Bi estropada jokatzeko falta diren arren, matematikoki, liga irabazi duzue. Zer sentitzen da?
Oraindik ez dugu sinisten, oso azkar pasa zaigu dena. Estropadaz estropada lan egitean zentratu gara gu eta, horrela, ohartzerako gertatu da guztia. Hala ere, liga borobiltzeko, geratzen diren estropada horietan ere gure onena emango dugu.
Sailkapeneko bigarrenarekin hogei puntu baino gehiagoko errenta egin duzue. Nola lortzen da hori?
Aurretik lan handia egin dugu; eta konfinamenduan, are eta lan gehiago egin dugu. Baina ez da lana bakarrik, taldean oso giro ona daukagu. Azkenean, arraun taldea izateaz gain, lagun taldea ere sortu dugu eta horrek eragin handia du. Horrez gain, entrenatzailearekin konfiantza osoa dugu, eta baita berak gurekiko ere.
Garaipen horiek bilduta, zein da taldeko giroa?
Inoiz baino hobeto dago taldea. Arraunketari beste puntu bat atera diogu aurten. Oso gustura gaude egindako lanarekin, eta baita lortutako emaitzekin ere. Aurrera begira playoffak ditugu buruan eta irabazteko gogorik ez zaigu falta.
Orain arte egindako liga nola baloratuko zenuke?
Balorazioa oso positiboa da, ez dago bestelakoetarako tokirik. Joan den urteko arantza guztiak kendu ditugu aurtengoarekin. Oso azkar pasa da dena, oraindik ez dugu barneratu ia. Baina oso harro gaude egindakoarekin. Egoera berezia izan da, ospatzeko moduak ere aldatu egin dira segurtasun distantziak mantendu beharrarekin... Baina gure ingurukoen babesa berdin sentitu dugu.
ETE Liga irabazita, Euskotren ligara igotzeko aukera daukazue.
Playoffak irailaren 19an eta 20an jokatuko ditugu. Lau talde arituko gara norgehiagokan: ETE Ligako lehen bi sailkatuak, hau da, lehen postuan gu eta, bigarrenean, Hibaika edo Zumaia (momentuz, berdinduta daude); Euskotren ligako sailkapenean azkena geratzen dena, kasu honetan, Hondarribia; eta, aurten, laugarren taldea Galiziatik dator. Lau taldeen artean bi estropada egingo ditugu, bat Bermeon eta Portugaleten, bestea. Horiek irabazten dituenak postua edukiko luke Euskotren Ligan.
Playoffetara begira, nola ikusten duzu taldea?
Taldea kontzentratuta ikusten dut. Egia da Euskotren Liga hitz handiak direla. Azkenean, oso talde gaztea gara eta lana egin beharko dugu. Baina, gogotsu gaude eta gure aukera guztiengatik borroka egitera joango gara. Ez daukagu ezer galtzeko, eta dena dugu irabazteko. Playoffa jokatzea bera ligan egin dugun lanarekin lortutako saria da. Zer gertatzen den ikusiko dugu, baina gu gozatzera eta gure lana egitera joango gara.
Liga amaituta, Kontxako Bandera da hurrengo txapelketa. Zein aurreikuspen dituzue?
Sailkatze fasea erlojupekoa da. Modalitate horretan ontzi batetik bestera distantziak txikitu egiten dira. Gure postua lortzea izango da helburua, eta behin barruan egonda, ahalik eta onena egin eta gure maila erakustera joango gara. Baina beno, lehen helburua sartzea da, eta hortik aurrera ikusiko dugu [Kontxako Banderako sailkatze proba irailaren 2an izango da].