Finala jokatuko dute Peña II.ak eta Erasunek

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uztailaren 25a

Ostiral iluntzean jokatu zuten finalerdia Zabalaren eta Ruizen aurka; 22 eta 13 gailendu zen eskualdeko bikotea.

Promoziozko binakako txapelketako finalerako txartela eskuratu zuten Peña II.ak eta Erasunek bart; Medranon (Errioxa) jokatu zuten partida. Norgehiagoka hasi eta berehala aurretik jarri zen tolosaldeko bikotea, eta horrela eutsi zioten amaierara arte. 

Bikain aritu ziren biak ala biak, Jon Ander Peñak hamabi tanto egitea lortu zuen, eta Jon Erasunek, berriz, bi besterik ez zituen galdu. Partidako errentarik handiena bukaeran lortu zuten: hamar tantoko aldearekin atera zuen azken sakea aurrelari tolosarrak (21 eta 11). 

Garaipen horrekin batera, finala jokatzeko txartela eskuratu zuten. Txapelketako azken partida abuztuaren 1ean izango da, eta Agirre eta Eskiroz izango dituzte aurrez aurre. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!