpimarra jarri nahi izan du: "Herniotik kostaraino 50 lekutik gora aztertu dituzte, eta aurten, lehen aldiz, bi tokitan material asko aurkitu dute".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!