Martxan da Burgosko itzulia

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uzt. 29a, 10:00

Atzo jokatu zen lasterketako lehen etapa eta larunbatean amaituko da. Burgosko itzuliak bost etapa ditu, guztira, eta bertan lehiatzen ari da Jon Irisarri, Caja Rural taldeko leaburuarra.

Felix Grobschartner izan zen azkarrena atzo, eta helmugaratu zen lehen euskalduna Alex Aranburu izan zen, sailkapen orokorrean, laugarren postuan. Jon Aberasturi, Irisarriren taldekidea, berriz, zazpigarren postuan iritsi da. 

Txirrindulari leaburuarra gustura geratu da atzo egindako lanarekin. Bere egitekoa taldekideak babestu eta haiei postu on bat ziurtatzea zela nabarmendu du, eta hori lortu egin duelakoan dago. Fisikoki espero baino hobeto sentitu dela ere azaldu du. Hasiera "gogor xamarra" izan dela, baina gero erritmoa "berehala" hartu duela kontatu du: "Lehen karrera honetara maila onean iritsi naiz fisikoki. Gorputzak uste baino hobeto erantzun dit, eta horrek lasaitasun handia eman dit". 

Lehen mailako 14 taldek hartu dute parte aurten (aurreko urteetan baino gehiago). Horrek lasterketaren maila handitu egiten duela ere azaldu du Irisarrik, baina aldi berean, motibazioa ere handitu egiten omen da, "momentuko txirrindulari onenekin" lehiatzeko aukera bat dela eta. 

Gaurko etaparen inguruan, atzokoaren antzekoa izango dela aurreikusi du eskualdeko txirrindulariak. Atzo haize handia izan zuten, eta hainbat eroriko egon ziren lasterketan; horietako batek Aberasturi harrapatu zuen. Bide horretatik, tentsio handiko karrera izango dela uste du Irisarrik, eta garrantzitsua izango dela lasterketa amaierara begira, taldekideentzat "esprint garbi bat" edukitzea. 

Jon Irisarrirentzat, izatez, konfinamendu osteko bigarren lasterketa beharko luke honek, aurretik, Portugalgo Torres Vedraseko lasterketa jokatu behar baitzuen. Lasterketa hori, ordea, bertan behera geratu zen, antolatzaileetako batek Covid-19an positibo eman zuela eta. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!