Hiru garaipen eta porrot bat

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uzt. 27a, 11:00

Asteburuan lau partida jokatu dituzte, guztira, eskualdeko pilotariek. Hiru garaipenekin eta porrot batekin amaitu da jardunaldia.

Asteburuko lehen partida ostiralean izan zen: Peña II.a eta Erasun aritu ziren Zabala eta Ruizen aurka. Eskualdeko bikotea partida hasieran aurreratu zen eta amaierara arte nagusi izan zen kantxan. 22 eta 13 hartu zituzten mendean errioxarrak. Garaipen horrekin promozioko bikote txapelketako finalerako sailkatu dira Peña II.a eta Erasun. Abuztuaren 1ean jokatuko dute finala eta Agirre eta Eskiroz izango dituzte aurrez aurre.

Beraien ostean, frontoi berean Artolak eta Rezustak jokatu zuten Elezkano II.aren eta Aretxabaletaren kontra. Hasieran parez pare ibili baziren ere, aurrea hartzea lortu zuten Artolak eta Rezustak. Azkenean, garaipen sendo bat osatu zuten eta 22 eta 12 tantorekin itxi zuten markagailua. 

Larunbat gauean jokatu zen asteburuko hurrengo norgehiagoka. Iruñeako Labrit frontoian Olaizola II.a eta Zabaleta aritu ziren Altuna II.aren eta Imazen aurka. Lehia bizian aritu ziren bi bikoteak, baina azkenean Olaizola II.a eta Zabaleta gailendu ziren 22 eta 19 tantorekin.

Jokatzen azkenak Jaka eta Albisu izan ziren, Urrutikoetxea eta Irribarriaren aurka neurtu zituzten indarrak igande arratsaldean, Zarautzen. 22 eta 9 tantoko markagailuarekin, Jaka eta Albisuk garaipen sendoa osatu eta amaiera biribila eman zioten asteburuari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!