Mendian, bertakoa baloratzen irakatsiz

Gaztaren ibilbidearen hirugarren etapa amaitu ostean hitz egin du Josu Iztuetak 'Tolosaldeko Ataria'-rekin. Ibilbidearen erdia eginda Arantzazura iritsi ziren, atzo, eta bertan lo egiteko. Aralarko eta Aizkorriko parke naturalak, artzaintza eta gaztarekin lotzen dute ibilbidea, baina baita industrializazioarekin, errotekin, hizkuntzarekin...  

Bosgarren aldiz ari dira egiten Gaztaren ibilbidea Iker Iriarte alegiarra eta Josu Iztueta tolosarra, Mikel Plazas berastegiarra lagun dutela. Iriarte eta Iztuetak egiten dituzte gidari lanak, eta Plazasek, besteak beste, autoarekin laguntzen die gauzak garraiatzen posible den etapetan. Sei etapako ibilbidea da Gaztarena. Ordizian hasten dute, eta Zerainen pasatzen dute lehen gaua. Zeraindik Brinkolara; Brinkolatik Arantzazura; Arantzazutik Etzegaratera, eta azken gaua Zaldibian egiten dute. Sei egun eta bost gau. Gaur, Arantzazutik Urbiatik barrena, Etzegaratera iritsiko dira.

Nairobitarrak eta Zumardia elkarteak elkarlanean koordinatuta egin dituzte ibilaldiak. Gazteekin hiru izan dira egin dituzten ibilaldiak, eta helduekin bigarrena egiten ari dira. Hauez gain, Aralarko ibilbidea ere egina dute, bost etapatan. Eta hiru etapetan egitekoa ere badute, Hernioren gerri bueltakoa, Urkizun hasi eta bukatuz. Azken hau, abuztuaren azken asteburuan eginez emango diote beren udako eskaintzari amaiera. Tarteko astean, atseden hartzea erabaki dute.

09:30ak aldera hasten dituzte etapak, eta bidean aurkitutako herritarrekin hitz egiteko tartea hartzen dute. Historia, hizkuntza eta kulturaren gaineko informazioa kontatzen diete taldeko partaideei, eta gazteekin egindako ibilbideetan "etsigarria" suertatu zaie: "Badakigu 12, 13 edo 14 urteko gazteek zein lehentasun dituzten edota zer interesatzen zaizkien, eta historiaren zati baten kontaketan edo paisaiaren interpretazioaren aurrean lekuak ezagutzeko aukera izanda, nola burua beste toki batean duten ikusteak pena ematen digu", dio Iztuetak. Helduen, kasuan, ezberdina gertatu zaie: "Jendearen intereseko zerbait kontatzen duzu, eta jendeak gogoa jartzen du jakiteko; non dabilen eta zer dagoen lekuan".

"Paisaia benetan ikusgarria dugu"

Mendia, gaur egun, atletismo pista moduko zerbait bihurtzen ari dela dio Iztuetak. "Jendeari berdin zaio nondik pasatzen den. Gure ikuspegitik, garrantzitsuena bidean sortu dezakegun edukia da. Bai, gu ere alde batetik bestera goaz, baina ezezagun diren auzo eta txokoak ezagutzera eman nahi ditugu ibilbide hauekin". Gauzak kontatzen eta dakitena azaltzen saiatzen dira etapa bakoitzean. Baita jendearekin hitz egiten, eta bidean zehar, geldialdiak ere egiten dituzte gauzak ikusteko. Arantzazun, esaterako, Artzain eskola bisitatu dute.

Gau bakoitza ere bizipen ezberdin bat izaten da mendizaleentzat. Eguraldia aldeko izan dute gehienean uda honetan, eta izarrei begira lo egiteko aukerak izan dituzte oihalezko etxolak lagun. "Aire libre zaleak garak, eta horrek taldea gehiago kohesionatzen du", azpimarratzen du Iztuetak. Taldean izan dute, "hogei urtean lurrean lo egin ez duenik ere".

Helduen taldean, bataz beste, 50 urtetik gorakoak izan direla dio. Emakumeak asko eta bikoteren bat ere bai. Gehiengoak gipuzkoarrak, baina baita bizkaitarrak eta nafarrak ere.

Kanpoan asko ibilitakoak dira bai Iriarte eta baita Iztueta ere, baina ondo ezagutzen dute Euskal Herria. "Inguruko paisaia benetan baloratzen dut, eta maitatzen dut", nabarmentzen du Iztuetak. Martxoan zer zetorren ikusita, hemen zer egin zezaketen prestatzen hasi ziren. Horrela sortu zituzten ibilbide hauek: "Gure herrian ibiltzea bertako jendeari geurea erakutsiz, eta geurea baloratzen irakastea garrantzitsua dela pentsatuz". Ez dute damurik hartutako erabakiarekin. "Geu ere gauza berriak aurkitzen ari gara", dio Iztuetak, eta argi uzten du: "Izugarrizko herrialdea dugu, izugarrizko parajeak ditugu distantzia txikian: baso, pagadi, harkaitz, erreka, ur salto,... paisaia benetan ikusgarria dugu".

"Guk ez genuen Covid-19aren beharrik honetaz konturatzeko", gehitzen du, baina "inguruko jendearekin hemen paseatu ahal izatea pribilegio handi bat izaten ari da", esanez amaitzen du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!