Erandioko ikurrina eta liga, eskualdera

Aitor Arroyo Askarai 2020ko abu. 24a, 17:00

Taldeko arraunlariak, atzo, Erandioko ikurrinarekin. Argazkia: @TAK_arraun

Asteburu borobila izan da Tolosaldeako Arraun Klubarentzat. Larunbatean Bilboko ikurrina lortu zuten eta, atzo, Erandiokoa ere eskuratu zuten. Txapelketa amaitzeko bi estropada falta badira ere, lortutako puntuekin, matematikoki, ligako txapelduna da Tolosaldea. 

Asteburuan jokatu diren bi estropadatatik, bietan azkarrena izan da TAK. Lehen proba larunbatean jokatu zen, Bilbon. 10:55,05 denborarekin, helmugara iritsi zen lehen taldea izan zen Tolosaldea. Hurrenez hurren iritsi ziren Hibaika eta Ondarroa Cikautxo. 

Atzo, berriz, Getxon izan zen estropada. Erandioko ikurrina lortzeko lehiatu ziren taldeak. Berriz ere norgehiagokako onena izatea lortu zuten Tolosaldeakoek: ziaboga 5:50 denborarekin egin zuten eta, helmugara iristean 11:12,53 minutuan geratu zuten ordularia. Deusto taldea, bost segundo beranduago iritsi zen, bigarren postuan; Hibaika izan zen hirugarren onena, bigarrena baino segundo bat beranduago. 

ETE Liga amaitzeko bi estropada falta dira oraindik, baina, Tolosaldeak asteburuan bildu dituen puntuekin, matematikoki ligako txapelduna da. Hau da, sailkapen orokorrean bigarren postuan dagoen taldeak hurrengo bi estropadak irabaziko balitu ere, TAK izango litzateke ligako irabazlea, bi postuak banatzen dituen puntu errentagatik. 

ETE Ligako sailkapen orokorra:

1. Tolosaldea: 88 puntu

2. Hibaika: 64 puntu

3. Zumaia: 64 puntu

4. Deusto: 58 puntu

5. Ondarroa Cikautxo: 58 puntu

6. San Juan: 51 puntu

7. Isuntza: 31 puntu

8. Lutxana: 25 puntu

9. Lapurdi: 10 puntu

Datorren asteburuko bi estropadak Castro Urdialesen (Kantabria) izango dira. Bana larunbatean (hilak 29) eta igandean (hilak 30). 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!