Epailearen aurrean bi aldeak elkartu dira, hau da, Acus elkartea eta administrazioaren letratua. De Miguelek Eusko Jaurlaritza gogor salatu du saio horretan gertatua ikusi ondoren: "Ez dute inongo dokumentaziorik ekarri. Ez dute inongo justifikaziorik ekarri, ez eta inongo bermerik. Espero dugu Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi gorenak gure aldeko erabakia hartzea, eta onartzea, hau izugarrikeria bat dela; inongo justifikaziorik ez duen herritarrekiko abusu bat".
Luis De Miguel Ortegak jakinarazi duenez, epaitegiko saio horretan gertatu dena publiko egingo dute ondoren egunetan: "Bideoa zabalduko dugu bere osotasunean, herritarrek ikus dezaten zein argudio jarri diren mahai gainean. Aldi berean, agerian geratzea nahi dugu administrazioaren argumentazioen maila nolakoa den. Musukoaren erabilera justifikatzeko ez dute inolako dokumenturik aurkeztu, eta osasunagatik erabili ezin dutenak, edo erabili beharko ez luketen herritarrak mespretsatu dituzte. Espero dugu zuzenbide estatua itzultzea, gutxienez Euskal Herrira, eta epaitegiak onartzea Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dien baino berme altuagoa merezi dutela euskaldunek".