Eskualdeko bi kirolari arituko dira III. Euskal Pentatloian

Aitor Arroyo Askarai 2020ko abuztuaren 25a

Arria V.a Tolosan jokatu zen binakako pentatloi txapelketan, joan den uztailean.

Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Iñaki Errazkinek hartuko dute parte pentatloian. Norgehiagoka Azpeitiko zezen plazan izango da, irailaren 5ean, arratsaldeko seietan. 

III. Euskal Pentatloi saria Azpeitian jokatuko da eta lehiakideen artean, eskualdeko bi kirolari arituko dira: Xabier Orbegozo Arria V.a, Ibarran bizi den errezildarra; eta Iñaki Errazkin tolosarra. Irailaren 5ean, aurrez aurre izango dituzte beste hamalau lehiakide. Norgehiagoka arratsaldeko seietan hasiko da, Azpeitiko zezen plazan. 

Pentatloia, guztira, bost probak osatzen dute eta bakoitzean erronka ezberdin bati egin beharko diote aurre: harriarekin, 100 kiloko bola hamar aldiz jaso beharko dute; giza proban, plaza bateko joan etorria bete beharko dute; aizkoran, 54 ontzako eta 45 ontzako enbor bana moztu beharko dituzte; txingekin, hiru plaza egin beharko dituzte eta korrika, kilometro bat egin beharko dute. 

Urtebete atzera

Iaz ere Azpeitian jokatu zuten Euskal Pentatloi saria. Txanda hartan Joseba Otaegi zizurkildarrak bigarren postua eskuratu zuen, eta Arria V.a hirugarrena izan zen. Irabazlea Xabier Zaldua izan zen, jarraian, bigarren urtez. 

Besteak beste, irailaren 5eko lehian izango dira joan den urteko irabazlea eta baita Arria V.a ere. Otaegik, ordea, ez du parte hartuko aurten. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!